Maite Ubiria

Lan istripuek eragindako isilpeko heriotzak itzaletik argitara eramateko borroka sarean

Urte luzetan bortizkeria sexistekin gertatu bezala, frantses Estatuan ez da estatistikarik egiten lanean gertatzen diren heriotzei buruz. Alta, dagoeneko 271 langile hil dira aurten lan istripuen ondorioz. @DuAccident Twitter kontuaren bidez isiltasuna hausteko jarduten du Mathieu Lepin irakasleak.

Lan istripuen arazoa salatzeko 2017an Baionako Herriko Etxearen aurrean LAN sindikatuak eginiko mobilizazioa. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Lan istripuen arazoa salatzeko 2017an Baionako Herriko Etxearen aurrean LAN sindikatuak eginiko mobilizazioa. (Isabelle MIQUELESTORENA)

70 urte inguruko gizonezko bat hil zen atzo arratsaldean Nafarroa Behereko Bastida herrian. Artisaua zen eta zuhaitz batean kimatze lanak egiten zela lurrera erori eta hil egin zen.

Ohi bezala, heriotzari buruz oso informazio urria zabaldu zen atzo. Gaur, berriz, lan istripuaren izaera nolabait lausotuz, tokiko hainbat hedabidek gaineratu dute plataforma bat alokatu zuen lagun bati laguntzen ari zitzaiola istripua izan zuen gizonak.

Urte luzetan hilketa sexistekin gertatu bezala, frantses Estatuan ez da informazio jarraipen zehatzik plazaratzen lan istripuei buruz. Horren ondorioz, errepide istripu bati eskainitako tarte eta tratamendu bera jasotzen dute gehienetan lan istripuek eragindako heriotzek hedabideetan.

Lan munduari dagokion arazo latza azaleratzeko, eta kontzientziak astintzeko, alerta sistema plantan eman zuen sare sozialen laguntzaz Seine-Saint-Denisen geografia eta historia irakasle den Mathieu Lepinek.

Zerk eraman zuen urratsa egitera? 2016an Emmanuel Macronek eginiko adirazpen batek irakaslearen kezka piztu zuen. «Enpresaburu baten bizimodua sarritan langile batena baino latzagoa da. Ez dugu inoiz ahantzi behar lehenak dena galdu dezakeela» azaldu zuen urtebete beranduago Eliseora heldu zen politikariak.

«Etxean betidanik hitz egin dugu auzi sozialei buruz eta nire formazioa horretara bideratu nuen baitaere» aitortu du berriki bere burua ezkerreko militantetzat hartzen duen irakasleak FranceCulture irratian.

Lehenik eta behin blog bat sortu zuen eta handik bizpahiru urtera @DuAccident Twitter kontua abian eman zuen 35 urteko irakasleak.

Atalaia horretatik, atzo, Bastidan gertaturiko ezbeharrari erreparatu zitzaion.

 

Twitterren alerta sistema sortzeko urratsa hori egiteko Macronen aldetik bigarren «bulkada» jaso zuela oroitarazi du ikerlari sozialak.

2019. urtearen hasieran zeharo hunkituta utzi zituzten lan istripu bi aipatu zituen bere kontuan. «Ikasketak ordaintzeko Uberrentzat lan egiten zuen 19 adineko gaztearen heriotzaren berri jaso genuen eta handik gutxitara bere erretreta osatzeko lanean jarraitzeko behartua zen 68 urteko behargin batena ere; kasu biek ondo baino hobeto irudikatzen zuten arazoaren dimentsio sistemikoa», nabarmendu du irakasleak.

Alta, beste behin ere Macronek bestelako irudia eman zuen lan munduari buruz. Frantses Estatuan dauden lanbideen artean bi direla zailenak «hurrenez hurren Errepublikako presidentearena eta Frantziako futbol selekzioaren trebatzailearena» bota zuen agintariak.

Urte horretan bakarrik milatik gora lan istripu jaso zituen bere kontuan Lepinek. Gizarte asegurantza berak emandako datuen arabera lan baja bat hartzera behartzen duten 700.000 eta 800.000 arteko lan istripu gertatzen dira urtero Hexagonoan.

Oso estatistika partziala dela oharrarazi behar da, sektore pribatuari dagokion zenbaketa delako. Gauzak horrela funtzio publikoan zein lan merkatuaren eremu ilunetan gertatzen diren ezbeharrak ez dira inon jasotzen.

Batazbestean urtero 800-900 bat herritar hiltzen dira frantses Estatuan lan istripuen ondorioz. Arazoaren tamaina gero eta gordinagoa bada ere, «ezer gutxi aldatu da gure zenbaketarekin hasi ginenetik» aitortu du, etsipen puntu batekin, ‘Accident du Travail: Silence les ouvriers meurent’ leloa astintzen duen Twitter kontuaren kudatzaileak.

Enpresa handien trikimailuak

Isilpeko errealitate gordina azalaratzeko ‘Mediapart’ hedabideak inkesta bat egin zuen 2018an. Enpresa handiek istripuak ezkutatzeko baliatzen dituzten azpijokoak agerian ezarri zituen. Preseski, Arcelor Mittaletik heldutako salaketak izan zituen ardatz Pascale Pascariellok.

Besteak beste Siderurgiako multinazionalarentzat lan egiten zuen azpikontratako 22 urteko langile baten lekukotasuna bildu zuen kazetariak.

Lan prekarizazioaren garaian enpresaren aldetik presio handiak jaso zituen beharginak gertatu zitzaion lan istripua izkutatzeko. Auto partikular batean erietxera eramatea proposatu zioten. Ezezkoa eman zuenez, makinak harrapaturik ordu erdi baino gehiago zain eman zuen suhiltzaileak heldu arte.

Erietxean zein etxean telefono deiak jaso zituen lan istripua gertatu zenean bakarrik zegoela aitortu ez zezan, lan segurtasun arauek preseski debekatzen zutelako maxina horrekin behargin bakarra jardutea.

Enpresa handiek beraien irudia babestearren -eta dirua aurrezteko- lan istripuen gainean egiten duten kudeaketa maltzurra agerian jarri zuen ikerketa lan horrekin frantziar hedabide digitalak.

Izan ere, Elisabeth Borne buru duen Lan Ministerioak ez du orain arte urratsik egin lan segurtasuna lehenetsiz langileen heriotzak eragiten dituzten istripuak saihesteko politika berria martxan emateko.

Etsipenean erortzeko zorian delarik, «familiak, lagunak eta, tarteka, segurtasun ikuskatzaileren bat edo beste ere» bilakatzen dira langileen heriotzak itzaletik argitara eramateko borrokan jarduteko akuilu.

Sarean eman duen azkeneko harian errepide lantokia zuen garraiolari baten heriotza jaso zuen bart «lan munduaren memoria eraikitzeko» txinaurri lana burutzen duen irakasleak.