«Idaztea orekatuta bizirauteko beharra da»
Literatura eta zientzia. Erdizka. Biek bizi dute Jule Goikoetxea (Donostia, 1981). Betidanik idatzi izan du bi esparruetan. Aitaren heriotzaren saminetik sortutako poesia lanak argitara ematea erabaki du orain. «Tractatus» (Susa) liburua besapean hartuta dator EHUko Zientzia Politikoen Fakultateko irakasle eta NAIZeko blogaria.

«Orekatuta bizirauteko beharra dut idaztea». Ezin argiago esan. Betidanik idatzi du eta orain argitara emateko pausoa eman du, aitaren -Tomas Goikoetxea- heriotza tarteko. Hiru hilabetetan idatzi zuen «Tractatus», iazko udan. «Bota, bota, bota... dena atera zen», aitortu du.
Filosofian doktore, Politika eta Soziologiako lizentziatura egin zuen Cambridgen. Ingalaterran, AEBetan eta Kanadan ikasle eta ikerlari lanetan aritu da. «Kanpoan egoteak nire karrera profesionalerako dena eman dit. Nazioartean kokatzen zaitu, batez ere Cambridgek», nabarmendu du. Ezagun du han egindako hiru urteko egonaldiak arrasto sakona utzi diola.
Zer moduzko harrera izan du liburuak?
Pozik nago. Hurbildu zaizkidan ia denak idazleak dira eta horixe da gehien gustatu zaidana, euren iritzia jaso ahal izatea. Oso gustukoa dutela esan didate eta niretzako berme baten modukoa da, liburua ez baita erraza.
Zer bilatu duzu?
Ez dut ezer bilatu. Nik betidanik idatzi dut eta ez dut inoiz idatzi ezer aurkitzeko. Orekatuta bizirauteko beharra da, ezinbestekoa. Eta plazer handia eman izan dit beti, bestela ez lidake lagunduko bizirauten. Ni naizenaren erdia literatura da. Eta literatura idazten ez badut nire erdi hori faltan dut. Nire zati hori literatura formatuan bakarrik espresa daiteke. Eta aukeratutako generoaren gainetik dago hori. Nire identitateari lotuta doa, segur aski betidanik egin dudalako.
Lehen aldia da argitara eman duzuna. Zerk bultzatu zaitu?
Literaturan oso gazte hasi nintzen eta aitak esaten zidan ez edukitzeko presarik. 20 urterekin nobela bat idatzi nuen eta bere unean pentsatu nuen argitaratu zitekeela. Hirugarrena zen, niretzat onena. Baina oso gordina zen. Berriz hartu eta landuko dut.
23 urterekin ikertzen eta zientzia arloan argitaratzen hasi nintzen. Aitaren heriotzaren ondoren nire bizitzarekin zer egin nahi nuen planteatu nuen. «Nik badakit idazlea naizela. Hemendik aurrera literaturan idazten dudan guztia -azken urteotan ez dut sistematikoki egin- argitara emango dut», pentsatu nuen. Hiru hilabetetan idatzi nuen «Tractatus», iazko udan, aita hil ondoren. Bota, bota, bota... dena atera zen.
Nire pentsatzeko modua oso sintetikoa da, poesia formatua dauka berez. Pentsatzen dudan bezala idazten dut, batez ere literaturan, prentsan edo zientzian baino. Zientzian pentsamendua desintensifikatu egin behar dut. Egun batzuetan bost poema idatzi ditut, oso natural ateratzen zait genero hau. Noski, poesia ona egitea zaila da.
Pudorerik gainditu behar izan al duzu?
Hasiera batean pudorerik ez daukadala esango nuke. Baina bai, beti daukagu. Danele Sarriugarteren «Erraiak» liburua datorkit gogora. Nobela asko gustatu zait. Ez dakit, inoiz ez naiz jarri pertsonaia nahita biluzten den egoera horretan... Egiari zor hor nabaritzen da ez daukagula pudore maila bera. Agian adin kontua da, edo estiloarena... auskalo.
Zein sentsazio daukazu fokupean jartzean? Poesia izateagatik biluzte handiagoa dauka?
Hasteko, irakaslea eta ikerlaria naiz eta publikoaren aurrean hitz egiten dut. Kazetaritzan edo zientzia arloan idazten dudanez fokupean nago lehendik ere. Literatura, orokorrean, biluztea da. Zure zatia jartzen ari zara, gordinago edo gutxiago, beti. Zientzian ere biluzten zara, baina desberdin. Literaturan autorearen gorputza, bihotza eta dena dago, aldiz, zientzian ez dizute baimentzen. Emozioa badago, baina oso mediatua dago. Alegia, zure sentimenduak diskurtso formalizatu tekniko baten bidez hartzen du forma eta emozioak, ondorioz, ia ez dira iristen. Beti idazten dugu sentsibilitatetik eta boteretik. Beti dago emozioa, nahiz eta logikako tratatua izan. Baina zientzian ez duzu espresatzen sentitzeko edo ikusteko era bat, pentsatzeko era bat baizik. Pentsamendua beti dago sentimenduari lotuta baina ez da hori helburua zientzian; aldiz, artean bai. Ez biluztea bakarrik, nola biluztuko zaren ere eskatzen dizu arteak. Batez ere zure biluzte horren arabera gauza bat ala bestea izango zara zu, baita zure obra ere. Artean emozioek lehen mailan egon behar dute, ez daude neutralizatuta, eta estetika jakin bat izan behar dute. Nire %50a literatura da, hor izan naitekeelako ni guztiz. Zientzian ezin zara erabat zu izan. Hasteko, ez dizutelako baimentzen.
Hiru ataletan banatu dituzu liburuan poema lanak. Behin bukatutakoan dator hausnarketa eta sailkatzea?
Erreflexioa eta emozioak ez ditut sekula bereizten. Izatekotan, pentsamenduaren eta emozioaren arteko trantsizioa non dagoen fintzen dut; zer-nolako erlazioak ezartzen diren, edo areago, zer den emozioa eta zer pentsamendua, non bukatzen den ideia bat eta non hasi sentimendua... Noski, filosofoa naiz! Txikitatik nahi izan dut filosofoa izan, idazle izan aurretik. Izan ere, nik pentsatzeko era bat daukat sentitzeko modu bat daukadalako. Zerbait gustukoa ez dudanean sentitzeko era aldatzen dut, pentsamendua bera aldatuz.
Nola laguntzen dizu idazteak beharrezko duzun oreka lortzen?
Hasteko, umorea mantentzen laguntzen dit eta horrek orekatu egiten nau. Bizitzari beste modu batera aurre egitea ahalbidetzen dizu eta gainera ni nor naizen neuk eraiki dezaket, baita mundua ere. Egia da zientzian ere mundua eraikitzen duzula, ez deskubritzen, baina literaturan baita zeure burua ere. Nire bizitza etengabeko eraikitze prozesua denez, literatura ezinbestekoa da. Eraikitze prozesu hori materializatu egin behar da nonbait, izan daiteke idatziz, nire kasuan bezala, edo manifestazio batera joanez edo zerbait esanez, adibidez. Gainera, idaztea sekulakoa da zerbait eraikitzeko! Nahikoa duzu orri zuria eta boligrafoa. Eta hasi eraikitzen. Beti eramaten dut aldean koadernotxoa. Izan ere, zuk zeuk ez baduzu zeure burua eraikitzen beste norbaitek eraikiko du. Borroka hori mantendu egin behar da.
Jule txikia zazpi urterekin orri zuri baten aurrean irudikatzen dugu. Zein sentipen zuen?
Nik ordurako egunerokoa idazten nuen. Poesia ez zen bat-batean etorri, continuum bat izan zen. Ipuinak, 8-9 urterekin hasi nintzen. Lehenengo ipuina 12rekin egin nuen. 14-16 urte bitartean berriz poesiara jo nuen -15 urterekin etxetik joan nintzen-. Gero aitak eta biok «Jantzi» izeneko nobela idatzi genuen. Berak esan zidan poesia oso sintetikoki idazten nuela eta pentsamendua askatzea komeni zitzaidala.
Kritikak irakurri al dituzu?
Bai, eta esan behar dut orokorrean ez direla serioak izan.
Zure poesia ulertu ez den sentsazioa al daukazu?
Irakurle bati eragina egin badio berdin zait zein puntutaraino ulertu duen ala ez. Baina kritikariek inpaktua aztertu eta azaltzeko teknika daukatela suposatzen da... eta ez dute egin. Topikoak errepikatzen dituzte.
Inori erakutsi al dizkiozu poemak editorearen aurretik?
Koldo Izagirrerekin egin dut liburua. Elkarlanean aritzen naiz eta oso ondo konpontzen gara. Erreferentea da niretzat, gustukoa dut idazle bezala. Gainera, konplizea da; laguna dut eta primeran ulertzen du nire literatura.
Aurten Danele Sarriugartek eta iaz Miren Agur Meabek; euskal literaturan hautsak harrotu dituzte bi emakumeek.
Oso pozik nago, bazen garaia! Aurten Eako Poesia Egunak mundialak izan dira... Emakume poetak elkartu gara. Sekulako gogoa eta kontzientzia feminista ikusi dut, gure testuinguru patriarkal honetan artea egiteko ezinbestekoa dena. Sormen gogoari zapalkuntzaren identifikazioa gehitzen badiozu nabaritu egiten da edukietan... Protesta da, transgresioa, eta horrek plusa ematen dio. Liluratuta nago gaur egun artean sorkuntza lanean ari diren emakumeekin, bertsolaritza barne. Formakuntza eta maila ikaragarria dago. Emaitza oso ona da eta ilusionatuta nago. Lehen emakume bat edo bi bakarrik ziren eremu bakoitzean eta orain, jada, bagara masa kritikoa.
Eako bilkuran bai, indarra ikusi dut. Izan ere, idazle berrien artean indarra sumatu izan dut faltan. Indarra narrazioari, erretorikari, edukiari, transgresioari... dagokienez. Beste hainbat gauza ere behar dira, baina indarrik gabe...
NAIZeko blogean idazten duzu. Zer ematen dizu horrek?
Alderdi politiko ezberdinetan aritu naiz, baina hautsi dut horrekin. Blogean idaztea nire alderdi aktibistari lotuta dago. Politika egitea diskurtso berriak sortzea da niretzat. Hori zientziaren bidez eginez gero, bi pertsonek ulertuko dute. Horregatik erabiltzen dut kazetaritza, irakurleek ulertzeko moduan. Gauzak alda daitezen, hori baita beti helburua.
«Bizitza beti izan da borroka niretzat, ezetz esanez jaio nintzen»
Haserrea, ironia... daude zure poesiatan. Literatura, ezinbestean, inguratzen zaituenarekiko desadostasunari ere lotuta dago.
Zalantzarik gabe. Biziraute orekatsua diodanean, horretaz ari naiz. Erresistentzia modu bat da, bizitza beti izan baita borroka niretzat. Beti sentitu dut desadostasuna, guztiarekin. Beti.
Etxean sormenaren aldeko giroa arnastu zenuen, ezta?
Oso testuinguru pribilegiatua eduki dut zentzu guztietan. Amarekin bizi nintzen eta ez nintzen ondo moldatzen, baina berak emandakoa ere horren barne sartzen dut. Baita Laura izebak ere -berea da liburuaren azaleko margolana-, nire bigarren ama izan denak. Gurasoak biak idazleak dira eta familian artistak eta sikoanalistak ere badira. Horri esker naiz ni naizena, baina horrek ez du esan nahi dominazioz beteriko testuingurua ez denik. Zer gertatzen da? Pribilegiatua izatean baliabide gehiago dituzula defendatzeko. Hori da diferentzia.
Tomas Goikoetxea zenuen aita. Berarekin harreman berezia izan duzu.
Bai, oso berezia. Nire laguna zen, sekula ez da aita izan. Berak eman dizkidan erremintei eta diskurtsoei esker are pribilegiatuagoa sentitzen naiz. Baina ni ezetz esanez jaio naiz. Beti izan da horrela. Inkontzienteki. «Ni bizi naizen leku hau ez zait gustatzen: ez familia, ez ikastola... ezer ez», esaten nuen. Lagunak ziren errespetua eta maitasuna erakusten zidatenak. Horrek salbatu ninduen. Heziketa beti izan da inposaketa. «Zu inposatzen ari zara eta nik ez dut nahi. Ez dakit zergatik, baina ez», nioen. 10-11 urterekin ez dakizu...«Ez zaitut maitatuko ama zarelako», «ez zaitut errespetatuko nire irakaslea zarelako»... «Nik maitatuko eta errespetatuko zaitut zuk ondo tratatzen banauzu, bestela ez!». Autoritatearekin ez dut eduki filtrorik, diskurtsoa eduki aurretik ere ez. Erresistentzia hori dela-eta, beti egon naiz talkan. Arazo piloa izan ditut eta ikastolatik eta institutuetatik bota naute.
Nik beti pentsatu dut «hemen nago eta egiteko gauza asko dauzkat. Ez nago denbora galtzeko». Nire jarrera beti izan da bera.
Adinarekin hori kanalizatu egin dut, idatziz. Literatura horregatik da beharra. Borroka horretan ezin naizelako ezezko hutsean geratu, proposamenak egin behar ditudalako. Nolako harremanak nahi ditudan, nolako mundua nahi dudan... Eta hor eraikitze prozesuak egon behar du, bestela... Artea horixe da, proposamenak luzatzea, espresio eta ikuspegi proposamenak. X.A.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
