Mikel Pastor
Bilbo

Jaietako auzietan PP «barregarri» geratu dela dio Bilduk

Bilboko zinegotzi Aitziber Ibaibarriagak Aste Nagusiko balorazioan adierazi zuenez, Alderdi Popularrak, Carlos Urquijoren bitartez, udako jaietan martxan jarritako polemika «artifizial eta interesatu» ezberdinek «barregarri» utzi dute alderdi kontserbadorea gizartearen aurrean. Era berean, Aste Nagusiko jai eredua eta ikono nagusiak, hala nola txupinera eta pregoilaria, «berrindartuta» atera direla nabarmendu zuen Ibaibarriagak.

Urquijok, irudian, eta Pablo Gorostiagaren alabak Laudioko kofradiaren bazkarian topo egin zuten. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Urquijok, irudian, eta Pablo Gorostiagaren alabak Laudioko kofradiaren bazkarian topo egin zuten. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Udan zehar Alderdi Popularrak, Carlos Urquijo ordezkariaren bitartez, Laudio eta Bilboko jaien sinbolo eta ikonoen kontra izandako jarrera gogor kritikatu zuen atzo Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Bilduko zinegotziak, eta jarrera horrek alderdi kontserbadorea euskal gizartearen aurrean «barregarri» utzi duela azpimarratu zuen.

Ibaibarriaga gogor aritu zen alderdi atzerakoiaren kontra Aste Nagusiaren balorazioa egiteko agerraldian. Adierazi zuenez, Pablo Gorostiagaren eta Jone Artolaren izendapenen debekuen kasuetan, Madriletik polemika «artifizial eta interesatuak jarri dituzte martxan, helburu politiko zehatz batekin».

«Baina ez dute lortu beraien helburua -argi utzi zuen- Aste Nagusiko bi ikono garrantzitsu, txupinera eta pregoilaria, indartuta atera dira egoera honetatik, jendetza mordoaren babesa eta maitasuna jasoz, beste batzuk nabarmen geratu diren bitartean».

Jai ereduaren defentsa irmoa egin zuen Bilduko kideak: «Argi geratu da beste behin ere eredua egokia dela, eta bilbotar gehienek babestu eta bere egiten dutela». Bilboko Konpartsek egindako lana ere goraipatu zuen Ibaibarriagak, «egunez zein gauez antolatutako ehunka ekimenengatik, eta jaiei emandako kutsu parte-hartzaileagatik, are gehiago kontuan hartuta haien lana guztiz borondatezkoa dela».

Europa Parkeari ez

Aste Nagusiaren balorazio orokorragoa eginez -eta berak adierazi zuenez, datu ofizialen esperoan- Ibaibarriagak berriro kritikatu zuen udaletxeak antolatutako kontzertuak Europa Parkean izatea. Bilduko zinegotziaren aburuz, Txurdinagako gunea «ez da tokirik onena neurri horretako ekitaldiak hartzeko. Askotan esan dugu Bilbo bezalako hiri batean kontzertuetarako espazio zehatz bat egon behar dela».

Aitziber Ibaibarriagaren ustez, erabaki horren helburua «dohako kontzertuekin bukatzea» da. Berak azaldu zuenez, azken bi urteotan %50eko murrizketa egon da kontzertuetan. 2011n zortzi kontzertu izan ziren, iaz sei, eta aurten lau baino ez dira izan, «eta hori nabaritu egin da, igande, astelehen eta asteartean jende gutxiago gerturatu delako».

Kontzertuetarako 600.000 euro bideratu ditu udalak, eta «BBK Live bezalako ekimen pribatu baterako, aldiz, 1.200.000 euro bideratzen ditu».

Kontzertuetan soilik ez, «zorionez», zezenketetan ere publiko gutxiago egon dela baieztatu zuen Ibaibarriagak, bidez batez salatuz Udalak horretarako 70.000 euro bideratzen dituela: «hortik 50.000 euro zinegotzientzako bonoetarako dira, lotsagarria iruditzen zaigu. Norberaren zaletasunak norberak ordain ditzala, are gehiago gure soldatak horren altuak direnean».