Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

2014ko titulua jokoan: Mick Fanning, Gabriel Medina eta Kelly Slaterren artean dago saria

Portugalgo txapelketak hankaz gora jarri ditu aurreikuspen guztiak. Medina eta Slater hirugarren errondan kaleratu zituzten eta Mick Fanning izan zen garaile. WCT zirkuitua amaitzeko txapelketa bakar baten faltan, Pipelinen erabakiko da 2014ko txapelduna nor den.

Pasa den astean amaitu zen Penichen Moche Rip Curl Pro Portugal munduko surf txapelketa eta WCT zirkuituko hamargarren txapelketa hori Mick Fanning australiarrak irabazi zuen.

Orain txapelketa bakar baten faltan, batez ere Gabriel Medinak eta Mick Fanningek dute 2014ko munduko titulua eskuratzeko aukera gehien, baina Kelly Slaterrek ere irabaz lezake koroa hori.

Portugalgo txapelketan gauza asko gerta zitezkeen, tartean baita 2014ko zirkuitua amaitu aurretik Medinak aurtengo munduko titulua eskuratzea ere, baina inork gutxi espero zituen gauzak gertatu ziren eta orain aukerak bestelakoak dira.

Mick Fanning

Portugalen Mick Fanning izan zen txapelduna, eta horrela ASP zirkuituko azken txapelketan munduko titulua eskuratzeko aukera gehiago izatea ere lortu du. Behar zuen puntu sorta jasota, rankingean postu bat gora egin eta bigarren postuan kokatzea lortu zuen australiarrak, eta orain Gabriel Medinaren atzetik baina Kelly Slaterren aurretik dago.

Hain zuzen ere, hiru lehiakide hauetako bat izango da 2014ko WCT zirkuituko txapelduna. Aukera gehien Medinak du, gero Fanningek eta azkenik, Slaterrek ere badu aukera oso txiki bat, handi bilaka dezakeena.

Fanning bikain aritu zen Portugalen, olatu onak hautatu eta tubo ederrak egin zituen. Finalean, Jordy Smith hegoafrikarraren kontra aritu zen eta alde handiz irabazi zuen. Bederatzi puntuko itzelezko olatu batekin eta 6,50 puntuko olatu ertain batekin 15,5 puntu zituen poltsan australiarrak. Smithek, ordea, ez zuen puntuazio altu bat lortzen lagunduko zion olaturik hautematen; olatu bakarra hartu zuen, eta bozinak amaiera iragarri zuenean hegoafrikarrak 7,67 puntu baino ez zeuzkan.

Gabriel Medina

Portugalen munduko txapela eskuratzeko aukera zuen Medinak, baina ez zuen ongi jokatu. Orain bi urte bezala, bere aurkariak gutxietsi zituen, eta oraindik oinarrizko zenbait ikasgai ez dituela ikasi frogatu zuen.

Lehen erronda erraz pasa ostean, hirugarren errondan indartsu aritu zen brasildarra, Brett Simpson iparramerikarraren kontra. Medina gelditu gabe zebilen alde batera eta bestera arraun egin eta olatuak hartzen. Lau minuturen faltan, Simpsonek guztira bost olatu hartu zituen eta bi olatu onenekin 12,50 puntu bilduta buru jarri zen.

Medinak, berriz, hamar olatu hartuta, 12,06 puntu batu zituen bere bi olatu onenekin; beraz, ia sei puntuko olatu bat behar zuen iparramerikarra garaitzeko. Ia bi minuturen faltan ezker olatu bat hartu zuen Medinak, tubo txiki bat eta bira bat egin zuen eta amaitzean hondartzara atera zen.

Agian olatu horrekin irabazi zuela pentsatu zuen edo agian haserre zelako atera zen kanpora. Kontua da, bere aurkaria bakarrik utzi zuela uretan azken bi minutuetan, eta txapelketa batean bi minutu denbora asko da.

2012. urtean gauza bera gertatu zitzaion Medinari. Orduan, 18 urte zituela, bera baino bost urte zaharragoa zen Julian Wilson australiarraren kontra ari zen finalean. Txanda amaitu aurretik atera zen kalera, besoak jasota, txapelketa irabazi zuelakoan. Azken segundoetan, ordea, australiarrak sekulako olatua egin zuen eta irabazlea nor izango ote zen airean geratu zen. Medinak, urduri, aldageletara jo zuen, lasterka, eta han epaileek Wilsonen azken olatuari emandako puntuazioa entzun ahal izan zuen. Brasildarrak txapela galdu zuen.

Aukerak

Urtero bezala, WCT zirkuituko azken txapelketa Hawaiiko Oahu irlan izango da, abenduaren 8an hasita. Billabong Pipe Masters txapelketa ospetsuan erabakiko da 2014ko munduko txapelduna nor den. Aurten gainera, bereziki interesgarria izango da txapelketa, lehen aldiz brasildar bat munduko txapeldun izan baitaiteke.

Horrez gain, irabazle izateko aukerak dituzten lehiakideen zerrenda oso murritza da. Hiru dira Pipelinen lortzen dituzten emaitzen arabera munduko txapela eskura dezaketen lehiakideak, eta horrek are eta zirraragarriago egiten du lehiaketa.

Pipelinen Medinak hirugarren txanda pasatzea lortzen ez badu eta Slaterrek txapelketa irabaziz gero, munduko titulua eskuratzeko aukera izango luke Floridakoak. Horixe da Kelly Slaterrek munduko txapela hamabigarrenez irabazteko duen aukera bakarra.

Beraz, Medina eta Fanningek artean dago txapela batik bat. Medinak Pipelinen lehen edo bigarren postua eskuratuz gero, 2014ko munduko titulua berak eramango luke. Txapelketa Fanningek irabaziz gero, berriz, Medinak hirugarren postutik behera geratu beharko luke.

Fanning bigarren postuan geratu eta Medina bederatzigarren postutik behera geratuko balitz, orduan, australiarra litzateke munduko txapeldun.

Medinak hirugarren txanda pasatzea lortuko ez balu, Fanningek finalerdietara iritsi beharko luke munduko titulua eskuratzeko. Kasu horretan final- laurdenetan kaleratuko balute, orduan gauza bitxi bat gertatuko litzateke, Medina eta Fanningek arteko berdinketa izango bailitzateke. Eta kasu horretan buruz buruko txanda bat egin beharko lukete munduko titulua nork irabazten duen erabakitzeko. Beraz, puri-purian dago WCT zirkuitua.