Josebe Egia
ZIRIKAZAN

Umeak ez dira ergelak

Youtuben badago bideo txiki zoragarri bat neskatila argentinar batena. Antza, kristoren arrakasta izan du sarean, nik neuk jende askori entzun izan baitiot beraren inguruan hitz egiten, neskaren irmotasuna eta edukiaren mamia goraipatuz, garaiak behin betiko aldatzen ari direlako ziurtasunaren pozez. Haurrak, laburbilduta, zera dio bere hitzalditxoan: «Printzesak ergelak dira». Eta zergatik iruditzen zaion hori eta gauzek nola beharko lukete izan garatzen du ondoren, sekulako argitasun eta zehaztasunez, alegia, harira joanda (http://youtu.be/XqflGDJ5Oq4).

Nabari da neskatilari zer erakutsi kezkatu dela inor, izan duela inguruan lana hartu duenik Errauskine edo Edurne Zuri moduko istorioek ez dezaten itsutu. Haurrak ez ditzan ikasbide desegokiak barneratu neska eder eta babesgabeen inguruan, ez dezan sinetsi printze urdin salbatzailearen gezur unibertsala, eta neska ederra izanagatik hori denik, hain zuzen, izan dezakeen bertuterik nagusiena: edertasuna. Eta horrekin batera, nahitaez, xalotasuna, zintzotasuna eta otzantasuna. Finean, ez dezan irentsi, aurreko belaunaldietakook bezala, nesken papera itxarotea dela, arazoen aurrean kikildu eta eskua luzatzea, gizon lerden eta perfektua, ausarta eta borrokalaria, agertu arte. Zoriontsu izateko.

Izan ere, irudi koloretsu eta perfektu horien bidez, irentsiaren irentsiaz, konturatu barik, ikasbide zehatzak barneratzen baitira, norberaren barruan hor nonbait iltzatuta geratzen direnak. Bestelako erreferentziarik gabe, bestelako istorio eta pertsonaiarik gabe, edo nolabaiteko hausnarketatxoa eragiteko helduon laguntzarik gabe, jaun eta jabe egiten direnak. Jakin badakigulako umetan xurgatzen denak berebiziko garrantzia duela nortasunaren eraketan, barne bizitzan eta inguruko munduarekiko ikuspegian, helduon eginbeharra da geure haurrei zer eskaintzen zaien egoki hautatzea, hain zuzen ikuspegi zabala eta aberatsa izan dezaten, ziurtasun bakar batekin hazi beharrean euren ziurtasunak osatuz joan daitezen. Eta, batik bat, heltzen diren heinean eta bizitza ez dela lorezko bide bat ikasi ahala, ez dezaten kristoren frustrazioa eta engainu sentsazioa garatu. Bai neskek, bai mutilek.

Egun badagoelako aukera zabala haurren aisialdiarekin loturiko guztian, garai bateko arrosa eta urdin bereizketaz, neskentzako eta mutilentzako jostailu bereizketaz, jolas eta joko bereizketaz harago doana. Gabonetako iragarki andanak eta jostailu-dendetako erakusleihoek kontrakoa erakutsi arren, fabrikatzaileek neskatila eta mutikoen zaletasun horiek haurtxoek eurek markatzen dituztela sinestarazi nahi arren. Jakina, gure erosotasuna gailenduta bide bakarra erakusten badiegu, bide horri ekingo diote, bestelakorik ez dagoelakoan. Baina aniztasuna jarriz gero haien eskura, erabakitzeko askatasun hori emanez gero, helduon inolako aurreiritzi eta inposizio sozialik barik, haur bakoitzak markatzen ditu, neska edo mutila izan, bere zaletasunak, bere dibertitzeko aukerak. Azken finean, bere ametsak, etorkizunean bete beharreko helburuak.