Goiherri buru dela abiatuko da Euskal Herriko Txapelketa
Talde bizkaitarra izan da azken urteotako onena, eta aurtengoan ere bera izango da jokatuko diren lau pisuetan garaipena lortzeko faborito nagusia.

Abiatzera doa aurtengo Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketa. Gaur hasiko da Azkoitian, eta amaitu, berriz, Getxon egingo da, uztaileko azkeneko egunean. Tarte horretan astebururo izango dira saioak.
Aurtengo berrikuntzarik handiena Ibarra izango da. Talde gipuzkoarra orain arte goma gainean bakarrik aritu da, baina aurten lurrerako bidea egiteko erabakia hartu du. Gainerako taldeak azken urte hauetakoak izango dira, Goiherri, Gaztedi, Getxo eta Mutriku hor izango baitira. Eskerrak Goiherrik pisu guztietan hiru talde plazaratuko dituen, eta Gaztedik bi, bestela nahiko gutxi izango lirateke lehian.
Lehen egunean Azkoitiko Zazpi frontoian izango da ekinaldia, eta 680ko aurrenekoa jokatuko da. 17.30ean hasiko da ekinaldia, eta bertan Gaztedi, bi talderekin, Goiherri hirurekin, Mutriku eta Ibarra izango dira lanean arituko diren taldeak.
Aurreneko saioa da, eta oraindik ekipoak ere beren unerik onenean ez dira egongo, baina txapelketa nondik nora joan daitekeen ikusteko balioko du. Orain arte Goiherri izan da nagusi, bai, behintzat azkeneko urteetan, eta aurtengorako ere faboritoa izango da.
Denboraldi luzea
Denboraldia luzea izango da, bi hilabete eta erdi iraungo baitu, eta azkeneko urte hauetan baino saio gehiago izango dira. 680ko honetan hiru jardunaldi izango dira. Gaur Azkoitian, eta maiatzaren 18an jokatuko da bigarren saioa Berriatuan, eta maiatzaren 24an amaituko da Mutrikuko Galdona auzoan.
Honen ostean, 640ko beste hiru jardunaldi jokatuko dira. Horrela, ekainaren 7an, 14an eta 21ean izango dira ekinaldiak, Laukizen, Martiartun eta Leioan. Pisu honetan, Goiherri hiru talderekin, Gaztedi birekin, eta Mutriku, Ibarra eta Getxo arituko dira txapela lortu nahian.
Ondoren, 600ekoen txanda izango da, eta ekainaren 29an, uztailaren 5ean eta 12an jokatuko dira saio horiek, Loiun, Laukizen eta Erandioko San Cristobal auzoan. Pisu honetan, Goiherri hiru talderekin, Gaztedi birekin, Mutriku eta Getxo izango dira lanean arituko direnak. Azkenik, 580koen txanda izango da, eta horiek uztailaren 19an, 26an eta 31n jokatu beharko dute. Pisu horretan, Goiherri hiru talderekin, Gaztedi, birekin, Getxo eta Mutriku izango dira lanean arituko diren talde guztiak.
Larunbatetan jokatzen diren saio guztiak 17.30ean hasiko dira, eta igandetan jokatuko direnak, berriz, 11.30ean. Aurtengoan talde guztietan izango da emakumezkoren bat tiratzen, eta talde bakoitzak ahal duen moduan osatu beharko du tiratzera aterako den ekipoa.
Nafarroako Lauko Txapelketako lehen jardunaldia Jauntsaratsen jokatuko da
Goma gainean, gaur abiatuko da Nafarroako Lauko Txapelketa Jauntsaratsen. Bertan 280, 265 eta 320 kiloko taldeen lehen jardunaldiak jokatuko dira 18.00etan.
320koan, gizonezkoak lehiatuko dira, eta Txantrea, Amaiur A eta B, Berriozar, Basaburua-Imotz eta Beti Gazte A eta B neurtuko dira. 265ekoan, berriz, emakumezkoak arituko dira, eta pisu horretan, Txantrea, Amaiur, Basaburua-Imotz eta Berriozar izango dira aurrez aurre.
Azkenik, 280koan, kadete mailako gaztetxoak arituko dira, eta maila horretan Andra Mari, Berriozar, Putterri eta Ultzama lehiatuko dira lehen jardunaldian. J.L.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
