ZIRIKAZAN

Borondatea eta jarrera, aitzakiarik gabe

Lantokiak eragin handia dauka pertsonaren bizitzan. Non baino, norekin, zer jenderekin egiten duzun lan. Egunero harremanetan zauden jende horrekin ez bazara ondo eramaten, egunero tentsioa arnastu behar baduzu, zure bizitzaren zati handi bat frustrazio iturri eta arazo askoren sorburu izango da. Nik, horretan, zorte handia daukat; harro esan dezaket egunero inguruan ditudan gizon eta emakumeak nire balio eta printzipio berberen arabera bizi direla, funtsezkoei dagokienez, behintzat.

Eta hori nabaritzen da funtzionatzeko moduan, erronkei aurre egin eta erabakiak hartu behar ditugunean. Herri eta adin desberdinetako gizon eta emakumeok osatzen dugun asanbladak dauka azken hitza, eta asanblada horietan mahaia egoten da, zuzendaritzak eratuta. Ez ditut gizonak bakarrik ikusten, benetan garrantzitsuak diren arloez eta etorkizunerako ibilbideaz hizketan. Ikusten ditut gizonak eta emakumeak, ardura eta erantzukizun maila berberaz. Behean, mikrofonoa eskuan ekarpenak egiten, ez ditut gizon edo emakumeak ikusten; ikusten ditut lankideak, pertsonak. Jendarteko arazoen aurrean, jarrera berbera duten pertsonak. Inposizioen, erasoen eta injustiziaren aurrean, ni beste asaldatzen direnak; maila guztietan berdintasunaren alde. Ez dutenak uste auzi batzuk guztionak direla, adibidez, murrizketa ekonomikoak, gure herrialdearen independentzia, politikarien ustelkeria, eta beste batzuk, aldiz, emakumeonak bakarrik: Abortuaren Legea, indarkeria matxista, soldata-arraila...

Gure lan-proiektua den jendarte txiki horretan, berdintasunak funtzionatzen du. Aberastasuna eragiten du ere, ikuspuntu, jarduteko moduen ugaritasunak dakartzan aukerak izateko aberastasuna, eta, ondorioz, etekinak, emaitza onak. Funtzionatzen du hala izan dadin jendearen borondatea egiazkoa delako, eta irmoa, itzulingururik gabea. Pertsonon arteko berdintasun errealaren lorpenari begira, hori da gakoa: benetako borondate irmoa. Beste guztia, aitzakia besterik ez.

Gertatzen ari direnak, berdintasunera barik guztiz kontrakora iristeko saiakera guztiak, lege proposamen eta mota orotako murrizketa eta erabaki guztiak, ez dira soilik emakumeon arazoak, geuk bakarrik borrokatu beharrekoak. Martxoaren 8a ez da izan emakumeok kalera atera eta egun batez geu eta geure aldarrikapenak ikusgai jartzeko egun bat, baizik eta garbi ikustarazteko boteredunei, batetik, borroka hori irabazi egingo dugula, lehengo jendarte eredu patriarkalak ez duelako itzulerarik izango, nahi eta onartzen ez dugunok gehiengoa garelako, eta, bestetik, erakusteko borroka horretan ez gaudela bakarrik, gehiengo horretan gizon askok, gero eta gehiagok, euren gain hartzen dutela beren emakumezko senide, lankide, lagunei eragiten dien guztiaren aurrean jarrera bat hartzeko erantzukizuna.

Berdintasuna ez da kimera, dagoen tokietan, txikiak izan arren, funtzionatu egiten duelako. Eta gune txikietatik handienera, jendarte osora, hedatzeko borondate irmoa gero eta irmoagoa eta gero eta zabalagoa delako. Eta izango delako, egunerokoan ari baikara esparru guztietan horrela izan dadin.