J.L.
sokatira

Gaztedi A izan da lur gaineko aurreneko saioko talderik onena

Gaztedi A taldeak irabazi zuen Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketako lehen jardunaldia. Azkoitian jokatu zen, eta bizkaitarrak izan ziren onenak, denak irabazita.

Ia lau ordu iraun zituen saioak, eta dudarik gabe hor konpondu beharreko zerbait badago, zaila baita horrenbesteko iraupena duen saio batek jarraitzaile asko izatea.

Goiherri A taldea zen irabazteko faboritoa, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, Gaztedi A taldeak mendean hartu baitzituen, gainerakoak egin zituen bezalaxe.

Gaztedi A izan zen jardunaldiko onena, gainerakoak mendean hartuta, eta txapela lortzeko bere hautagaitza aurkeztu zuen. Bigarren postuan sailkatu zen Goiherri A, Gaztedikoekin bakarrik galduta. Lehen jardunaldi honetako podiuna Mutrikuk osatu zuen, aurreko biekin galdu, eta gainerakoei irabazita.

Gaztedi B taldeak eskuratu zuen laugarren postua, eta Goiherri B sailkatu zen bosgarren postuan, hauek zailagoa izango dute txapela lortzea, nahiz eta horretarako tartea ere izango duten.

Seigarren postuan berdinduta geratu ziren Ibarra eta Gaztedi C. Aurreko talde guztiekin galdu egin zuten, eta euren artean berdinduta geratu ziren.

Ibarrarentzat lehen saioa zen lur gainean. Orain arte goma gainean aritu dira, eta eskarmentu falta handia nabarmendu zaitzaien. Lurrak eta gomak zer ikusi txikia dute, eta hori asko nabaritu zuten moreek. Hala ere, txapelketak aurrera egiten duen bezala, gora egin behar duen taldeetako bat izan behar du.

Sailkapena honela geratu zen: Gaztedi A lehenengo, 7 punturekin, bigarren Goiherri A, 6rekin, hirugarren Mutriku, 5ekin, laugarren, Gaztedi B taldea 4rekin, bosgarren Goiherri B, 3 punturekin, eta azkeneko postuan berdinduta geratu ziren Goiherri B eta Gaztedi C 1,5 punturekin. Hurrengo jardunaldia Berriatuan jokatuko da igandean.