Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Zaku banaketa

Harrigarria da zer-nolako joera dugun pertsonok dena multzokatzera eta ñabarduren mundu zabala aldez aurretik deuseztatzera. Hala, mota orotako usteak garatzen ditugu, azkenean iritzi aldaezin eta mugiezin bihurtzen ditugunak. Estereotipo deitzen diegu, edo aurreiritzi, kutsuaren arabera.

Duela gutxi berretsi nuen kalean zein mugatuak izatera hel gaitezkeen. Bi afrikar nituen ondoan, solasaldi alaian. Den-dena ulertu nien, batari besteari baino argiago, gaztelaniaz hobeto egiten zuelako; besteak, aldiz, kostata adierazten zuen bere ikuspuntua, hiztegia falta zitzaion. Hantxe nengoen, harrituta, neure buruari galdezka zergatik demontre ari ziren haientzako hizkuntza arrotz horretan hizketan beraienean egin beharrean, besteak beste, ni bezalako antena paraboliko batek euren gauzak ezin ulertzeko... Afrikar guztiek hizkuntza bakarra hitz egingo balute bezala; edukiko ez balute bezala nork bere historia, kultura eta berezitasun. Otu zitzaidan eurek ni finlandiar batekin, adibidez, ingelesez aditu eta txundituta geratuko balira bezala zela kontua, Europako kontinentean denok berdin mintzatzen garela pentsatzea bezain ergela.

Neure buruarekin lotsatu samar urrundu nintzen pentsatzen zein erraza, eta arriskutsua, den mundu honetan zaku banaketa mugatu-mugatu horretan erortzea. Eta pentsatzen, baita, nik afrikarrekin egin bezala, horixe bera gertatzen dela mundu honetan emakumeekiko, nork bere berezitasunik gabeko izaki bakarra bagina bezala tratatuak izatea, jendarte mailan, behinik behin. Neuk, adibidez, emakumea naizen aldetik, eta euskalduna, sarritan sentitu izan dut besteen aldetik, Euskal Herritik bertatik atera ere egin gabe, «neska abertzale feminista borrokalari zail samarraren» zakuan segundo bat bera ere pasa gabe sartu nautela, eta horrek, automatikoki, kanpoan utzi duela beste hainbeste ezaugarri izan ditzakedalako ikuspegia; esaterako, maitekorra, ulerkorra eta moldaerraza izan naitekeela, edo ameslaria, irudimentsua eta oso sineskorra, edo guztiak, eta beste asko, batera. Emakumeok, zakuetan, gizonezkoek banatzen gaituzte; haiek, haietako batzuek, hobeto esanda, sortu dituzte eta sortzen dituzte egun ere geuri buruzko estereotipoak, eta aurreiritziak, jakina. Horietako batzuk, esan beharra dago, guk geuk ere sinetsi ditugu; adibidez, emakumeok geure artean gaiztakeriaz jokatzen dugulako hain hedatu eta maltzur hori. Edo, klasikoetan klasikoena, jendartean oso erroturik segitzen duena: neska goxoak eta sentiberak pasiboak izaten direla, lasaiak, diskretuak, etxe eta familiaren zaleak... neska aktiboak, aldiz, deserosoak, moldakaitzak, egoskorrak eta, finean, arriskutsuak. Jendartearen gezurrezko egonkortasun horretarako arriskutsuak.

Benetan arriskutsua dena da besteren nahi eta izuen arabera eraturiko zakuetan sartuta sentitu eta horren arabera jokatzea geure bizitzan, etxean zein bizitza sozialean. Emakumeok oro har mota bakarrekoak, edo asko jota bikoak, bagina bezala trata gaitzaten uztea, geuk ere hizkuntza bakarra bagenu bezala, denok berbera. Egun absurdoa dirudien hori, teorian, uste baino errazago mamitzen delako praktikan.