Iraide Ibarrondo

Hurrengoan emango dute Blusa eta Neska zintzoen planta

Blusa eta Neskek ez dute hutsik egin hainbeste itxarondako Andre Maria Zuriaren egunean eta, espero bezala, musika, kolore, dantza eta parrandaz bete dituzte ostiral honetan Gasteizko zirrikitu guztiak.

Gasteizko dantzariak Udal Txistulari Bandarekin.
Gasteizko dantzariak Udal Txistulari Bandarekin. (Endika PORTILLO | FOKU)
Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txoten konpartsa Gasteizko kaleetan ibili da.
Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txoten konpartsa Gasteizko kaleetan ibili da. (Endika PORTILLO | FOKU)
Gasteizko erraldoiek San Migeleko eskaileretan bukatu dute euren ibilbidea.
Gasteizko erraldoiek San Migeleko eskaileretan bukatu dute euren ibilbidea. (Endika PORTILLO | FOKU)
Zaldiak eta Txotak ere kalez kale ibili dira.
Zaldiak eta Txotak ere kalez kale ibili dira. (Endika PORTILLO | FOKU)
Blusa eta neska koadrilak Gasteiz hartu dute.
Blusa eta neska koadrilak Gasteiz hartu dute. (Iñaki BERASALUCE | FOKU)
Lasto altzatze probak Foru plazan.
Lasto altzatze probak Foru plazan. (Endika PORTILLO | FOKU)
Arabako Herri Kirolen Federazioak herri kiroletako erakustaldia antolatu du.
Arabako Herri Kirolen Federazioak herri kiroletako erakustaldia antolatu du. (Endika PORTILLO | FOKU)
Lore eskaintza Andre Maria Zuriari, blusa eta nesken talde guztien eskutik.
Lore eskaintza Andre Maria Zuriari, blusa eta nesken talde guztien eskutik. (Endika PORTILLO | FOKU)
Ohorezko aurreskua ere dantzatu dute Andre Maria Zuriaren aurrean.
Ohorezko aurreskua ere dantzatu dute Andre Maria Zuriaren aurrean. (Endika PORTILLO | FOKU)
Gasteizko Mugimendu Feministak eraso matxistak salatzeko manifestazioa egin zuen bart.
Gasteizko Mugimendu Feministak eraso matxistak salatzeko manifestazioa egin zuen bart. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
«Beldurrak gurekin jai!» izan zen Gasteizko Mogimendu Feministak antolatutako manifestazioaren leloa.
«Beldurrak gurekin jai!» izan zen Gasteizko Mogimendu Feministak antolatutako manifestazioaren leloa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Zeledonen jaitsieraren biharamunean, pentsa zitekeen gasteiztarrak ez zirela oso goiztiar ibiltzeko aldartez egongo. Alabaina, ajea alde batera utzita, milaka gasteiztar, guztietan fededunenak, goizeko 7.00etan elkartu dira Andre Maria Zuriaren plazan Aurorako Errosarioaren meza zuzenean entzuteko.

Bien bitartean, Blusa eta Neska parrandazaleenak, eguneko protagonistak, ohetik altxatu dira, dutxara sartu eta artilezko galtzerdiak jantzi dituzte 9.00etan elkartu eta eguneko lehen otordua egiteko. Eguzkitako betaurrekoekin eta begiak ezin zabaldu ibili arren, goizeko 10.00etarako kalimotxo basoa eskuan izan dute askok.

Pixkanaka-pixkanaka, nor bere txarangarekin, Andre Mariaren plazarantz hurbildu dira Neskak eta Blusak hiriko zaindariari lore eskaintza egiteko. Kuadrilla bakoitzeko kide batek loreak eskegi dizkio, beste batek, txistulariak lagun, aurreskua dantzatu dion bitartean.

Lore eskaintza egin artean Belakiak kuadrillako Oscar eta Davidek barreka adierazi dutenez, «oso gogotsu» irten dira kalera, izan ere, bi urteko geldialdiaren ostean, «ez genekien trajea kabituko ote zitzaigun!».

Ixone Gasteizko Margolariak kuadrillako kidea da, eta lore eskaintzaren osteko plana azaldu du: «14.00etararte hemendik ibiliko gara, bazkaldu, eta gero, sekulako gogoekin, joateko eta itzultzeko kalejiretara batuko gara. Gauean afaldu eta DJ Krossko diskomobila dugu, gure indargunea dena. Kamioi bat dator, bertan jendea elkartzen hasten da eta, azkenean, mila pertsona elkartzera heltzen gara».

Jatorrak kuadrillako Iker ‘Motxilo’ eta Gorka ‘Plako’rentzat lagun zaharrak zein berriak elkartzea da Gasteizko Egun Handiak duen xarma, «kuadrillak ikaragarri hazi dira, gu 40 pertsona inguru baino gehiago izango gara». Eta arrazoi, fitxaje berriak haur-kotxetxoetan batu baitira festara.

Umeentzat egitarau zabala

11.30etan San Migeleko eskaileretan Erraldoien, Zaldi eta Txoten Konpartsa aurkeztu da. Guztira, hamar erraldoi (karta barajako lau erregeak barne), hiru basterritar bikote (Arabako mendialdeko nekazariak, Aramaioko nekazariak eta Regueverak), dozena bat inguru buruhandi eta karta barajako beste pertsonaia batzuk elkartu dira. Gainera, berritasun gisa, bi buruhandi berreskuratu dituzte ia 30 urteren ostean.

«Erraldoiaren barruan joatea dibertigarria eta nekagarria da, baina baita kuriosoa ere. Jendeak erraldoiaren buruari begiratzen dio eta zuk, behetik, guztiak ikusten dituzu, baina inork ez zaitu begiratzen. Gutxi batzuek antzematen dute gure sufrimentu aurpegia!», azaldu du umorez David Marijuan Erraldoien Konpartsako kideak.

Beraien ibilbideari segika, dozenaka familia joan dira haur-kotxetxoekin etxeko txikienek ikuskizunaz goza zezaten. Dena den, buruhandien beldur diren txikienek Trokolo antzerkia eta ‘Txux eta txu’ ikuskizuna izan dituzte Peñaflorida parkean, baita abentura gunea Arriagako parkean ere.

«Omenaldi bat baino gehiago»

Erraldoiak Gasteiz erdigunea zeharkatzen ibili diren bitartean, Plaza Berrian hamarnaka dantzatik eta Udal Txistulari Bandak Soka Dantza erakustaldi bat egin dute. Ehunka pertsona batu dira plazan dantzarien ikuskizuna ikusteko eta, tartean, Gorka Urtaran alkatea eta hainbat zinegotzi ere egon dira.

Soka Dantzari Blusa eta Neskek antolatutako Ikurriñaren omenaldiak hartu du lekukoa, eta hitzaurre labur baten ostean, Algara dantza taldeko kideek sekulako erakustaldia egin dute oholtzan.

Algara Dantza taldeko Amaia Uralde eta Uxue Quintanak azaldu dutenez, «…Zinta-tadantza, Brokel-dantza, Uztailtxiki, Txuletinos nafarra, Kaxarranka, Fandangoa, Arin-arina eta Bateleras dantzak egin ditugu». Uraldek gehitu du ekitaldi hau «oso garrantzitsua» dela beraientzat, «omenaldi bat baino gehiago da».

Dantza saioak iraun duen bitartean, Foru Plazan herri kirolen erakustaldiak egon dira, hala nola aizkolaritza, harrijasotzea eta lasto altxatzea. Gero, 13.30ean Ohiane Perea eta Nerea Elustondok bertso saioa eskaini dute Aihotz Plazan.

Gozategi, Nhil, Tremenda Jauria eta Sara Hebe

Arratsaldean, Neska eta Blusak Joateko eta Itzuleko kalejiretan murgilduko dira, gero, gauean kontzertuei erreleboa emateko. Txosnaguenean elkartasun eguna da gaurkoa, eta 21.00etako elkartasun ekitaldiaren ostean, Nhil, Tremenda Jauria, Sara Hebe eta DJ Pezonen kontzertuak izango dira.

Udalak ere musika proposamen propioa egin du, eta Gozategi taldea izango da 00.00etan Aihotz plaza eztandaraziko duena. Egun, Euskal Herrian ez dago musikari oriotarrak jai giroan engainatuko dituenik, beraz, gasteiztarrek hurrengo batean eman beharko dute Blusa eta Neska zintzoen planta.