Jon LEUNDA
aizkora Zilarrezko Mailako finala

Hiru bikoteren artean erabakiko da txapela

Kañamares III.a eta Jauregi, Larrañaga eta Mugertza III.a eta Daniel eta Iker Vicente neurtuko dira.

Hiru bikote izango dira gaur, 22.00etatik aurrera, Urrestillako pilotalekuan jokatuko den Urrezko Aizkorako Bigarren Mailako finalean. Mugertza III.a eta Larrañaga, Iker eta Daniel Vicente eta Jauregi eta Kañamares III.a lehiatuko dira.

Jauregi eta Kañamares III.a dira askoren ustez txapela lortzeko faboritoak. Bigarrena, gainera, Lehen Mailakoan ere aritu da, eta finalerdietaraino iritsi da. Han ez du lortu finalean sartzea, baina bai Bigarren Mailakoan. Oso ongi dago, eta diferentziak markatu ditzake. Berarekin batera, Jauregi ere bikain aritzen da. Arabarrak neguan prestatzeko asti gehiago izaten du, eta itxura bikaina emanez ari da.

Mugertza III.a eta Larrañaga ere ezin dira bazterrean utzi. Azken hau etxean arituko da. Azken urte hauetan Bigarren Mailan goiko muturrean dabilen aizkolaria da, nahiz eta berari beste era bateko lana hobeto joan lekiokeen. Mugertza anaietan gazteena ere ongi moldatzen da lan klase hauetara, eta bi hauek ere min handia egin dezakete.

Agian askorentzat ezkutuan pasatzen ari badira ere, ez litzateke inongo ezustea izango Daniel eta Iker Vicentek irabaziko balute. Azken hau txapelketako gazteena da, baina oso maila handia hartu du. Bere aita, Daniel, alegia, laster jokatu behar duen apustua prestatzen ari da, eta oso ongi ikusten zaio. Gainera, lanean arituko diren guztien artean, egurra zutik jarrita ebakitzen trebeena ere bada, eta oso gertutik jarraitu beharrekoak izango dira Otsagabikoak.

Bikote bakoitzak sei lan egin beharko ditu. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu. Ondoren, tamaina bereko enborra moztu beharko dute, baina erlojuz kontra aritu beharko dute. Hirugarren lanean, berriz, 45 ontzako enborra ebaki beharko dute, baina zutik jarrita.

Laugarren lanean, bi kana-erdiko ebaki beharko dituzte, bikote bakoitzeko kideak bat moztu beharko du. Bosgarren lanean, berriz, 45 ontzako bat zutik jarrita ebaki beharko dute, eta ondoren, beste bat, tamaina berekoa, baina etzanda jarrita. Hemen ere bikote bakoitzeko bi kideek bana ebaki beharko dute. Azkenik, txanda librean arituko dira, eta bikote bakoitzak lau 60 ontzako ebaki beharko ditu. Askoren ustez, hor egon daiteke gakoa, eta ordura arte zaila izango omen da ezer erabakitzea, baina zutikako lanean ere norbaitek deskuiduren bat izaten baldin badu, gero buelta ematea oso zaila izan lezake. Finala dotorea da, sei aizkolarietatik bat herrikoa izango da, eta zaleek ere erantzun handia emango dute. Aurretik, behintzat, ikusmina badago.