Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Gaitasunik eza, «vox populi»

Eskuinaren eskuinera daudenak omen dira Vox alderdia eratzen dutenak. Horietako asko, Alderdi Popularreko kide ohiak, alderdiaren norabidearekin gustura ez eta, Espainiako estatuan euren modura jende andana dagoelakoan, txepelkeriak utzi eta eskuineko benetako proposamena plazaratzea erabaki dutenak. Eskuinaren eskuinera daudenak omen dira, hala esaten dute hedabideetan, muturreko eskuina ez esatearren, fatxa kutsua hartuko lukeelako edo. Alderdi horren sorkuntzak ere islatzen du, eurek ukatzen badute ere, Alderdi Popularra barne gatazkan murgilduta dagoela. Kide mitikoek huts egiten diote ekitaldi nabarmenetan; jardunean dauden zenbaitek beste talde batera egiten diote ihes; biktimen kolektiboa ere hasi zaio kritikatzen eta epelkeria leporatzen, eta pertsona horien eta beraien ingurunea galtzea asko galtzea litzateke alderdiarentzat; Barcenas eta Gurtel moduko ustelkeriazko granoak dituzte ipurdian, alderdiaren irudia zapata-zolaren parera eramanez; zuzendaritza bera ez da gai bateratuta eta ziurtasunez agertzeko abortuaren erreforma bezalako proiektu bat defendatzeko orduan, batzuek -azeriagoak- argi dutelako erreforma ultra-atzerakoi hori bere horretan zaldi galtzailea dela, eskuinaren eskuineragoko gutxi batzuk irabazteko garailea baino, eta hori hauteskundeetan ordainduko dutela...

Urrunegi joan direlako emakumea ugalkortasunerako tresna gisa arautzeko grinan, geure burujabetza eta erabakitzeko eskubidea zanpatu eta psikiatren esku utzi gura izanda geure bizitza erabat iraul lezakeen erabakia. Argi eta garbi adierazi dute psikiatrek berriki eurek ez dutela erantzukizun hori nahi, ez dagokielako, absurdua delako haurduna haurdun izate hutsagatik auzi psikiatrikotzat jotzea, eta are absurduagoa emakume ezezagun baten amatasunaren gainean iritzirik ematea. Argi eta garbi adierazten ari da jendartea ez dagoela prest emakumea berriz antzinako roletara behar dezaten onartzeko. Egunero ikusten ari da Alderdi Popularra jendearen sumina, emakumeak subjektu pasibotzat jotzen ziren garaiak oso atzean geratu zirela, geuretzat zein gizonen gehiengoarentzat, kalea bor-bor dagoela inoiz baino gogotsuago jendarte matxista eta patriarkalik ez dugula nahi defendatzeko. Eta, hala ere, Alderdi Popularrak jarraitu egiten du sorgor jokatzen, dela uste dutelako benetan lortuko duela, dela bere ustelkeria arazoen gaineko arreta desbideratzeko beharrezkoa duelako abortuaren eskandalua. Nabarmena izan arren patata gero eta beroago horrekin zer egin ez dakitela, jendarteari entzun eta atzera egin baino nahiago dute Gallardon argudio gero eta korapilatsu eta surrealistagoak nonahi zabaltzen eduki.

Ez da Vox Alderdi Popularraren arazorik handiena, haren aldean oraindik indartsuagoa baita; baizik eta vox populi bilakatu izana auziak kudeatzeko bere umiltasun eta gaitasunik eza, eta jendartearen iritziarekiko harrokeria mugagabea. Alderdi barruan ez ezik, kanpoan ere zulo handia egin dute, eta bertan dute hanka hondoraino sartua. Geure mesederako.