Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Joera orokorraren erakusle

Disgustu handi samarraz ekin diot idatzi honi, Luis Tosar aktore galegoa gehien miresten ditudan aktoreetako bat baita. Gustuko ditut parte hartzeko aukeratzen dituen filmak, oro har istorio hutsaletatik ihes eginda, pertsonaia ez beti atsegin edo «errazak» duintasunez jokatzeko erakusten duen konpromisoa. Bereziki gogoratzen dut «Los lunes al sol» film gogor bezain samurrean, kostatu egiten zela kaleko benetako pertsona bat hartu ez zutela sinestea, hain egin zuen hurbileko eta erreal.

Baina Tosarrek, orain arte, maisutasunez eta maitasunez jokaturiko paperik handiena, nire ustez, «Te doy mis ojos» filmekoa izan da. Iciar Bollainek artifizio eta moralkeriarik gabe kontatu nahi izan zigun istorio hartan parte hartzea, segurtasun ez guztien jabe emazteari tratu txarrak ematen dizkion gizon ahul baina beldurgarriarena egitea, kostatu egingo zitzaion. Ez zen samurra izango bere pertsonaia gidoian ezagutu, haren haragian sartu eta, begirada eta ahotsa emateko, haren izaera eta motibazioak ulertzea; eta izuturiko emakume hari esaten zizkion esaldi gorrotagarriak esatea, mespretxuz begiratu eta tratatzea, ondoren lotsaz beteriko damu eta maitasunezko promesak begietara begira adierazteko, are gutxiago indarkeria fisikoa egikaritu behar izatea, bultzadak eta kolpeak ematea. Baina ederki egin zuen eta bere alea jarri zuen jendarteari emakumeekiko indarkeriaren inguruan zer dagoen erakusteko, nola eta zergatik jasan eta luzatzen den ikusgarri egiteko, eta erasotzailea, munstro erotuetatik urrun, edonor izan litekeela hausnarrarazteko, ikusleoi zer pentsatua emateko.

Horregatik, zail zait ulertzea Tosar bera izatea, hain zuzen, indarkeria horretaz beteriko musika talde baten bideoklip bateko partaide. Nolabait, inolako kritika edo behintzat gaia mahai gainean jartzeko asmorik gabe, bikotekidearen erailketa justifikatu egiten duen film labur horretako aktore, traizioa, hisia, herra eta mendekua beste arrazoirik gabe, horrekin nahikoa balitz bezala. Kostatu egiten da ulertzea genero indarkeriaren kontra Galiziako gobernuz kanpoko erakunde baten aktiboki parte hartzen duen artista batek, jendarte berdintsuagoaren aldeko konpromiso eta balioekin bat egiten duenak, parte hartze horren justifikazio gisa «ez nintzen oso kontziente egiten ari nintzenaz» esatea. «Ekarri eskopeta, tiro egingo diot eta/ Nire bizitzako amodioari, traizionatu berri didanari/ Txakur bat bezala utzi ninduen eta orain ordaindu egin beharko du» hitzak ez zaizkit lausoak iruditzen, eta eszena batean pistola atera eta hurrengoan emakumea eta bere maitale berria hilik agertzea mila modutan interpretagarria denik. Dena da, besterik gabe: indarkeria matxista esplizitu eta onartua, artez, adierazpen askatasunez, mozorrotua. Halere, aktoreak pertzepzio arazoak izan omen ditu. Hori baino, esango nuke emakumeekiko indarkeriari dagokionez oraindik dirauten permisibitate eta onarpen mailaren adibide zehatz bat izan dela, eta maitasunezko istorioekin lotzen jarraitzeko temarena. Edozein forma duela ere, kondena irmoa agertzeko batasun ezarena. Orokortasunaren adibide zehatz bat.