«Gernikako Nazioen Ligan txinparta bat piztu zen»
Euskal Herriaren historiako liburuetan, eta, zehatz-mehatz, euskal kirolaren historiaren barruan, lekua hartu du 2025ak. Herri baten nahia, desioa eta ametsa egia bilakatu zen ekainean Gernikan; bertan Euskal Selekzioak aurrenekoz Nazioarteko Federazioaren txapelketa batean parte hartu zuen. 2026ko Munduko Kopa prestatzen ari dira dagoeneko.

2025ean aspaldiko ametsa bete zuen Euskadiko Pilota Federazioak: euskal koloreak ordezkatzea modu ofizialean nazioarteko txapelketan. Nazioarteko Pilota Federazioak Euskal Selekzioaren ofizialtasuna onartu berritan hartu zuen kargua Joxemari Mitxelenak (Oiartzun, 1958) urtarrilean. Hamabost urterekin hasi zen txapelketak antolatzen bere herrian eta Gipuzkoako txapela hirutan bereganatu zuen.
Mugarritzat jo du agurtzear gauden urtea. Dena den, oztopoz jositako bidea zeharkatu du Euskal Selekzioak puntu honetaraino iristeko. Garai historikoa errepasatzeko asmoz, GARArekin elkartu da Mitxelena.
Esku pilotak zure bizitzaren parte handi bat hartu du txikitatik. 2025a hunkigarria izan da zuretzat, ezta?
Bai. Lan handia exijitu digu urteak. Oso denbora gutxian gauza asko egitea egokitu zaigu; gainera, kasu askotan, estreinakoz egin behar izan ditugu. 2024ko abenduaren 28an ofizialtasuna eman ziguten eta 2025ean parte hartzeko aukera genuen selekzio ofizial bezala lehiatzeko, baina ez zegoen aurreikusita gauzak antolatzeko behar beste diru. Dena den, ilusio eta gogo handiz lan egin dugu, ikusten baikenuen garai historiko batean bizi ginela eta nahitaez egin behar genuela aurrera.
Gainera, txapelketa nagusiak antolatzea egokitu zaizue.
Hala da. Jokatzeak lan handia eskatzen du, baina antolatzeak are gehiago. Mila detaile ditu txapelketa batek eta ez genuen esperientzia handirik. Saiatu gara ahalik eta ondoen egiten, eta besteek esan beharko lukete, baina itxura aldetik irudi ona eman dugulakoan nago.
Urte askoko borrokaren ostean, aspaldiko ametsa bete duzue aurten. Euskal Herriaren historiako liburuetan eta, zehatz-mehatz, euskal kirolaren barruan atal historikoa hartu du 2025ak, ezta?
Nik esango nuke baietz. Pentsatzen dut euskal kirolaren historian lekua hartu dugula. Azken finean, ofizialtasuna jasotzen lehenak izan gara. Aurrera begira, espero dugu gu bakarrik ez geratzea eta beste kiroletan ere lortzea.
Ofizialtasunaren aldarria berriz ere aktibatzea lortu duzue esku pilotan. Futbolean ere San Mames bete egin zen lehen aldiz Euskal Selekzioaren partida batean. 2025a mugarri izan ote da?
Ekainaren hasieran Gernikan antolatu genuen Nazioen Ligako txapelketan txinparta bat piztu zen. Gero, futbolak eragin askoz handiagoa dauka eta indartu egin zen txinparta hori. Poliki-poliki beste kiroletan areagotzen joango da.
Ez da erronka makala izan puntu honetaraino iristea.
Pertsonen, elkarteen eta instituzioen lan handiari esker heldu gara hona, eta herria egon da beti gure atzetik babesten, laguntzen eta bultzatzen. Guk egin dugu tren baten lokomotor lana, baina atzetik bagenituen bagoi inportante ugari. Aitzitik, egia esan, ordenagailu bat izango bagina, esango nizuke hacker askorekin topo egin dugula ibilbide honetan. Oraindik oztopo ugari jartzen dizkigute eta gu saiatzen ari gara antibirus bat egiten haien aurka.
Xavier Cazaubon Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidenteak txapelketaren aurkezpenean esan zuen «Euskadiren falta sumatu» zutela.
Haren bultzada sentitu nuen. Beste herrialdeak ere gurekin dauden seinale da hori; batez ere frantziar, argentinar eta mexikar federazioen bultzada nabaritu dugu. Mundua gure alde dagoela sumatu dugu aurten.
Haatik, Espainiako eta Kubako euskal pilota federazioek Kirola Arbitratzeko Epaitegira (TAS) jo zuten Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren prozedura bertan behera uzteko. Mingarria izango zen hori.
Espainiako Federazioak salatu zuen abenduaren 28an egindako asanblea horretan irregulartasunak egon zirela, baina bilera horretan gu ez geunden, ez gintuzten gonbidatu. Ez dituzte onartzen gure eskubideak, ez dute onartzen guk aukera dugula herrialde gisa lehiatzeko. Ezin dute ikusi.
Kubako Federazioak amore eman zuen. Espainiakoak, ordea, salaketarekin aurrera egin du. Ez zarete nekatzen oztopoak jasotzeaz?
Kubako Federazioak helegitea erretiratzean, Espainiakoak ere aukera izan zuen, baina ezetz esan zuen. Denbora asko eta esfortzu handia eskaini diogu geure burua defendatzeari, beste gauza batzuetan inbertitu beharrean. Horrez gain, Kirola Arbitratzeko Epaitegia pribatua da, futbolerako prestatuta eta futboleko tarifekin. Hortaz, badu kostu altu bat eta pilotan eta kantxetan dirua gastatu beharrean, epaitegietan uzten ari gara dirua.
Dena den, Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko presidente Jose Manuel Rodriguez Uribesek aitortu zuen euskal selekzioa lehia daitekeela Nazioarteko Pilota Federazioaren txapelketetan. Nolako harremana duzue harekin?
Hiru aldiz elkartu gara eta harremana oso ona izan da une oro. Legeak ahalbidetzen zigun Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan sartzea, Kirol Legearen 48.2 artikuluari esker. Baina Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren baimena behar genuen, eta hori lortu genuen. Arazoa da Espainiako Federazioak ez zuela bat egin, eta helegite bat aurkeztu zuen, bere gainetik dagoen erakunde batek hartutako erabakiaren aurka.
Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) atzeratu egin du auzia hirugarrenez, baina urtarrilaren 30a baino lehen hartu behar du erabakia. Zer espero duzue?
Eszeptismoa eta ziurgabetasuna da nagusi. Pazientzia eta itxarotea besterik ez zaigu geratzen. Gure nahia da erabakia gehiago ez atzeratzea, baina ez dago gure esku.
Ziur zaudete, beraz, euskal selekzioak Munduko Txapelketan parte hartuko duela?
Bai. Urrian Argentinan egongo gara eta prestatzen hasi gara jada. Aurten Euskal Selekzio ofizialarekin parte hartu dute lehenengo aldiz; 80 pilotaritik gora eta 14 hautatzaile behar izan ditugu. Hamar hilabete geratzen dira eta hasi behar gara aurreaukeraketak egiten ahalik eta selekziorik onena eramateko. Oraingo honetan egia da ez garela zerotik hasten; badugu jada ibilbide bat egina.
Jai Alai frontoian bertso bat bota zenuen eta gogoan izan zenituen euskal selekzioan falta diren herrialdeak: Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Posible izango da zazpi herrialdeetako selekzioa?
Sartzen ari dira dagoeneko pilotari nafarrak, baina baldintza batzuk bete behar dituzte: Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan hiru urtez erroldaturik egon izana eta espainiar nazionalitatea izatea. Esate baterako, pilotari askok ikasketak EAEko lurraldeetan egin dituzte, eta, beraz, errolduta egon dira hiru urtez. Atea irekita dago baina, azken finean, nahia eta borondatea erakutsi behar dute.
Urtarrilean urte bat beteko da lehendakari izendatu zintuztenetik. Nola baloratzen duzu lehen urtea?
Lan handia egin dugu federaziotik. Gehienek musu-truk lan egiten dute gurekin, eta ordu pila bat sartu dituzte. Trena bizitzan behin bakarrik pasatzen dela esan ohi da eta guk aukera baliatu dugu, txapelketak antolatzeko eta askotan parte hartzeko.
Zein da 2025eko oroitzapenik goxoena?
Gernikan bizitako bat ziur. Aurrenekoz antolatzen eta jokatzen genuen txapelketa eta oso hunkigarria izan zen. Aurkezpen ekitaldiarekin eta lehenengo partidekin geratzen naiz.
Zer eskatuko zenioke 2026. urteari?
Paper ona egitea Argentinako munduko txapelketan eta kirol honetan egin beharreko aldaketa batzuei ekitea. Aldaketa horiek egin nahi ditugu esku pilota maite dugulako eta indartu nahi dugulako.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
