J.L.
Aizkora

Sei bikote lehiatuko dira aurtengo binakako lehiaketan

Gaur, 17.00etan, hasiko da Asteasuko pilotalekuan Binakako Urrezko Aizkora. Sei bikoterekin jokatuko da aurtengo lehiaketa, eta antolatzaileek bikote orekatuak egin nahi izan dituzte. Lehen saio honetan, Olasagasti eta Arria V.a, Donato Larretxearen eta Felix Etxeberriaren aurka neurtuko dira.

Aipaturiko bi bikote horiez gain, Lopez eta Ruben Saralegi, Azurmendi eta Otaño, Atutxa II.a eta Mugertza II.a, eta Nazabal eta Zubiaga izango dira parte hartuko dutenak. Bigarren Mailakoa ere egitekoa da, baina oraindik ez dira bikote guztiak ezagutzera eman.

Gaurko saioak ikusmin handia piztu du, tartean izango baita Arria V.a. Errezildarrak sekulako itxura eman zuen pasa den astean jokatu zuen apustuan, eta jendeak berriro ere ikusi nahi du. Berarekin batera, Olasagasti arituko da, eta Igeldokoa ere maila onean aritu zen Euskal Herriko Lehen Mailako finalean; beraz, oso kontuan hartzeko bikotea izango da. Aurrean Donato Larretxea eta Felix Etxeberria izango dituzte. Azken hori apustua prestatzen ere ari da. Norgehiagoka oso polita iragarrita dago.

Aldi berean, Asteasun bertan jarriko da abian Urteberrietako Harri-jasotze Txapelketa. Gaurko saioan, Izeta II.a eta Lopetegi, Izeta IV.aren eta Urruzunoren aurka lehiatuko dira. Saio oso polita izango da. Txapelketako beteranoena, Izeta II.a, eta gazteena, Lopetegi, batera arituko dira, eta zer esan handia eman dezakete. Gaur, gainera, Izeta aita eta semea elkarren aurka neurtuko dira. Horrek ere ikusmin handia piztu du.

Asteasun aurrez aurre izango diren bi bikote horiez gain, Izeta III.a eta Ostolatza ere lehian izango dira. Hiru bikote direnez, denak denen aurka jokatuko dute ligaxka.

Aizkorako eta harri-jasotzeko txapelketa gaur hasiko da, baina jarraipena igandean izango du, 12.00etan Deban izango baita saio bat. Ordu berean Elorrioko Gazeta auzoan ere izango da beste saio bat.