Asun AGIRIANO
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Berritze garaian

Oparirako liburuak izan genituen hizpide haur-literaturako aurreko idatzian. Azaroan «Swinging Christmas» ipuin musikala aholkatzen genuen, eta, urte amaiera eta Gabon sasoi honetarako, 2012. urtean argitaratu zen «Eguberria. 24 ohitura, kantu eta istorio» plazaratu nahi dugu.

Liburu honek, gaiarengatik akaso, ez du urte osoan oihartzun berezirik izan, baina aurten Kultura Ministerioaren haur eta gazteentzako liburu edizio onenaren saria eskuratu, eta berriz ere gaurkotasuna lortu du. Duda barik, liburu aparta eta dotorea, gaztelaniaz eta euskaraz argitaratua, eta urtero-urtero begiratu, irakurri eta gozatzea merezi duen horietakoa.

Euskal Herriko ahozko tradizioak Eguberriaren inguruan emandako kontakizunen bilduma aukeratua dugu bertan; alegia, Igerabidek Eguberriko tradizioa, mitoak, ahozko kultura eta literaturaren inguruan egin duen bilketa eta dokumentazio lan ikaragarria. Liburuaren hasieran zenbait azalpen ematen ditu atzoko eta gaur arteko tarte luzean haur izatetik heldu izateraino egiten dugun bideari buruzkoak. Horrela, natura eta ahozko kulturatik jaso ditugun ipuinen, jolasen, ohituren eta ospakizunen berri izango dugu.

Kristautasunak erakutsitako kontuak ez ezik -«Jesus jaio da atalean»-, istorio bilduma honetan Eguberri laikoago baten ikuspuntua ere agertzen da, eta, horrela, «Eguberri berri» izeneko azken atalean erlijioak markatu gabeko kanta-sorta eskaintzen digu. Amaierako bibliografia eta bi egile handien biografiei buruzko oharrak lagungarriak dira gaian gehiago sakondu nahi duenarentzat.

Ilustrazioei buruz zer esan? Elena Odriozolak urte luzeak daramatza bide berriak esperimentatzen, koloreak eta formak ikertzen. Oraingoan, auca marrazki mota aukeratu du, katalanez auques eta gaztelaniaz aleluya izenekin ezagutzen dena. Orrialde batean marrazki zatikatuak jarri, eta istorio oso bat kontatzeko modu berezia da aucarena. Frantzian XVI. mendean sortu ziren aucak. Hasieran, gai erlijiosoak kontatzeko, eta bizpahiru mende geroago, herri xumeari kontu eta gertaera ugari azaltzeko hezibide izan ziren. Tebeoen aitzindari moduko hauek gaur egun dokumentu artistiko baliotsuak dira.

Igerabideren istorio guztien haria amona-iloba bikoteak gidatzen du. 24 kontakizun, baina baita 24 marrazki ere, liburuan zenbatzen hasiz gero. Kolore gutxi, goxo eta leunak. Ederrak, estanpa bihurtu eta lagunei bidaltzeko modukoak, edo auca batean kaleratzeko aproposak.

Sarreran idazleak dionez, Eguberriak berritze-ekintza bat adierazten du, naturak bere zikloa berritzen du, pertsonak bere asmoak berritzen ditu eta bere burua garbitzen. Haurtzarora itzultzeko garaia omen da Eguberria, ume garaiko etxera itzultzekoa, sehaska izan genuen lekura itzultzekoa.

Eguzkia nekatzen den egunetan liburu honen irakurketak ospakizunetarako prestatzen gaitu. Testuen nahiz irudien bidez antzinako ohiturei erreparatzeko liburua.