NAIZ
Iruñea

Kartzelan jaio eta bizi den Izadi haurraren aldeko adierazpena onartu du Burlatako Udalak

Aurrez Getxoko Udalak egin bezala, Iñigo Gutierrez eta Maria Lizarragaren alaba Izadiren aldeko adierazpena onartu dute Burlatan. PSNk ere babestu du EH Bilduk, Burlata Aldatuz-ek, Podemosek eta Geroa Baik sinatutako ekimena.

Burlatako Udaletxe atarian ere egon da presente Izadiren aldeko aldarria. (NAIZ)
Burlatako Udaletxe atarian ere egon da presente Izadiren aldeko aldarria. (NAIZ)

Izadi Gurasoekin Etxera plataformak ohar bidez azaldu duenez, espetxean bizi den haurraren egoeraren inguruko kezka adierazi du Burlatako Udalak.

Ekainaren 4an antzeko adierazpen bat adostu zuten Getxoko Udalean EH Bilduk, EAJk, Podemosek eta PSEk. 

Burlatako Maria Lizarraga eta Algortako Iñigo Gutierrez presoen alaba da Izadi. Duela bi urte jaio zenetik, espetxean bizi da, Aranjuezen (Madril). Hiru urte betetzen dituen egune berean, bertatik atera beharko du, gurasoengandik 480 kilometrora egoteko.

Hori dela-eta, aipatu alderdi politikoek «adingabearen egoerarekin kezkatuta daudela adierazi nahi dute, gurasoekin egoteko eskubidea bermatzeko eta, ahal den neurrian, gurasoekin bizi ahal izateko eskatzen dute, bere familia-ingurunetik banandu gabe».

Era berean, «espetxeetako Instituzioei adingabearen eskubideak hobekien zainduko dituzten neurriak har ditzatela, gurasoekin eta haien familia-ingurunearekin harremanetan egon ahal izateko, eta, hala, bere etxetik hurbilen dagoen espetxera eraman ahal izatea» eskatzen dute testuan.

Azkenik, adostutako dokumentua Espetxe Erakundeei eta Auzitegi Nazional espainoleko Espetxe-Zaintzako epaitegiari bidaltzeko konpromisoa hartu dute sinatzaileek.