Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Matrakak eta obarioak

Zenbat aldiz esan ote zidan amak biraorik ez esateko baina esango banituen behar bezala esateko. Entzuten zidan bakoitzean, matrakari ekiten zion: emakumeok potrorik ez badugu, zertan gabiltza, gizonen moduan, potroak gora eta potroak behera? Zergatik egin geure, horrenbesteko naturaltasunez, haien genitalak, kokoteraino, ernegatuta eta nazka-nazka eginda gaudela gardenki eta indartsu adierazteko? Gauza bera coñazo esaten nuenean -eta esateko joera handia nuen-; ama, nekaezin, korrika batean etortzen zitzaidan beti kargu hartzera: «Ez al zara konturatzen zure, emakumezkoon, gorputz-atal hori mespretxatzen ari zarela? Eta esamolde hori horrela izateak kasualitatetik gutxi duela? Gauza bera horrela eta horrela esan dezakezu; beraz, egin ezazu, faborez».

Kosta zitzaidan gaztelaniazko esamolde hain sexista hori esateari uztea (tarteka, onartu beharra dut, mihi puntara etortzen zait oraindik), baina barneratu ondo barneratu nuen halako gauzak matraka bai baina, batik bat, irakasgai garrantzitsuak direla, errealitatearen isla fin eta zehatzagoa jasotzen dutelako eta, halaber, eraldatu egiten dutelako. Pertsonen ikuskerak, barnera eta kanporakoak, ideiak, jokamoldeak... eraldatzen dituzte, konturatu gabe ikasitakoa, bat-batean, zalantzan jarrita. Eta nahi duenak, benetan konturatu eta ikasi nahi duenak, egin egiten du.

Politikoki zuzena denaz harago, diot. Izan ere, egun ez da ezohikoa jendartera begirako diskurtsoetan, ahoz zein idatzizkoetan, genero bien aipamena ikus-entzutea -jendartea denok garen heinean-, adibidez; edo hitzaldi, bilera zein ekitaldi publiko mota orotan, gutxienez gizonezko eta emakumezko bana aritzea bertaratuei hizketan, mezuaren hartzaileak kontuan hartuta, alegia, hizkera maskulinizatu estandarra saihestearren emakumea barne hartzeko formula desberdinak baliatuta. Oraindik zertxobait kostatzen da, nabari da ahalegina egiten dela, eta, batzuetan, baliteke naturaltasunak galtzea partida, baina, errotiko aldaketa guztiek bezala, nahitaez igaro beharreko fasea da hori, besterik ez. Gainditu beharrekoa den bezala idatzizkotik ekintzara igarotzea, eta esparru publikotik, esfera mediatikotik, pribatura eramatea, norberaren eguneroko mintzairara, kontzienteki, egunen batean bat-batean egin arte, natural, polit.

Lortu arte ulertzea, lortzeko dago-eta, hizkera berez ez dela sexista, komunikatzeko tresna horri pertsonok ematen diogula forma eta norabidea, gugan dagoena dela hizkera horrek islatu eta transmitituko duena, eta guk geuk sortzen eta hezten dugula munduarekin komunikatzeko era. «Beti esan da horrela», «ez dago bestela esateko modurik», «neketsua gerta daiteke» eta «ez du indar bera horrela esateak», esaterako, aitzakia hutsak dira, garrantzitsutzat jotzen ez denaz paso egiteko borondatea. Oso hedatua dago hori oraindik, kontu irrigarri gisa agertu nahi dutenen ironia eta txantxa mespretxatzaileek hauspotuta. «Obarioetaraino gaude» gero eta gehiago eta ozenago entzutea, finean, beste gauza asko eta askoren aldaketaren isla delako. Matraka ugari eta irmo askoren gauzatzea.