GARA
IRUÑEA

Javi Galan: «Osasunak eta nik identitate bera dugu»

Jardunaldi sutsua izan zuen atzo Javi Galan Osasunako jokalari berriak. Goizean taldekide berriekin entrenamendua egin zuen Taxoaren, eta arratsaldean klubak ezker hegalekoa Sadarren aurkeztu zuen.

Jokalariak oso argi utzi zuen «identitateagatik eta jokatzeko moduagatik» aukeratu duela Osasuna. «Asko sufritu dut. Klubaren inguruan dagoen guztia asko gustatzen zait», gehitu zuen.

Javi Galanena ez da aurpegi berria Ligan, ezta euskal taldeetan ere. Realeko jokalaria izan zen. Donostian ezker hegalean jokatu zuen, eta orain badaki lehiakortasuna dagoela postu guztietan. «Lauko lerroan edo bostekoan joka dezaket. Bietan gustura nago eta bietara egokitu naiteke arazorik gabe».

Iruñera etortzeko pausoa ematera Alessio Lisci prestatzaile italiarrak bultzatu zuen. «Klub batera etorri baino lehen jakin nahi duzu ze asmo duten zurekin. Liscik oso sentsazio onak transmititu zizkidan», azpimarratu zuen Galanek.

LAN LERROAK

Bestalde, Braulio Vazquez kirol zuzendariak onartu zuen Herrandoren kontratua berritzetik «oso gertu» daudela; «baina aspalditik», gaineratu zuen.

Kontratua amaitzen zaienen artean, «Rubenen kasua jokatzen dituen partiden araberakoa da. Kike Barjarekin aurrerago hitz egitea adostu dugu eta Juan Cruzen gaia ere hor dago. Urtarrilean edo otsailean beraiekin lasaiago hitz egiteko aukera izango dugu», adierazi zuen Brauliok. Hori bai, ez zuen baztertu merkatuan «etorkizunerako» norbait fitxatzea.