Jon Garmendia
Idazlea

Jenerala

Bardea beltzean Eguaratseko erreserba naturala isil ageri da, pinudi artetik bere lurra zapaltzen duten bota militarrei obedientzia eskainiko balie bezala.

Goizean goiz jaiki da Generala, oraindik ilun zela, eta goiz-albari itxaron ezin dion haur bat bere urtebetetze egunean bezala. Negurako darabilen pijama erantzi, eta urez bete du bainuontzia, gaurkoan, denbora luzez jarriko du beratzen zimurrez josi zaion larruazala, eta menpeko dituen soldaduek menperatu dituzten lurralde urrunetatik ekarritako fragantziaz beteko du bainugela. Xaboiak gordetzeko armairu ttipia zabaltzen duenekoa espektakulu bat da, bai usaimenarentzat, baita bistarentzat ere: koko-olioz eta oliba-olioz eginiko xaboiak, lehoi esnea eta almendrarekin landuak, eukaliptoa, menda eta altzifrearekin sortutako olio esentzialak, kanelarekin osatuak batzuk, iltze eta jengibrearekin bestetzuk, ereinotz esentzia eztiarekin nahasitakoa... Eta denboraren luzeak aparrak desagerrarazi dituenean atera da bainuontzitik. Traje plantxatu berria jantzi eta medaila guztiak paparrean distiratsu agerian dituela sukaldera joan da, neskameak prestatu dion gosariarekin sabela berdintzera, ezinezkoa baita bere tripa zaharra betetzea.

Hiru alabak esnatu zaizkio gero, eta banan-banan joan zaizkio egunon xuxurlatzera belarri ondora, musuak eskainiaz. Aita onaren harrotasuna sentitu du orduan. Eta etxetik abiatu da azkenean, atarian zain du txoferra, bigarren graduazioko militarra, lanposturako hatzez hautatua. Bi orduko bidaia dute aurretik, Nafarroako hego-ekialdera doaz, Bardeetara. Han, sarjentuak, kapitainak, eta kaporalak, armadako lagunak ditu zain. Egun handi bat da denentzat, eta pozik daude, neurri batean urduri; herriari ebatsitako lurretan herriari ebatsitako diruz erositako arma berriak probatzeko eguna dute. Bardea beltzean Eguaratseko erreserba naturala isil ageri da, pinudi artetik bere lurra zapaltzen duten bota militarrei obedientzia eskainiko balie bezala, eta Bardea zurian sorgin-tximiniak zeruari behatzen dio, hegazkinak noiz helduko diren beldur. Jeneralak eman du agindua, proba militarrak abian dira, 1951z geroztik hala izan da. Gero esanen du gastu sozial bat dela, non gastu hitzak bere esanahirik zehatzena hartzen duen, joko bat balitz bezala jolastuko da herritarrei kendutakoarekin, eta herritar gehiagori beste zerbait kentzeko gainera: bizitza.