Naiz

«Inor ez da klandestino», Maddalen Arzallus Ziburun hildako migratzaileei kantari

Manu Chaoren ‘Clandestino’ doinuaz baliatuz, letra berria osatu eta Ziburu eta Donibane Lohizune artean trenak harrapatutako hiru migratzaileak omendu ditu Maddalen Arzallusek.

Maddalen Arzallus bertsolariak gogoan izan ditu Ziburun trenak harrapatuta hil ziren hiru migratzaileak, eta Manu Chaoren ‘Clandestino’ abestiari letra aldatuz, bertsoak eskaini dizkie haiei.

«Bizitza honen trena galtzea da kondena, ze patu, ze destino ta ze mundu ustel. Ez bizi, ez zorion, ez irribar zerion, hiltzeraino klandestino, ez izan ez-papel. Bizitza hontan diote trena doala azkar eta batzuontzat ezer onik ez dakar. Gupida ertzeko lar, goizeko ilunabar, apagoiak gurekin egin zuen dar-dar. (...) Ginearra klandestino, argeliar klandestino, inor ez da klandestino, inor ez da ilegal», diote abesti ezagunarentzat osatu dituen hizki berriak.

Hiru hildakoekin batera laugarren lagun bat zegoen, larriki zauritu zena. Honek  kontatutakoaren arabera, errepideetako polizien kontrolak ekiditeko trenbideari jarraituz abiatu ziren. Nekatuta sentitu eta atseden hartzea erabaki zuten, iluntasunak ematen zien lasaitasunarekin, gauean zehar ez baita trenik pasatzen Ziburu eta Donibane Lohizune artean igarotzen den trenbide horretatik. Zoritxarrez, goizeko lehen trena zetorrelaz ez ziren garaiz ohartu eta harrapatu egin zituen. Lau gizonak Argeliakoak ziren, 21 eta 40 urte bitartekoak.

Bertsolariak ostiralero ‘Kantualitatea’ sekzioa prestatzen du Gaztea irratirako, non aktualitateaz kantatzen duen. Oraingoan etorkizun hobeago baten bila zeuden migratzaiei kantatu die, halakorik ez errepikatzeko itxaropenaz.