Ainara MAIA Iñaki URDANIBIA
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Neska nerabe baten bizitza

Hamabi urtetik aurrera irakurtzeko ipuin bat gomendatzera nator oraingoan. Neska nerabe baten bizitza lehenengo pertsonan kontatua.

Irati protagonista gurasoekin bakarrik bizi da etxean, eta ideiak oso argi ditu, baina bere gurasoekin bizi behar du, batez ere etxean agintzen duen bere ama xelebre eta modernoa jasan behar du. Bere ama artista, naturista, turista, ekologista eta feminista da, eta horren arabera hezi nahi du bere alaba, bere iritzia zein den galdetu gabe.

Ama «modernoa» da, baina bere alabari atzeraturik gelditu dela iruditzen zaio, eta aita, berriz, bien erdian aurkitzen da. Belaunaldien arteko desberdintasunak eta iritzi desberdinak ageri dira, lehenengo pertsonan kontatua dagoen ipuin hau, eta Iratik, ipuineko protagonistak, bere ama bere arrastora ekartzeko saiakera egingo duela azaltzen digu ipuinaren bukaeran, ipuin osoan hasieratik alaba nerabeak amaren esan guztiak egin ondoren, isil-isilik.

Horixe da hain zuzen ere ipuinaren ikaskizuna: seme-alabek esaneko izan behar dute, baina noizbait ere esaneko izateari utzi behar diote euren bizitza propioari heltzeko eta gurasoenetik askatzeko, zilborrestea askatzen hasi behar da nerabezaroan, iraultzaile izan, bestela beranduago, zailago eta mingarriago izaten baita, batez ere seme-alabentzat. Ongi dakit nik hori.

Ipuin honek sinpleki aditzera ematen dio gaztetxoari euren izpiritu kritikoa eratzen hasteko eta euren nahiak egiteko, eta aldi berean, gurasoei gaztigatzen edo abisatzen die ipuinak, seme-alabak ez direla eurenak, gurasoenak, eta euren umeak independenteak direla, iritzi eta pentsamendu propioekin.

Gizonek eta emakumeek bezala, seme-alabek ere eskubidea dugu lehenago edo beranduago gurasoen esanetatik askatzeko, bai horixe, eta berandu bada ere ni ere askatu naiz gurasoengandik, nerabezaroan gurasoen esanetara egon bainintzen eta ez bainintzen iraultzaile izan. Nerabe nintzelarik, lotsatiegia nintzen eta isilik gelditzen nintzen beti besteen artean, lagunekin eta isil-isilik gurasoek nahi zutena egiten nuen. Gurasoekin ateratzen nintzen, nire adineko mutilek iseka egiten zidatela sentitzen nuelako eta ez nintzelako ausartzen gustuko nuen mutilari ezer ere esaten, haren erreakzioaren edo erantzunaren beldurraren beldurrez.

Ama arrastoan sartu beharra dauka Iratik horretarako, nahi duena egiteko alegia, amak sekulako estuasunak pasarazi baitizkio ipuin osoan zehar. Ipuin dibertigarria da eta irakurketa arin bat arratsalde batez irakurtzeko.

Gomendagarria oso gaztetxoak diren neska-mutilentzat, irakurketa erraz batez gozatzeko, eta gomendagarria guraso direnentzat, euren seme-alabak hobeki ulertzen lagun diezaiekeen; maisu-maistra direnei ere gomendatzen diet ipuin hau, oro har haur eta gazteekin egunero aritzen diren guztiei.