Jon LEUNDA
Aizkora Erronka

Olasagastik marka handi bat egin nahi du Sanfilippo gaitzaren aurka dirua biltzeko

Joxemari Olasagastik erronka berri bat izango du, baina oraingoan bere buruarekin; izan ere, 55 urteko aizkolariak 20 oinbiko moztu nahi ditu. Ekinaldia ekainaren 14an izango da Tolosako zezen-plazan, 18.30ean.

Bertan ateratzen den diru guztia Oier Iribarren umearentzat izango da. Sanfilippo gaitza dauka eta gaixotasun horri aurre egiteko diru asko behar du. Hala, ekimen honekin laguntza txiki bat jasoko du. «Jadanik bi apustu handi jokatu ditut, baina oraindik ongi ikusten nuen neure burua. Aukera hau etorri zitzaidanean zerbait ezberdina egin nahi nuen. Honelako markarik ez dago, eta ausartu egin naiz», esan zuen Igeldoko aizkolari beteranoak. «Zailena enborrak bilatzea da, baina ari naiz, eta pentsatzen dut gustukoak izateko aukera izango dudala. Bi orduren azpitik amaitzeko itxaropena daukat», gehitu zuen.

Olasagastiren ekintza txalogarria da. Egin beharreko lana ikaragarria da eta berak ez du trukean dirurik jasoko, haurrari laguntzeko izango baita guztia. Sarrerak 15 euroan erosi ahal izango dira, eta aurretik erosi nahi dituenak Kantabriko tabernan izango ditu; egunean bertan zezen-plazan erosi ahal izango dira, 11.00etatik aurrera.

Oier Iribarrenen aitak ere hitz egin zuen, Olasagastiri eskerrak emateko, egin behar duen ahalegina handia delako, eta denen laguntza behar dutelako. «Denbora gutxian ekintza asko ari gara antolatzen, eta batzuetan jendea aspertuko ote dugun kezka sortzen zaigu, baina ikusle ezberdinentzat ari gara», esan zuten, berriz, antolatzaileek.