Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Salgai dagoen umorea

Uste hedatu bezain zahar bezain tinko bezain atsegina da, gizonen artean, emakumeok biltzen garenean euretaz baino ez dugula hitz egiten. Eurak direla gure bizitzako kezka zein lorpen zein desira nagusi, eurak direla gure munduaren ardatz. Berdin zaie gaizki-esaka aritzen bagara; harro sentitzen dira hizpide izate hutsarekin. Eurek, aldiz, aldi bakan-bakanetan jarduten dute gizonezko lagunekin benetan maite duten horren inguruan; horrek ez du esan nahi emakumeez, oro har, mintzatzen ez direnik, baina abstraktuki, urrunetik, nork bere bihotzaren hondotik aparte, betiere. Hori da jendartean saltzen jarraitzen den eta gizonen espeziearen bereizgarri eztabaidaezintzat jotzen den ildo ofiziala.

Barnean sentimenduak edukitzea, amodiozkoak, desamodiozkoak, ondoriozko goibeltasunak, etsipenak eta beste erakustea, emakumeon berariazko jarduerak direlakoan. Emakume kontuak, finean. Beraz, agian lagun min-minenarekin salbu -eta gauzak oker baino okerrago daudenean soilik-, lagunartean kontu horiekiko seriotasuna baztertu eta umorea erabiltzen dute adierazpide.

Umorea, besteak beste, norbere buruarentzako defentsa-arma zoragarri hori. Prozesioa barrutik doanean, besteren aurrean osoago agertzeko era. Oinazeari alde onik aurkitzeko bide bakarra, betiko barre egitea negarrari ez ematearren. Nahiz eta etxean malkoak isuri, nahiz eta bakardadean dramaren pisua are pisutsuagoa sentitu. Besteren aurrean lur jota, kaka eginda, mukiei eta malkoei ezin eutsirik azaltzea desitxurosoa iruditzen zaigu, nonbait, pertsonoi. Halere, hori, hau da, pena eragitea dela uste duguna, ekiditeko presioa oso bestelakoa da emakumeon eta gizonen artean; oro har, jendartean, aise onartzen zaigu emakumeoi, eta, esango nuke, hain zuzen gugandik espero dena ere badela. Sentimentalak, hauskorrak, babes-eskaleak izateari utzi ez diogula nabarmentzea. Gizonezkoek, ordea, badirudi euren gizontasuna jartzen dutela jokoan, euren izana kolokan.

Horregatik txantxa, katxondeoa, barnetasunik gabeko esaldi «umoretsu» piloa. Nola pertsonak, umoreak ere baditu milaka forma; ñabardura, ikuspegi eta garapen mugagabea. Pertsonengan, neurri handiagoan ala txikiagoan, berezkoa da, naturala. Tamalez, beste kontu askorekin gertatu lez, sistematizatuta dugu. Sistematizatuta zerk eragin behar duen barrea, eta zerk ez; sistematizatuta emakumeok, batetik, eta gizonezkoak, bestetik, algaraka jarri behar gaituena -gauza berak lortzea ezinezkoa iruditzeraino-. Sistematizatuta formula bakarra: gizona emakumeokin -emakumezkoen klixe zahar bezain matxistekin- sartzea eta alderantziz -gizonak astakilo hutsa izatea ekidin ezingo balu bezala, bestelako gizontasun motak bazterrean utzita-. Umorea jorratzen duten ikuskizunen zirkuitu ofizial eta sustatuan, elkarren arteko harremanei dagokienez, formula bakar hori saldu eta erosarazten digute. Publiko aurreko umorea ere badagoelako monopolizatuta: gizonak produktore, gizonak zuzendari, gidoilari, aktore, umorista izar... Gehien-gehienak, ildo eztabaidaezinaren zale porrokatuak, antza.