Iraitz Mateo

Lasterbidean, helmugatik gero eta gertuago

Lasterbidean euskal preso politikoen aldeko bederatzigarren lasterketa egin da larunbat goizean Amasa-Villabonan. Orain arte egindako bidea txalotu dute, eta preso guztiak etxean izan arte lanean jarraitzeko konpromisoan berretsi dira. Giro paregabea izan dute lagun.

Lasterbidean lasterketa, Amasa-Billabonan.
Lasterbidean lasterketa, Amasa-Billabonan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Goizean goizetik kolore gorria eta elkartasun usaina nabari ziren Amasa-Villabonan, euskal preso politikoen aldeko Lasterbidean lasterketa baitzen egitekoa. Lasterketan zehar, helmugara iristeko zenbat kilometro geratzen ziren kartelak nola, hala begiratu diezaiokegu orain arteko ibilbide politikoari. Izan ere, dispertsioaren amaierak irekitako fase berriaren lehenengo Lasterbidean ekimena ospatu da gaur; «laster etxean» dio ekimenaren leloak, eta geroz eta gertuago dago helmuga.

Giro paregabea nagusitu da, eta eguraldi ona lagun adin guztietako korrikalariak zeuden goizean goizetik prest. 11.00etan abiatu da lasterketa luzea, eta 12.15ean txikiena. Beroak batzuei kalte egin badie ere, ibilbidea oso polita dela zioten korrikalari batzuek, herria eta mendia nahasita baizituen bederatzigarren edizio honetako lasterketak. Lasterketa egin ez duten asko ere bazebiltzan Villabonako plazan, asko animatzen, besteak poteoan, eta batzuk bolondres lanetan.

Txapela, garaikurra, sagardoa eta gazta banatu dituzte sari banaketan. Eta ondotik, musikaren bidez etorri da ekitaldi nagusia. Etxerateko kideak igo dira oholtzara, eta hasiera eman diote: «Etxerako bidean kilometro garrantzitsuak zeharkatu dituzue gaur Villabonan, elkartasun eta maitasunez beteriko kilometroak dira gaur hemen zeharkatu ditugunak». Hamar urte igaro dira Oiartzunen lehen aldiz Lasterbiden antolatu zutenetik eta bideari egin diote erreferentzia:  «Begenekien lasterketa luzea izango zela azken preso, iheslari eta deportatua etxean izan arte, luzea eta gogorra, baina maitasunez betetako bidea». Dispertsioak eraildako 16 senide eta lagunak ere gogora ekarri dituzte.

Zaballako espetxetik euskal presoek igorritako eskutitzean ere, gaur arteko ibilbidea ekarri dute gogora: «Korrika egiteaz gain, gaur baduzue zer ospatu, ia preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan gaude, poza eta lasaitua dugu, ospatu dezagun». Hala ere, «bide zailena» geratzen dela aitortu dute presoek, guztiak etxera ekartzea: «Gu zuen laguntzarekin prest gaude etxerako bidea egiteko».

Preso gehienak beren etxeetatik gertu badaude ere, dispertsioaren amaiera ez dela %100ean gauzatu gogoratu dute: «Estatu frantsesean, etxetik ehundaka kilometrotara dagoen Ainhoa Ozaeta preso andoaindarra da adibideetako bat». Eta horrekin batera, salbuespenezko espetxe politika ere, bere osotasunean ez dela amaitu salatu dute: «Horren adibide dugu, Fiskaltzaren helegite batek Joseba Borde berriro ere espetxeratu izana».

Pusoak ekar dezakeela pausoa dio Lasterbideaneko kantuak, eta bertaratutako guztiei lanean jarraitzeko dei egin diete, «guztiak etxean izan arte, behingoz».

Egun osoko egitaraua

Adin eta zaletasun guztietarako aukera dago gaur Amasa-Villabonan. Lasterketatik abiatuta, eguerdian, 600 bat kiderentzako herri bazkariarekin jarraitu dute eta arratsalderako eskaintza zabala dute prestatuta: haurren txokoa, elektrotxaranga herrian zehar, pilotariak eta kontzertuak.

Lasterketari dagokionez, emakumezkoetan Amagoia Iribar izan da lehendabizikoa, Alazne Irigoien bigarrena, eta hirugarren postua Maider Etxeberriak lortu du. Gizonezkoetan, aldiz, podiumeko lehen postua Aitor Etxeberriak eskuratu du, bigarrena Aritz Garinek eta hirugarrena Antton Belaustegik.