Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Musikarien baldintzak hobetzeko aukera baliatzen

Musikarien prekaritatea ez da berria, baina covidarekin bere gordintasun osoan ikusi da. Horrek itxaropena ematen dio Musikari elkarteari. «Borondate politikoarekin aurrerapauso tinkoak» ematen has daitezkeela uste du, Artistaren Estatutuaren testuinguruan.

Musikari elkartea zuzentzeko ardura hartu duten emakumeetako lau.
Musikari elkartea zuzentzeko ardura hartu duten emakumeetako lau.

Zazpi euskal musikarik, emakumeak denak, hartu berri dute beren gain Musikari elkartea zuzentzeko ardura: Eneritz Dueso, Olatz Salvador, Izaro Andres, Lide Hernando, Idoia Hernandez, Miren Narbaiza eta Garazi Esnaolak. «Elkartearen egunerokotasuna, beharrak eta ekimenak barneratzeko egokitzapen hilabete batzuen» ondotik, martxa hartu dute eta gustura dabiltza; «ilusioz beterik».

Musikarien zerbitzura dagoen elkartearen gidaritza hartzea erabaki zutenean Musikari ez zegoen bere momenturik hoberenean, ez zegoelako segidarik bazkideen aldetik Zuzendaritza Batzordea osatzeko. Olatz Salvador aitzineko lantaldetik zetorren eta berak komentatu zien gainerakoei elkartearen egoera. «Horrek bizitzen ari garen une latzaren hasierarekin kointziditu zuen eta lantalde bat osatu genuen elkartearen gidaritza hartzeko», azaldu diote GARAri.

Hasieratik argi zuten formula ireki eta horizontal baten testuinguruan lan egin nahi zutela; eraginkorrena iruditzen zaie, denen ekarpenak eta parte-hartzea sustatzeko modurik egokiena. Denak emakumeak izatearena «era naturalean» sortu zen arren, garbi zuten Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak musikariak izateak ekarpen eta ikuspuntu garrantzitsuak ekartzen ahal zizkiola elkarteari eta, oro har, sektoreari, euren egunerokotasuna kolektibo osoarena delako.

Profesionalizatzeko, dena egiteke

Zuzendaritza berriko lagunek bazkideekin duten komunikazioa hobetzeko asmoa dute, eta epe ertainean musika sektoreari zuzendutako gomendioak emanen dituzte; kontratazioen eta musikarien diru-sari duinen inguruan, besteak beste.

«Musikarien kolektiboa artikulatu gabe dago; ez dago lan hitzarmenik, ezta musikarien errealitate eta beharretara egokitzen den lan araudirik ere. Beraz, sektorea profesionalizatzeko dena egiteke dago oraindik. Musikarien egoera oso prekarioa da. Zuzeneko emanaldiak arautzen dituen legea, adibidez, 1985ekoa da; oso zaharra geratu da eta ez die gaur egungo beharrei erantzuten», adierazi dute.

«Musikarien egoera prekarioa ez da oraingo kontua; beti izan da horrela, tamalez. Baina bizitzen ari garen egoera honek oraindik ageriago utzi du prekaritate eta babes falta hori eta horregatik uste dugu orain inoiz baino beharrezkoagoa dela Artistaren Estatutua martxan jartzea», aldarrikatu dute. «Aukera ezin hobea da, behingoz, aurrerapausoak ematen hasteko, eta hori gauzatzeko borondate politikoa badagoela pentsatu nahi dugu».

Dagoeneko harremanetan jarri dira Lakuarekin eta beste hainbat ordezkari politikorekin eta lehen urratsak eginen dituztelakoan daude.

Elkarteak musikariak bakarrik batzen dituen arren, sektoreko hainbat eragilerekin harremana sustatu izan du beti, finean denak kultura-langileak izanik helburu eta behar antzekoak izan ditzaketelako. Gainera, komunikazioa eta elkarlana bultzatzea beti egon da Musikariren helburuen artean. «Sektorea, historikoki, nahiko atomizatua egon den arren, azken urteetan ari dira elkarteak, abaguneak eta topalekuak sortzen eta horrek onura handia ekartzen digu eragile guztioi», nabarmendu dute musikariek.

Zuzendaritza berriari esker ona adierazi nahi dio Myriam Miranda elkarteko koordinatzaileak. «Asko miresten dut beraien adorea, ausardia, gogoa eta inplikazioa. Zazpi emakume gazte dira, musikariak, beren lana badutenak eta hemen boluntario gisa lanean ari direnak. Zer ekarri dioten Musikariri? Hasteko, kanpora begira, itxura aldaketa bat. Neska gazteak dira, freskoak, musikan eskarmentua dutenak. Beraien larruan bizi dituzten egunerokotasunak sektore guztiak bizi ditu eta, beraz, oso ondo ulertzen dituzte egoerak, enpatia izugarria da eta egiten dituzten ekarpenak oso-oso baliagarriak dira», agertu du.

Zuzendaritzako zazpi artistak bezala, Miranda ere itxaropentsu dago, pandemia garai honetan sektorearen prekaritatea bere gordintasun osoan ikusarazi denez, horri buelta emateko eta eragiteko aukera ikusten duelako. «Badakit Artistaren Estatutu osoa martxan jartzea oso-oso erronka zaila dela, baina bertako aldarrikapen batzuk beteko balira, horrek jada izugarrizko onura ekarriko lieke musikariei», erran du.

Aholkularitzan, lan handia

Orain dela urtebete covida iritsi zenetik izugarri handitu zaie elkartean lan karga, aholkularitza zerbitzua batez ere. «Dena gelditu zen, dirulaguntzak ematen hasi ziren, baina ezohiko moduan, eta dena zen berria, denontzat. Pandemiaren hasieran, gehienbat dirulaguntzekin ibili ginen: nola eskatu, zein baldintza bete behar ziren… Oraintxe bertan, entseguen araudiarekin gabiltza, musikariek ez dakitelako entseatu dezaketen edo ez profesionalak ez badira», kontatu du koordinatzaileak.

Musikari elkarteak hainbat arlotan ematen du aholkularitza: lana, fiskalitatea, gizarte segurantza, jabetza intelektuala... Artisten ordezkaritza ere egiten du, bai sektorearekiko bai erakunde publikoekiko. Lan hori guztia ikusarazten du, eragileekin partekatuz musikarien egunerokotasuna, erronkak, zalantzak eta, sarri, prekaritatea.

Gaur egun 300 bat bazkide ditu. Edozein musikari izan daiteke bazkide: sortzailea, abeslaria, interpretea, konpositorea… Denak dira ongi etorriak. Bi bazkide profil daude: «Alde batetik, elkartzeko beharrean (hau ere pandemiak agerian utzi du) eta honek sektoreari eta gizarteari ekartzen dion onuran sinesten dutenak. Nik erromantikoak deitzen ditut [aitortu du Mirandak irriz], elkartean eta bere helburuetan sinesten dutelako eta elkarteak egiten duen lanagatik bazkidetzen direlako, behar zehatzik gabe. Gero, badira beste batzuk behar zehatz bat dutelako bazkidetzen direnak. Premia horien artean bi nabarmenduko nituzke: aholkularitza eta ematen dugun formazioa, eta, bestalde, fakturazio zerbitzua. Badira musikariak autonomoak ez direnak eta beren kasa fakturatu ezin dutenak. Bitartekari baten bidez fakturatzen dituzte kontzertuak eta guk egiten dugu bitartekari lan hori».

Behar zehatzik ez dutenek ere onurak jasotzen dituzte, egiten duten lan guztia, Artistaren Estatutuaren eta ordezkaritzaren inguruan, dirulaguntzen emendakinak eskatuz… denentzat mesede delako.

Musikari 1994an sortu zen eta 2002an itzali egin zen, irabazi asmorik gabeko elkarteekin maiz gertatzen den bezala, lan boluntarioak nekea ekartzen duelako. Berriz aktibatu zen 2012an, langileak kontratatu zituen eta horrek lana arindu zuen. Orain, haize freskoa sartu da, sektorearen alde egiteko bultzada.

«Berez, Musikarik langile bat eta erdi du. Alegia, lankide bat dago administrazioan eta gero ni, koordinatzailea –argitu du Myriam Mirandak–. Nik Musika Bulegoa elkartearentzat ere lan egiten dut. Lanorduak banatuta ditut Musikariren eta Musika Bulegoaren artean. Musikari elkartea Musika Bulegoko kidea denez, bi elkarteetako ardurak lantzen ditugu. Pentsa ezazu nola gabiltzan bi lagunen artean zeregin hauek guztiak egiteko!».

Nork kontratatzen dituen musikariak, zenbat ordaintzen dien, zein den diru sari minimoa, nola ematen den alta gizarte segurantzan… Kezka horiek guztiak mahai gainean daude. Eta zuzendaritza berriak ekarri dituen ideiekin argia ematen saiatzen ari dira.

«Politikariek edo erakundeek ez balute aukera hau aprobetxatuko, oso kezkagarria izango litzateke, eragileok gure esku dagoena egiten ari garelako: ekarpenak egiten, txostenak prestatzen eta helarazten, mahai sektorialak bultzatu nahian…», azpimarratu du Mirandak.

«Kulturaren balioa ukiezina da, gure ondarea da, gure DNAn dago; hortaz, babes ditzagun artistak, hainbesteko ona egiten digun kultura hori sortzen dutenak. Ez gara beste munduko ezer eskatzen ari, beste ogibideen parean jartzea baino ez. Langile kolektibo batek bere beharrei erantzuten dien araudi bat izatea eskatzen ari gara», adierazi du.

Sektorea berreraikitzeko plana, administrazioen esku

Musikariren kide den estatu mailako Musikari Profesionalen Elkarteak “Musika sektorea berreraikitzeko plana” aurkeztu zuen azaroan. Bere lan ildo nagusietako bat musikarien lana eta jarduera ekonomikoa babestu eta bultzatzea da, musika jardueraren kontratazioa sustatuz eta egile eskubideak esparru fisiko eta digitalean ongi babestuz, besteak beste. Musikariei beharrezko babes soziala eskaintzea eta haien egoera ekonomikoa hobetzea da bigarren ardatza, jarduera uzteagatiko eta langabeziagatiko aparteko prestazioak musikarien errealitate sozialera egokituta. Hirugarrenik, kulturak oro har, eta musikak bereziki, herritarren bizitzan duen funtsezko balioa aitortzea du xede, kultura oinarrizko eta premiazko ondasun izendatuta.

Ildo nagusi horien barrenean, epe motz, ertain eta luzean hartu beharko liratekeen neurriak zehaztuak daude. Lan ildoak garatzea administrazio publikoen esku dago nagusiki, eta Musikarik, elkarte gisa, Euskal Herriko zein Estatuko agintari eta alderdi politiko guztiei helarazi die plana, bere laguntza eta babesarekin batera.