Idoia Eraso

Bost hilabeteko atzerapenarekin, Fipadoc presentzialki ospatuko da

Biarritzeko Fipadoc dokumentalen jaialdia ekainaren 12a eta 17a artean ospatuko da. Urtarrilaren 18 eta 24a arterako aurreikusita zegoen, baina osasun neurriak direla eta gibelatu egin behar izan da. 35 herrialdetako 155 lan aurkeztuko dira.

Fipadoc dokumentalaren aurkezpena urtarrilean Biarritzeko Royal aretoan. (NAIZ)
Fipadoc dokumentalaren aurkezpena urtarrilean Biarritzeko Royal aretoan. (NAIZ)

Urtarrilean ospatu behar zen Fipadoc festibala ekainaren 12 eta 17aren artean eginen da azkenean. Biarritzeko dokumental jaialdi ezaguna covid-19aren kontrako neurrien ondorioz gibelatu behar izan da. Aurreikusita zegoen bezala, 155 lan aurkeztuko dira, estilo anitzetakoak eta 35 herrialde ezberdinetan egindakoak.

Urtarrilean antolatzaileek jaialdiaren aurkezpena egin zutelarik, aurreikusitako datetan ezin izanen zela egin jakinaraztearekin batera, martxoan egin ahal izanen zutela baieztatu zuten. Baina osasun neurriak direla eta maiatzaren 19ra arte ezin izanen dira zinema aretoak, antzokiak eta museoak ireki, hori dela eta festibala ekainean ospatzea deliberatu dute.

«Fipadoceko taldeak 2021eko edizioa aretoetan, eta udaberria bukatu aitzin eginen zela hitzeman» zuela oroitarazi dute antolatzaileek, eta horrela izanen da. Lehen mementutik ekitaldia online egitea baztertu zutela adierazi zuen Anne Georget presidenteak: «Oximoron bat izanen litzateke, eta garrantzitsuena obrak aretoetan aurkeztea da».

Obra anitz, baita euskaraz ere

Estilo, luzera eta jatorri ezberdinetako 155 dokumental aurkeztuko dira. Euskal Herriko eta euskaraz egindako bat ere izanen da: Josu Martinez eta Txaber Larreategiren ‘Caminho longe’.

Zinemaldiko Zinemira atalean hautatu dokumentala urtarrilean estreinatu zen Hego Euskal Herriko aretoetan, eta Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak eta bere bikotekidea den Kristiane Etxaluzek Sao Tomen 33 urteko deportazioa ezagutu eta gero, Euskal Herrira itzultzeko egiten duten bidaia kontatzen du.

Sari banaketa ekainaren 16an eginen da, eta saridunak jada hautatuak izan dira, nahiz eta zeintzuk diren ez den ezagutzera eman. Izan ere, jaialdia bera online egitea baztertua izan bazen ere, epaimahaietako kideei hautatutako obrak internet bitartez ikusteko bidali zitzaizkien.