J.L.
Aizkora

Rekondo eta Mugertza II.a ere sartzera doaz Urrezko lehiaketan

Urrezko Aizkoran gero eta gertuago dago amaiera eta hori aizkolarien izenekin baieztatzen da, maila handiko kirolariak jadanik lehiatzen hasi baitira.

Araban jokatuko dira asteburuko bi jardunaldiak. Aurrenekoa gaur goizean izango da, Ondategiko Bengolarra pilotalekuan, 12.00etan. Bertan, Donato Larretxea, Jon Rekondo eta Ander Erasun lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak bost lan egin beharko ditu, eta azken geratzen dena bakarrik geratuko da kanpoan.

Maila handiko hiru aizkolari izango dira aurrez aurre, eta horietako edozeinek lor dezake aurrera egiteko txartela. Jon Rekondorentzat aurreneko saioa izango da, eta horiek beti izaten dira arriskutsuak, batez ere besteak jadanik jokatzen ari direnak baldin badira.

Bihar, era berean, Araban ekinaldia izango da, 13.00etan, Zuhatzu Kuartangoko plazan jokatuko baita saioa. Han, Ugaitz Mugertza, Felix Etxeberria eta Juanjo Lopez lehiatuko dira.

Azken bi hauek pasa den maiatzaren 1ean lortu zuten sailkatzea Lazkaoko pilotalekuan, eta han ere elkarren aurka lehiatu ziren. Orduan Felix Etxeberriak hartu zuen aurrea, nahiz eta aldeak ez ziren handiak izan.

Mugertza II.a izango da saio honetako berria, beretzat lehen kanporaketa izango baita. Jon Rekondoren kasuan bezalaxe, beti izaten dira aurreneko neurketak oso arriskutsuak. Felix Etxeberriak eta Juanjo Lopezek jadanik batzuk jokatu dituzte. Dena dela, mutrikuar gaztearentzat lan hauek nahiko egokiak dira, eta agian bera izan daiteke irabazteko faboritoa.

Biharko saioan ere, gaur Ondategiko lan bera egin beharko dute, bost saio ezberdin alegia, eta azken geratzen dena bakarrik geratuko da kanpoan. Hiru aizkolarien artean ere ez dago alde handirik, eta amaieran tarteak nahiko txikiak izango dira, eta hutsik gutxien egiten duenak izango du aurrera egiteko aukerarik gehien.