Jon LEUNDA
sokatira

Gaztedi taldeak eman du aurreneko kolpea 640 kiloko mailan

Gaztedik eman du 640 mailako aurreneko kolpea, eta lehen jardunaldia irabazi egin zuen, txapela lortzeko pauso garrantzitsua emanez. Oraindik beste bi jardunaldi geratzen dira, baina oraingoz bide ona hartu dute; eta Goiherri taldekoek, berriz, gorriak baino hobeak izan beharko dute geratzen diren bi saioetan.

Aurreneko ekinaldi honetan Gaztedik irabazi zituen tiraldiak, eta bigarren geratu zen Goiherri A taldea. Azken hau nagusi izan da azkeneko urte hauetako txapelketetan, baina aurtengoan lehen txapela galdu zuen 680koan, eta ondorengo mailan ere ez da hasi irabazten. Gaztediko lehen taldeak 7 puntu batu zituen, eta sei, berriz, Goiherri A taldeak.

Hirugarren posturako borroka handia, izugarria, izan zen Gaztedi B eta Mutriku taldeen artean, eta amaieran berdinduta geratu ziren. Bakoitzak 4,5 puntu batu zituen.

Hauen atzetik, eta bosgarren postuan Goiherri B taldeak amaitu zuen, eta 3 puntu lortu zituen berdeen bigarren taldeak. Seigarren amaitu zuen Gaztediren hirugarren taldeak, eta hauek Getxori bakarrik irabazi ahal izan zioten, eta bi punturekin amaitu zuten lehen jardunaldi hau. Sailkapena Getxok itxi zuen, tiraldi guztiak galduta, eta puntu bakar bat batu ahal izan zuten.

Pisu honetako bigarren jardunaldia datorren larunbat arratsaldean jokatuko da Erandioko Martiartu auzoan. Goiherri bere zaleen aurrean arituko da, eta han izango du Gaztedi sailkapenean harrapatzeko aukera. Gaztedik berriro garaipena lortuko balu, txapela lortzetik oso gertu geratuko litzateke.

Maila honetako azkeneko jardunaldia, berriz, ekainaren 21ean jokatuko da Leioan, eta han erabakiko da denboraldi honetako bigarren txapela. Horren ostean etorriko dira falta diren bi mailak, eta ikusiko da baita ere, ea Gaztedi orain arteko nagusitasuna mantentzeko gai den edo ez.