NAIZ

Sexu erasoen aurkako prebentzio neurriak indartzeko eskatu du Donostiako EH Bilduk

Azken asteetako ziztada bidezko erasoak eta Donostiako Aste Nagusia ate joka dagoela ikusita, Donostiako EH Bilduk eraso sexisten aurkako prebentzio neurriak indartzeko eskatu du asteazken honetan.

Uztailaren 19an, Donostiako Udalak elkarretaratze bat egin zuen hirian jazotako lau sexu eraso gaitzesteko.
Uztailaren 19an, Donostiako Udalak elkarretaratze bat egin zuen hirian jazotako lau sexu eraso gaitzesteko. (Jon URBE | FOKU)

Azken asteetako ziztada bidezko eraso matxisten testuinguruan, Donostiako EH Bilduk, ohar baten bidez, abuztuaren 13tik 20ra ospatuko den Aste Nagusian emakumeen aurkako sexu erasoak ekiditeko prebentzio neurriak indartzeko galdegin du asteazken honetan.

Koalizio abertzaleak ondoko proposamenak planteatu ditu: ‘Beldur barik, eraso matxista eta sexistarik gabeko uda gida’ eguneratua jai espazioetan banatzea; beharko balitz, biktimak artatzeko udaltzainak eta Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuko (GLUZ/SMUS) edo gizarte-ekintza saileko langileak lehenbailen hurbiltzea; Aste Nagusiko egun guztietan eraso matxisten balantze publikoa egitea; eta Donostiako sexu erasoen aurkako protokoloan sumisio kimikoaren alorra txertatzea.

Gida jai espazioetan zabaltzeari dagokionez, EH Bilduk zehaztu du erasoa gertatzen den tokian, bertako arduradunak erabakitzen duela nola jokatu horren aurrean (biktimari nolako arreta eman, zeini deitu, eremuan bertan zer egin...). Horregatik, udal taldeak adierazi du «funtsezkoa» iruditzen zaiola, kasu horietarako, «arduradunek ahalik eta jarraibiderik argienak izatea».

Eguneroko balantzearen aferan, koalizio abertzaleak nabarmendu du «Donostiako mugimentu feministarekin zein jaietako eragileekin batera» egin beharko litzakeela, eta, horretarako, Udalari arduradun bat izendatzeko proposatu dio.

Bukatzeko, egoera aztertzeko Bozeramaile Batzordearen bilera berezi batera deitu du EH Bilduk Eneko Goia gipuzkoar hiriburuko alkatea.

«Beldurra eragitea helburu»

EH Bilduren udal taldeak ziztadak «fenomeno kezkagarria» direla ebatzi du, eta gehitu duenez, «beldurra eragitea helburu» duten «emakumeen aurkako erasoak» dira. Gaur hain zuzen ere honetaz hitz egin dute Udaletxe arduradunek eta Ertzaintzak, baina azken honek esan duenez ez daki apenas ezer gertatzen ari denari buruz.

«Ziztadaren bitartez substantzia kimikoak inokulatu daitezke emakumea ezagaitzeko eta haren sumisioa lortzeko. Antza denez, eta egindako ikerketen arabera, ziztada kasu gehienetan ez da halakorik gertatu, baina begi bistakoa da, ordea, horiek ere emakumeen kontrako erasoak direla eta beldurra eragitea dutela helburu», azaldu du.

Adibide gisa, EH Bilduk Iruñeko sanferminetan, Baionako bestetan eta Azpeitiko jaietan mota honetako erasoak egon zirela gogorarazi eta Baiona zein Villabonan eraso sexistak egon zirela deitoratu du.

Hori horrela, koalizio abertzaleak azken urtean sexu erasoengatik erregistratutako salaketen gorakada azpimarratu du.