JOSEBE EGIA
ZIRIKAZAN

Alderaketak dakarrena

Bortxaketa da, duda barik, jasan daitezkeen eraso mota guztien artean okerrena. Izua, beheramendua, lotsa, nazka eta intimitatearen inbasioa ez dira beste inolako ekintzatan bortxaketan bezala uztartzen. Bortxaketa, mundu osoan, emakumeon beldur espezifiko bat da, mehatxurik eraginkorrena, gizona eta emakumea parez pare, bata eta bestearen indarra kontuan hartuta, oso erreala bihurtzen delako, eta, jakinaren gainean nork bere larruan paira dezakeen infernurik latzena dela, berau ekiditearren edozer egin daitekeelako.

Hori da, hain zuzen, eta gehienbat, bere izateko arrazoia: emakumea paralizatzea, eta zigortzea. Mundu osoan, bortxaketak egunero gertatzen dira, gizonenak, haurrenak, baina, horiekiko neurri aldera ezinean, emakumeenak. Alde horretatik, sexu-erasorik larrien hori osasuntsu dabil munduan. Munduko zenbait lekutan, gertaera bakanak dira, masibo izatetik oso urrun dagoen delitua, eta, ondorioz, eskandalua eta gaitzespena eragin ohi ditu, hala nola, une batez, horren azpian ezkutatzen den guztiaren nabarmentasuna jendaurrean. Munduko beste zenbait tokitan, ordea, toki dezentetan, bortxaketa guztiz onartuta egon ez ezik, justifikatu eta sustatu ere egiten da, emakumeek, zigor horren bidez, ondo baino hobeto uler dezaten beren burujabetasuna ez dela aukera bat. Argi baino argiago gera dadin, dagokion komunitate, herrixka, eskualde edota herrialdean, emakumeen bizimodua beren inguruko edo erabat ezezagunak zaizkien gizonen esku dagoela. Emakumea objektu eta jabetza hustzat duten gizonena, hain zuzen.

Hain da basatia maila horretan ikustea, hain ulergaitz eta ikaragarria, guretzat, jendarte gisa, non joan den astean Indian gertaturikoa bezalakoak irakurtzen ditugunean -batzorde batek agindutako bortxaketa kolektiboa-, munduaren alde honetan jaio izana sekula baino biziago bihotzez eskertzen dugun. Hemen irudika ezinezkoa zaigulako bortxaketa onartu, publiko eta taldekakoa, ankerkeria sustatu eta baimendua, edo horren aurrean familiaren isiltasuna, are onarpena, edo inolako estamentutik iritsi beharreko laguntza eta babes eza... Hain da basatia eta ulertezina, non, azkenean, nahi gabe, bortxaketa «arruntak», buruz burukoak, alegia, minimizatu egiten zaizkigun buruan, emakumeen kontrako eraso horrek, gurea bezalako jendarte «zibilizatuetan», arazo larria izaten jarraitzen duela ahazteraino. Kasuan kasukoa igarota, hedabideetatik-eta desagertuta, dena baretzen denean.

Duela oso gutxi egiaztatu dugu hori, «Parot doktrina» indargabetu izanaren ondorioetako baten harira. Hedabideak bete ziren bortxatzailez, oroitzapen beltzez eta izu-bolada batez. Horietatik at salbu egongo bagina bezala, hemen jaio garelako bortxaketatik immunizatuak. Emakumeei emakume izate hutsagatik ahalik eta minik handiena egiteko xedea eta grinak dirauten bitartean, kultura horrek zigor eredugarriak jaso barik jarraituz gero, geure burua engainatzen ari gara, eta ari zaizkigu, jendarteak eta justizia sistemak tinkotasunez babestuta gaudelakoan.