JOSEBE EGIA
ZIRIKAZAN

Lorpenak, noren erantzukizun

2012ko abenduan «Irmotasunaren lorpenak» izenburuko artikulu bat idatzi nuen txoko honetan. Ama argentinar baten ingurukoa zen, Susana Trimarco, Argentinako Ama Adoretsua ezizenekoa hedabideetan. Adoretsua, dudarik gabe, bere alaba bahitua eta esklabotza sexualera behartua, desagertua... hamar urte zeramatzalako haren bila, bere kabuz, etenik gabe. Adoretsua emakumeen salerosketan jarduten dutenen esparruetan infiltratu zelako, alabaren inguruko pistaren bat topatzearren. Bidean, beste neska batzuei lagundu zielako; kikildu ez zelako, amore eman ez zuelako. Eta, azkenean, hamar lagunetik gora epaituak izan zitezen lortu zuelako. Baita Argentinako jendartea errealitate horri begira jartzea ere, eta gobernua behingoz zenbait neurriri heltzera bultzatzea. Lorpenak lorpen, epaiketa hartan salatuak absolbitu zituzten; beraien zorionerako, ama horren eta jendartearen frustrazio eta suminerako. Orain, ia bi urte beranduago, salatu haiek kondenatuak izan dira. Eta, ondorioz, Argentinan Adorearen ikur bilakaturiko emakumearen aurpegia eta hitzak berriz itzuli dira hedabideetara. Hitzek nolabaiteko asebetetzea erakusten badute ere, sari handia ez baina txikia eskuratzen denean bezalakoa, haren aurpegiak sekulako gogortasuna islatzen du. Erlaxazio izpirik ez, ezta atsekabe edo etsipenik ere. Irmotasunak, jakina, ezin baitu biziraun zorroztasunik, sendotasunik eta seriotasunik gabe. Guraso batek ezin duen bezala bizi alaba edo semea non den, bizirik ala hila den, jakin barik. Bizirik egotekotan, zer nolako infernuan egongo den irudikatuz. Egoera horietan, minutu batez ere ez dago bakerik.

Mundu osoan, emakumezkoen esklabotza garaikidea segundo batez gelditzen ez den bezala. Halako negozio batek, gizakiekin trafikatzeak, jende askoren jarduera eskatzen du. Jende askoren konplizitatea eta isiltasuna. Batzuek elkar hartzea eta beste batzuek ez ikusiarena egitea. Jende askoren borondate irmoa behar da halako negozioak aurrera egin dezan eta horren irabazizkoa izan dadin. Beldurra ematen du ziurtasun horrek: nola edo hala, besteren haragiaren eta sufrimenduaren kontura aberasteko hainbesteren borondateak, eta kontzientziako harrik ezak.

Are kezka handiagoa, Susana Trimarcoren lorpenak bezalakoak mundu mailako berri izatea. David txiki-txiki batek borrokatu behar izatea Goliat bihozgabe erraldoia, eta ia-ia berak bakarrik lortu behar izatea, larrua bertan utzita, goian aipaturiko horietako gutxi batzuen kondena. Hainbeste nabarmenduriko pertsona bakar baten jarrera eta irmotasuna ez izatea mundu osoko gobernuen bereizgarri, eta lorpen horiek beren eskutik etortzeko lehentasuna. «Irmotasu- naren lorpenak», emakumezkoen salerosketari dagokionez, ez luke pertsona jakin baten kasu zehatza jaso behar. Herrialdeetako agintaritza sistemen borondate eta borroka mugiezinarena baizik. Susanak berak zioen bezala, ezin bailiteke pertsona bat beste batez era horretan jabetzea eta, beste barik, desagerraraztea. Eta, ondoren, munduak berdin-berdin jarraitzea.