Laso eta Albisu ez daude txantxetarako
Partida hasiera gogor eta luze baten ostean, Baikoko bikoteak tantoak azkarrago eta hainbeste lan egin beharrik gabe amaitzen asmatu du: 0-6ko partzial batekin (6-11) hasi dira urdinak aldeak handitzen bosgarren garaipena lortu eta lidergoan sendotzeko.

Binakako Txapelketak seigarren jardunaldi ikusgarria utzi digu. Abenduaren 28a Inozente Eguna izanda, atzoko Ogetako partida ere halakoxea izan zela esaten badugu, ez ezazue pentsatu txantxetan ari garenik. Emaitza ikusita, badirudi Lasok eta Albisuk nahi baino errazago irabazi zutela, baina ez zen hala izan. Neurketako lehen heren gogor eta luze baten ostean, non Ezkurdiak airez zein botez oso defentsa ona erakutsi zuen atzeko koadroetan, urdinak aldea irekitzen eta gorriei benetan min egiten hasi ziren. Hasierako intentsitate bortitzari hobeto eutsi eta aurtengo bosgarren garaipena erdietsi zuten, are eta liderrago jarraitzeko.
Ogeta goraino bete zen, eta ez zen gutxiagorako. Gaur egun pilota munduan dauden aurrelaririk onenetarikoak aritu ziren aurrez aurre: Jokin Altuna eta Unai Laso. Gainera, atzean, indar handiko bi pilotari zeuden: Joseba Ezkurdia -aurrelaria berez baina atzelari lanetan txapelketa honetan- eta Jon Ander Albisu. Hori gutxi balitz, Gasteizkoa bezalako pilotaleku bat jotzaileen maila neurtzeko berezia izanik, ikusmin handia zegoen bi bizkartzainek nola erantzungo zuten ikusteko.
Norgehiagokaren hasiera oso gogorra izan zen, eta 2-1ekoa horren erakusle: 77 pilotakadako tanto nekagarria Lasoren huts batekin amaitu zen. Hurrengo kintzeak ere luzeak eta itogarriak izan ziren. Gorriek zertxobait hobeto hasi zuten neurketa. Altunak edozein momentutan erritmoa aldatzeko abilezia duela erakutsi zuen bitartean, Ezkurdia bikain defendatu zen atzean; gainera, aurrean bi baten kontra aritzeko kapaz den bikotea dela erakutsi zuten biek. Izan ere, Arbizuko pilotariak bi aldiz pentsatzen ez duenez aurreratzeko, aurreko koadroetan nagusitasuna lortzen dute askotan. Gauzak horrela, 3-1 aurreratu ziren gorriak.
Urdinak, baina, ez ziren denbora pasatzera joan Gasteizera eta bikain eutsi zioten aurkarien erritmoari, euren aukera izango zutela baitzekiten. Eta baita iritsi ere! Kostata, baina azkenean Albisuk atzean tantoa egitea lortu zuen 6-5ekoan. Ezkurdiak pilota onera eramaterik izan ez zuenean atzelari ataundarrak egindako amorru keinua argigarria izan zen oso.
Hor hasi zen urdinen gorakada. Izan ere, jokaldi horrek indarra eman zien eta Lasok ez zuen aukera galdu. Sake-errematean, eskuin boleaz, atzean, sakez, denetariko baliabideak erakutsi zituen nafarrak tanto azkarrak egiteko, eta, partida hasierako gogortasunetik zertxobait errekuperatzeko baliatu zuten urdinek.
BESTE MARTXA BAT
Tarte horretan urdinek egindako 0-6ko partzialarekin lehia apurtzen hasi zen. Gorriek atsedena eskatu behar izan zuten, baina urdinek seigarren martxa jarrita zuten jada. Ez bakarrik Laso, Albisu ere tantoak egiten hasi zen. Aipatzekoak dira gipuzkoarrak jarraian egin zituen bi, 7-12koa eta 7-13koa. Lehendabizikoa izan zen bietan azpimarragarriena, denak hartu baitzituen ezustean, aurkariak, zaleak eta baita bikotekidea ere. Hori gutxi ez eta Albisuk atzera bidalitako pilotakada batekin 7-14koa egin zuten Baikokoek. Ezkurdia ezinean zebilen atzeko koadroetan, ezin zituen jada pilotakadak hain erraz eraman; eta Altunak aukera gutxi zituen aurrean.
Urdinak 7-18 ere joan ziren aurretik. Inork ez zuen dudan jartzen Laso-Albisuren garaipena oso gertu zegoela, baina Altuna III.ak egindako bi tanto ikusgarri ikusteko aukera ere izan zuten pilotazaleek. 9-18koan, ezker gantxo zitala egin zuen Buruz Buruko txapeldunak, eta 10-21ekoan partidako tantorik politena sinatu zuen: salto egin eta ezker airez txokoan goxo utzi zuen pilota. Baina amaiera mingotsa izan zen gorrientzat, bereziki Altunarentzat, bere huts batekin amaitu baitzen norgehiagoka. Inor ez zegoen txantxetarako.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
