Jon LEUNDA
Trontza | Arabako final mistoa

Velez de Mendizabal eta Lekuona beste abiadura batean aritu ziren lanean

Hasieratik aurre hartu zuten, eta aurkariei ez zieten inolako aukerarik utzi. Bi minutu pasatxoan amaitu zuten lana, eta amaieran ia bi minutuko aldea kendu zieten bigarren sailkatu ziren Lopezi eta Ferrani.

Velez de Mendizabalek eta Lekuonak irabazi zuten atzo Gasteizen jokatu zen trontzalari mistoen finala. Maila honetan, bikote bakoitzean neska batek eta mutil batek egon behar du. Aurreko bi egunetan baino jende gutxiago batu zen atzo, nahiz eta sarrera ona izan zuten atzo ere Gasteizko Foru plazako harmailek.

Bikote bakoitzak 45 ontzako enbor bat etzanda jarrita, hamar epai eman behar izan zizkion, eta Velez de Mendizabal eta Lekuona jaun eta jabe izan ziren. Hasieratik hartu zuten aurre, eta sekulako abiadan egin zuten euren lana. Bi minutu pasatxoan dena amaituta zuten, eta egindako denbora ere oso ona izan zen. Eskarmentua ere garrantzitsua izan zen.

Beraiei atzetik jarraitzen saiatu ziren Lopez eta Ferran ere, baina apurka-apurka atzean geratzen joan ziren, eta amaieran bigarren postu horrekin konformatu behar izan zuten. Ez zuten lan txarra egin, baina irabazleak beste abiadura batean aritu ziren.

Franco eta Ugarte, berriz, hasieratik geratu ziren atzean, eta ahalik eta lanik txukunena egitera joan ziren, baina azkenean eurek itxi zuten sailkapena, ez baitzuten beste aukerarik izan.

Atzo, mutilen lasto jaurtiketako Arabako finala ere jokatu zen. Hiru partaide izan ziren, eta Juan Carlos Lopezek lortu zuen txapela. Herenegun aitzurlarien txapela jantzi zuen, eta atzo lasto jaurtiketakoa. Araban ez dira kirolari asko eta denek denetik egin behar izaten dute.

Lopezen marka 5 metro eta 20 zentimetrokoa izan zen. Bigarren Ruiz de Aretxabaleta sailkatu zen, eta 4.80 izan zen bere marka. Azken orduan joan zen parte hartzera Lauzirika, eta berak itxi zuen sailkapena, nahiz eta bigarren postua ere ez zuen izan oso aparte. Amaieran, 4 metro eta 60 zentimetrokoa izan zen bere marka.

Azken txapelketak

Gaurkoa eta biharkoa geratzen dira Gasteizko herri-kirol jaialdietan, baina txapelketen azken eguna izango da gaur, biharkoak erakustaldiak baino ez dira izango. Gaurko egitarauko saiorik erakargarriena, Andre Maria Zuriaren aizkora torneoa izango da. Azurmendi eta Zubiaga Atutxaren eta Jauregiren aurka neurtuko dira. Urrezko Aizkorako lan bera egin beharko dute.

Horretaz gain, nesken lasto-altxatzeko finala ere jokatuko da. Lekuona eta Ugarte izango dira lehian arituko direnak. Azkenik, ingude-altxatzeko Arabako finala ere jokatuko da, mutilen mailan, eta bertan Lopez, Franco eta Lauzirika arituko dira lanean. Horiez gain, erakustaldiak ere izango dira saioa osatze aldera.