Naiz.info
Donostia

Bandera jaistearekin bukatu da gauerdian San Sebastian eguna

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek jaitsi du Donostiako bandera txuri-urdina Konstituzio Plazan. Hasi zen toki berean eman zaio gauerdian amaiera San Sebastian egunari.

Amaikak Bat elkarte gastronomikoaren danborrada. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Amaikak Bat elkarte gastronomikoaren danborrada. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Euri tantak eta danbor hotsak nahasten ziren atzo, gaupaseroak eta goiztiarrak, desfilea bukatzen ari zirenak eta hastear zeudenak. Eguerdi aldera, zalapartarik handiena Alderdi Ederren aditzen zen, haurrak irrikatzen baitzeuden beren danborradarako, hasi baino lehenagotik oihuka eta makilak astintzen. Guraso, aiton-amona eta lagunek espaloiak betetzen zituzten, batzuk aulki eta guzti eroso-eroso ikusteko. Karroza ikusgarri bat, pottokak beren gurdiekin, lorez betetako saskiak, ume batzuk baino handiagoak ziren aizkorak... Dena prest zegoen, eta kirioak dantzan. Bakoitza bere lekuan kokatzen ari zen. Kantinera txikiak jada agur egiten ari ziren eskuarekin eta danbor nagusiek sendo ematen zituzten aginduak.

«Egun on, Donostia!», aditu zen udaletxeko balkoitik. Une horretan argitzera egin zuen eta eguzkia ere ikusten zen. Talde guztien izenak aipatu zituzten banan-banan: Sagrado Corazon-Mundaiz, Herri Ametsa ikastola, La Asuncion, Zurriola ikastola, Amara Berri, Santo Tomas lizeoa... 50 konpainia guztira. Eta beren izena aditzean danbor-txaloka erantzuten zuten konpainiek.

Hiru bertso eder

Easo Ederrak, Larramendi ikastetxeko Paula Gomez Lopezek, hiru bertso ederrekin agurtu zituen herrikideak. Hona bigarrena: «Donostiako damatxo bat naiz dardarka daukat ahotsa/ egun bakarra ospatzen dugu baina ez da egun motxa/ aupa mutilak eta neskatxak zein da Donostin bihotza/ eta kriskitin-kraskitin larrosan krabelin/ zuen danborraren hotsa».

Bai Easo Ederrak bai Sara Huegun Iturrioz jeneralak -azken hau lehenengo neska jenerala izan zen- gogoan izan zuten duela 200 urte herritarrak hiria berreraikitzen hasi zirelako ari zirela atzo «hiriko egunik ederrena» ospatzen. «Auzo eta ikastetxe guztiok etorri gara, denok bat eginez. Jo danborrak, entzun daitezela ozen donostiarron pozaren doinuak», animatu zuen jendea Huegunek. Gainera, danborradako haur guztien izenean, eskerrak eman zizkien trajez traje, eskolaz eskola, sentitzen ari ziren poza posible egiteko lan egin zuten boluntario guztiei.

Eta azkenean iritsi zen momentua, Ikasbide ikastolako Aimar Ezeiza danbor nagusiaren gidaritzapean, Donostiako martxa denek elkarrekin jotzekoa. Nabari zen primeran entseatua zutela, eta barru-barruan sentitzen zutela ere bai: kantari ari ziren batzuk, aizkora eta eskuak indarrez igotzen zituzten bertzeek... Bezperan estreinatutako Donostiako antzinako ereserkia jo ondotik, Alderdi Ederreko lorategietatik kalerantz abiatu zen haur danborrada, banan-banan ateraz konpainia guztiak. «Ea, begiratu aurrera! Zaindu lerroak!» zuzentzen zituzten helduek. Haur batzuk txiki-txikiak ziren eta beren kasa ibiltzen ziren pixka bat, lerroetatik aterata.

Napoleonen garaiko jantziak soinean zituzten gaztetxoak Hernani kalera joan ziren poliki-poliki; eta gero Askatasunaren Etorbidea, Urbieta, Prim, Bergara eta Idiakez zeharkatu zituzten, Gipuzkoa Plazara iritsi arte. Behin ibilbidea bukatuta, Peñaflorida aldera eta Bengoetxeara jo zuten. Ikusleen artean izan zen, bertzeak bertze, Iñigo Urkullu lehendakaria. Donostian gustura sentitzen zela adierazi zuen eta kontent agertu zen azkenean umeek danborra jo ahal izan zutelako.

Desfilean zehar euri zaparrada galantak bota zituen, ez gaztetxoak beldurtzeko modukoak ordea, ezta atzo gauerdira arte hiriko auzo guztiak danbor hotsez bete zituzten gainerako konpainiak ere.

Danbor hotsak etenik gabe

Euria goian behean izan arren, ez zuen festa geratu, eta donostiar zein bisitari, hiriburuko kaleak jendez gainezka izan ziren egun osoan zehar, gauerdian bandera jaisteak San Sebastian eguna amaitutzat eman zuen arte.

24 orduz etenik gabeko festan izan zen atzo Donostia, edo kasik etenik gabe. Izan ere, Alde Zaharrean, soilik ordu erdi bat izan zen danbor hotsik gabe. Kaleak goizeko 6.30etik 7.00etara isildu ziren bakarrik.

125 danborradek Donostiako auzo guztietan barna eraman zuten jai giroa. Gros, Loiola, Martutene, Altza, Antiguo, Egia... Ez zen atsedenerako bazterrik geratu.

Azpeitian, Tafallan eta Lakuntzan ere izan zen zer ospatua

Donostiaz gain, Euskal Herriko beste hainbat herrietara heltzen da San Sebastian eguna. Azpeitian, esaterako, 500 haurrek parte hartu zuten atzo haur danborradan. Euria nonahi izan arren, aurreikusitako ibilbide osoa egin zuten umeek.

Tafallan eta Lakuntzan ere izan zen danbor hotsik.