Xabier Izaga
Kazetaria
TXOKOTIK

Marx ez dago modan; demokrazia, bai

Kapital metaketa ez da atzo goizeko fenomenoa, kapitalismoaren berezko joera baita. Haren gaineko teoria ere, kapital metaketak berekin hainbaten esplotazioa eta pobretzea daramatzala dioena, ez da berria. Baina Marx ez dago modan.

Marx ez dago modan; hala ere, asteon hedabideek Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundearen txosten negargarri... eta egiazko baten berri eman dute, batzuek albisteari toki nabarmena eskainita, bestetzuek txostenak salatzen duena kaleko istripu arin bat balitz bezala. Marx ez dago modan eta ni demagogo hutsa naiz, baina Oxfamen txostenaren arabera, munduko aberastasunaren erdia biztanleriaren %1en eskuetan pilatuta dago. Eta agintariek elite ekonomikoaren interesen araberako kudeaketa egiten omen dute. Omen, ez, bistan da.

Eta hemen, munduko bazter txiki honetan, botere txiki bati heldu dion indar politiko batek zerga politika pixka bat bidezkoagoa erabaki eta indarrean jarri duenean, indar demokratikoek, benetako eta betiko indar demokratikoek, zoritxarreko kudeatzaile horien zerga politika «zuzendu» eta errenta handien aldeko zerga bilketa ezarri berri dute. Horixe da benetako arazoei eustea, herritarrak benetan kezkatzen dituzten arazoei eustea, hain zuzen. Identitate obsesioak bazter utzita, Patxi herritarren nahiaren betearazle eta obsesiorik gabeak gogoko duen moduan.

Eta identitate kontuak bazter utzita, Espainiako Auzitegi Gorenak Espainiako bandera lehentasunezko eta ohorezko lekuan jartzeko agindu dio Gipuzkoako Diputazioari. «Nazioaren sinboloa» baita, «independentziaren, batasunaren eta osotasunaren ikur» horrek «ordezkatzen dituen balio gorenek eta zor zaion ohoreak» hala eskatzen baitute.

Hona demokraziaren askotariko definizioetako bi, beraz. Bat, munduko aberastasunen erdia %1en eskuetan egoteko lege baliabideak ezartzen dituztenak bozkatu ahal izatea. Bi, herri erakunde batek ordezkatzen dituen gehienek onartzen ez duten sinbolo bat derrigor, mehatxuz, indarrez ezartzea.