Xabier Izaga
Kazetaria
TXOKOTIK

Besoa (eskua) etxean gorde gabe

Barre egin zuten, negargarria baitzen, Yolanda Barcinak ETAren asmoaren berri jakinarazi zuenean, erakunde horrek Nafarroako Administrazioan infiltratu nahi duela esan zuenean, alegia. Ez ziren hamar egun baino igaro eta hara non lehenengo infiltratua agertu zitzaion. Non eta Ogasun Departamentuan. Hain zuzen, infiltrazioaren arriskuaz ohartarazi zuen egun berean eta leku berean esan zuen, halaber, ETAk Nafarroako ekonomia ahuldu nahi duela. Eta batzuek barre egin zuten, negargarria baitzen, eta txisteak eta guzti egin zituzten («Horra ETAk borroka armatua bertan behera utzi izanaren arrazoia», esan zidan auzokide batek, «Nafarroako Gobernuaren ibili xelebreak ikusita, herrialdearen ekonomia ahultzeko eta are hondoratzeko helburua betetzat jo baitzuen»), baina Barcinak arrazoi zuen.

Arrazoi zuen, baina etxera joan beharko du, Santa Teresak galarazi ezean. Eta galarazten saiatuko da, Nafarroa estrategikoa baita Espainiarentzat. Lanak emango dizkio, ordea, garai zakar hauetan Espainiaren alde egitea ez baita samurra. Egia esateko, Jorge Fernandez, bere baitan bizi izan gabe bizi den ministroa, errezoa eskaini eta besoa hartzen duten horietakoa da, santuaren besoa etxera eraman zuen Caudilloa bezala. Besoa esaten zaio, baina egiaz eskua da. Ezkerrekoa, Jorge.

Mano izquierda (ezker eskua) ere esaten zaio, gaztelaniaz, jarduteko trebeziari, eta ministroak, Caudilloak ez bezala, haren falta nabarmena erakutsi zuen Ceutan immigranteekin. Tira, sardinzarren eta horien zuzendari nagusiaren lardaskeria (eta sarraskia) ikusita, badirudi trebezia baino zerbait gehiago behar zuela ministroak. Izan ere, uretan ziren etorkinei pilotarik bota ez izana lurretik eta itsasotik egindako eraso zitala bihurtu zen egun bakan batzuen buruan, eta ez da baztertu behar airetikoa ere izan zela frogatuko duen bideoren bat agertzea. Zoritxarrez, hura ez zen antzerki hutsa izan.

Barne ministroak ez baitu gogoko, azken egunotan behin eta berriz esan duenez. Eta antzerkizalea izango balitz ere, antzera. Atzo esan zuen Ceutako sarraskitzaileak baino ez direla bere gogoko aktoreak.