Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Baldintzapeko gorputza

Mundu osoko legeetan jasotzen dira gorputza babesteko xedapenak, pertsona baten osotasun fisikoa oinarri-oinarrizkoa izanik. Gero, herrialdearen arabera, bestelako balio moralak defendatze aldera, bestelako arau edo legeek, edo inon jaso gabeko jarduerek, osotasun fisiko hori ezerezean uzten dute, torturaren bidez, justizia zerutiarraren izenean, erruduntasuna ordaintzeko zigorpean... Modalitateak nahi adina aurki daitezke.

Bizitza egin ahal izateko gorputza babesten da lehenik, beti, kode orotan. Funtsezkoa den heinean. Oro har. Gero gertatzen da emakumeon gorputzak, zehazki, bestelako izugarrizko buruhausteak sortzen dituela jendarteetan, gizonarenak ez bezala. Harrigarria da gure gorputzaren inguruan sortzen den guztia, eta harrigarria egun oraindik ere nork bere gorputzarekin nahi duena egiteko eskubidea onartzeko ezintasuna, jendarte mailan. Aitzakiak nahi beste, dela erlijioa, dela etika, baina onartezintasuna, finean.

Eta, hala, abortua eztabaidatzen jarraitzen da, tarteka-marteka. Hauteskundeak hurbil daudenean edo beste esparru batzuetako gehiegikeriak nabarmentzen hasten direnean, normalean; alegia, alderdiaren akolitoak pozik edukitzeko premia larria dagoenean. Abortuak kinka larrian jartzen du izaki babesgabe baten osotasun fisikoa, bizitza, beraz. Abortua ahalik eta gehien mugatuz, nork bere gorputzarekin gogoak ematen diona egiteko eskubidea baino handiagoa den beste balio bat babesten da: bizitza. Horiek jarraitzen dute izaten argumentu nagusiak, gure gorputza ez dela guztiz gurea, emakumeon kasuan, gogorarazteko, edo okerrago, sinestarazteko.

Eta, hala, prostituzioa eztabaidatzen jarraitzen da, geure gorputzaren inguruko beste ika-mika zahar baino zaharragoa. Mahai gainean jarri ohi dena, inoiz ere behin betiko konpondu barik, denon pozerako formula aurkitu ezinik. Oinarrian, prostituzioaren atzean dagoen guztiari dagokionez -eta asko dago, utz diezaiogun behingoz gehienetan plazeraren trukezko diru-ordainketa bat besterik ez delako mezu faltsu eta sinplista hori saltzeari-, zenbat buru, hainbat aburu. Besteak beste, hipokresia gailentzen da gehienbat gai honi heltzeko orduan; hipokresia, paternalismoa eta gezurrezko puritanismoa. Eta, nabarmena denez, horrela jarraitzen dugun bitartean, prostituzioaren negozio aberatsak aurrera jarraitzen du, unean uneko lege proposamenek, eztabaidek edo ekimenek ukitu ere egiten ez dutela. Ez delako kontu erraza, eta ez zaiolako begiratzen oinarri-oinarrian barneratzen duen guztiari.

Horretan dabiltza Frantziako Parlamentuan egunotan, prostitutengana jotzen duten bezeroak zigortu ala ez. Horren harira, talde batek manifestu bat atera du, «Ez ukitu nire puta» izenburupean, alajaina! NIRE puta. NIRE emaztea. NIRE bikotekidea. Hori da, hain zuzen, emakumeon gorputzaren inguruko guztien jatorria: barrenean, gizonen jabetzatzat hartua dela. Beste interes batzuen zerbitzura jar daitekeen gorputza, baldintzapeko eskubidea. NIRE interesak kaltetzen ez dituen bitartean duzuena.