Langile borrokaren aldeko suziria piztu zuten Martxoak 3 elkarteko txupinero guztiek batera
Martxoak 3 elkarteko kideek piztu zuten atzo Gasteizko jaietako suziria, «langileen alde». Bestalde, balkoian, Palestinako banderak kentzen aritu ziren PPko zenbait kide, tartean Javier Maroto alkatea bera.
Jose Luis Martinez Ocio, Martxoak 3 elkarteko presidente eta poliziak hildako biktima baten anaia, neba galdu zuen Blanca Barroso, Agustin Plaza eta Andoni Txasko, guztiak Martxoak 3 elkarteko kideak, arduratu ziren atzo Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaien hasierako suziria jaurtitzeaz. Ociok piztu bazuen ere, denek batera egingo zutela aldarrikatu zuten aurretik. Iragarri eta egin: «Jose Luisen besoa hartu eta lortu dugu, zerbait berezia izan da, orain arte ez bizitakoa», aitortu zuen Txaskok.
Era berean, «garrantzitsuena», hasiera batean eurak erasotzaileak zirela zioen kontakizuna aldatzea lortzen ari direla dela nabarmendu zuen, eta Estatu espainolaren zentzugabekeria agerian geratzen ari dela, Memoriaren Legearen eta errekonozimendu dokumentu pertsonal baten bidez 1976ko euren borroka hura bidezkoa izan zela onartu zelako: «Honek ebidentzian uzten du Estatu espainola, momentu horretan erabili zuen biolentzia onartu, baina gero egintza horiek auzipetu eta biktimei dagokien moduan erreparazioa eskaintzen ez dien estatua».
1976an gauzatu zen borroka horren idealak gaur egun inoiz baino beharrezkoagoak direla nabarmendu zuen Txaskok: «Garai hartan parte-hartze, elkartasun eta erabakitzeko eskubidearen oinarriekin gauzatu zen borroka horretako ideiei berriz heltzea ezinbestekoa da [...] Egun ere herri gisa izan nahi duguna erabakitzeko eskubidea dugu, parte hartu behar dugun erabakiak dira, entzun gaitzaten eskubidea dugu, eta horri guztiari berriz ekin behar diogu». Zeledon San Migeleko balkoira iristean, elkartekoen txaloen artean jarri zien zapia Martxoak 3-ko lau kideei, Plazak garaipen keinuarekin ukabila altxatu zuelarik. «Protokoloarengatik zapi gorria jarriko zigutela uste genuen, baina ezuste atsegina izan da koadroduna jartzea, guk langile gisa nahi genuena», aitortu zuen Txaskok. Beharbada, orain arte ez bezala lau pertsona agurtu behar izateagatik hasi zen urduritzen leporaino beteta zegoen Andre Maria Zuriaren plaza: txistuak aditu ziren eguneko «heroia» noiz agertuko zain eta ohiko Ha hecho una casa nueva abesteko, edo oihukatu, hobeto esanda, irrikan zegoen plazan.
Maroto eta Palestina
Hain zuzen, ohi bezala, preso politikoen aldeko aldarria ahaztu ez zuen plaza; makina bat lagunek zeuzkaten banderolak eta iaz lehenengoz Iruñeko arrantzaleen hitoa dela-eta hesitu zuten Gasteizko Batailaren inguruan pegatina erraldoiak ageri ziren. Palestinaren aldeko elkartasuna ere ez zen falta izan, «Israel genozida» salatzen zuen pankartarekin, balkoian aldarrikapen hori isilarazia izan arren. Izan ere, txupinazoaren aurretik jarritako Palestinako banderak kentzen ibili ziren udal gobernuan dauden PP alderdiko kideak, bizkartzainak eta Javier Maroto alkatea. Haatik, Zeledon balkoira iritsita Gasteizko Bildu taldeak gonbidatutako eta banderak jarri zituzten Palestina Sarea-ko kideek Gorka Ortiz de Urbinaren (Zeledon) eta alkatearen inguruan erakutsi zituzten, hedabideen aurrean.
Gonbidatuen artean han ziren Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria (EAJ), Rafa Larreina eta Iker Urbina (Amaiur), Pello Urizar eta Belen Arrondo (EH Bildu)...

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
