Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Begira bakarrik

Ondokoa zioen 2012. urte hasieran «Nigeria, mehatxupean» izenburupean «Berria»-n argitaraturiko berriak: «Boko Haram talde islamistak ohartarazi du erasoak egiten jarraituko duela; (...) Jonathan presidenteari ohartarazi dio ez duela atzera egiteko asmorik: `Gure mugak zabaltzen ari gara. Egiaz, nahi dugun tokiraino irits gaitezke', adierazi du erakundeko bozeramaile batek. Erakundea geroz eta indar handiagoa hartzen ari da eta, kristauez gain, herrialdea bera dago mehatxupean, gerra zibilaren arriskua geroz eta handiagoa baita».

Berri hura irakurrita ere, ziurrenik inork gutxik izango genuen talde horren existentziaren berri joan den astera arte. Bere garaian, 2001eko irailaren 11ra arte, Al-Qaeda petrolioaren jeke aberats baten izena izango zela pentsa genezakeen bezala, adibidez. Egunkaria ireki eta berri izugarri batek luzaroan irauten duen oilo-ipurdia eragin arte. Egun, ia hamahiru urte beranduago, inork gutxik ez luke jakingo Al-Qaeda zer den, azaletik bada ere, eta nor izan zen haren buruzagi ospetsua, urteetan munduko pertsonarik bilatuena. Ameriketako Estatu Batuei etxean erasotzeko atrebentzia izan zuena.

«Egiaz, nahi dugun tokiraino irits gaitezke» zioten duela bi urte Boka Haram taldeek. Euren hitza bete eta, nahieran ulertzen duten lege islamikoaren izenean, 223 neska gazte bahitu dituzte, eta bortxatu, eta emazte gisa saldu. Eskolan zeuden neskak. Izan ere, euren izenak argi adierazten duen bezala, mendebaldeko heziketa bekatua baita haien aburuz, bekatua emakumeek hezkuntza -edozein- jasotzea, etxetik kanpo bizitzarik edukitzea. Finean, gizonen pareko izaki asketzat jotzea. Talibanen moduan, lege islamikoa nola ulertu eta ezarri nahi duten argi eta garbi uzteko sinbolismoz beteriko ekintza izugarri horren bidez, emakumea jaurtigai gisa baliatuz, lortu dute «mugak zabaltzea». Lortu duten heinean mundua beraiei begira jartzea, beraien buruzagiaz hitz egitea, Nigerian zer jazotzen ari den hitzetik hortzera ibiltzea mundu osoko hedabideen azalean. Izugarrikerien munduan ekintza izugarri bat ez baita aski, ez bada neurri handikoa, kopurutan deigarria, alegia, masiboa.

Jakin badakigu munduan indarkeria eguneroko ogia dela; hainbat motibazio eta forma izan arren, hazia eta loratzen jarraitzeko elikagaia pare batean laburbil daitezkeela: gorrotoa eta botere-gosea. Jakin badakigu munduan ez dela egun bakar bat ere igarotzen indarkeria hori gauzatu gabe, egunero daudela biktimak eta egunero eskuak burura eramateko gertaerak. Halere, tarteka, izaten dira mundu honen zentzugabekeriaz areago ohartzera eramaten gaituztenak; mundua bat ez, mendebaldekoa deitzen dugun hau ez, eta azpimundu askotan banatua dagoela berrestera. Eta ikustera, halako lotsa eta inpotentzia nahasketa batez, mugak mugak direla. Eta mendebaldea, berau ukitzen ez den bitartean, asko jota kondenazko hitzak eta elkartasuna adieraztera mugatzen dela. Bere mugez haragoko ekintza zehatzetan gauzatu barik. Horretarako, «nahi dugun tokiraino irits gaitezke» horrek geografikoa beharko luke izan, Nigeriaz, Afrikaz, kanpokoa.