Jabier MUGURUZA
Idazlea eta musikaria
49. Durangoko Azoka 2014

Gure buruari so

Aurten «gogoeta» hitza izan da, segur aski, Durangoko Azokari buruzko aurretiko komentarioetan gehien entzun dena. Adibide gisa, hedabideetan gaiaz aritu diren bi pertsona publiko hauen ahotan iritsi zaizkigunak: Joxean Muñozek baieztatu zuen denon artean hausnartu behar dugula ea egun martxan dagoen azoka-eredua den benetan behar duguna. Nerea Mujikak ere garbi esan zuen Gerediagak, euskal kulturaren plaza nagusia kulturari buruzko gogoeta-gune garrantzitsu bilakatu nahi zuela, horixe zutela erronka.

Hausnartu beharra dago, beraz. Azokaren ereduaz, euskal kulturaz, kulturaz orokorrean... ondo, baina zer jarrera behar da gogoeta egin ahal izateko? Nik uste errealitateari aurrez aurre begiratzen ausartzen denarena.

Elkarrizketa eder baten erdian, zera bota zuen, Jose Luis Zumetak, joan den astean: «Gaur egun inori ez zaio interesatzen pintura, edo oso jende gutxiri. Alde horretatik, oso tristea da, zeren jendeak ez du erantzunik ematen. Iruditzen zait jendeak gutxi dakiela, eta gainera interesik ez daukala». Nire inguruko batzuei ilunegi iruditu zitzaien pintorearen konstatazio hori, badakit, baina nik uste Zumetak, beste behin ere, errealitatearekiko zintzo jokatu zuela, eta edozein hausnarketa prozesu martxan jartzeko horixe dela jarrera egokia.

Azokarekin ere, berdin. Urteroko euforiak eta triunfalismoak alde batera utzi, eta errealitateari heldu beste erremediorik ez zaigu gelditzen. Goazen, bada. Gauzak kulturan eta munduan orokorrean ikaragarri aldatzen ari direla ez dago ukatzerik. Ziztu bizian aldatzen, gainera. Gorka Urbizuk duela gutxi hitz hauekin heldu zion aldaketa itzelaren ardatz bati: «Gaur egun musika kontsumitzen den moduarekin, denak duen abiadarekin, disko hirukoitza atera izanak jarrera bat erakusten du. Beste denbora bat aldarrikatzen dugu. Gaur egun, etengabeko zappingean bizi gara».

Guztiz bat nator musikari nafarrarekin, baina hona zalantza: hainbeste kezkatzen gaituen munduan egoteko era berri hori dagoeneko tsunami moduan ez ote datorkigun, jada hemen ez ote dagoen. Edozein modutan, denboraren ardatzari, beste hainbat faktore erantsi beharra dago: irudiaren kultura hau bateragarria al da pentsamenduaren kulturarekin? Nola bereiziko dugu aurrerantzean zaborra eta kalitateko lana? Zein izango dira filtro berriak? Internetek eskatzen duen jarrerak, arreta zatitzera behartzen duenak, aldiberekotasuna lagundu, bai, baina modu sakon eta sortzailez pentsatzea ahalbidetuko du? Grafman-ek eta gaia ikertu duten gainerako neurologoek zalantza handiak dituzte. Nola eragingo digute faktore guzti hauek (eta hemen aintzat hartu ez ditudan beste hainbatek)?.

Debaldeko kultura ere gero eta hedatuago dugu. Hemen jende gutxi ausartzen da David Remnick "The New Yorker"-eko zuzendariaren tankerako kontuak esatera: «Interneteko edukien truke ordaindu beharra dagoela defendatzen dut, kalitatezko prentsa independenteari eusteko modu bakarra delako». Tira, alderdi asko eta erabakigarriak dira, kultur-paradigma berri bat itxuratzen ari direnak. Miren Eraso zenak aspaldian zera esan zuen: «Artelekuk lagundu du artista izateko belaunaldi oso baten desioa indartsuago bilakatzen». Hari horretatik tiraka, hona gogoetarako planteatzen dudan kezka: asmatuko al dugu testuinguru berri honetan euskal kulturarenganako desioa indartzen? Helburu horri begira, Azokak zer funtzio bete beharko luke?