NAIZ

EH Bilduren lehendakarigaia, Pello Otxandiano, Arabako zerrendaburua izango da

Pello Otxandiano Arabako zerrendaburu jarrita, EH Bilduk «bultzada» eman nahi dio «herrialde horretan ere gertatzen ari den ziklo politikoaren aldaketari».

Pello Otxandiano, EH Bilduren lehendakarigaia.
Pello Otxandiano, EH Bilduren lehendakarigaia. (Jon URBE | FOKU)

Koalizio abertzaleak komunikabideetara igorritako ohar bidez adierazi duenez, Arabako Mahai Politikoak EH Bilduren Hegoaldeko Mahai Politikoaren proposamena berretsi du ostegun honetan, eta hala, Pello Otxandiano Kanpo izango da herrialdeko zerrendaburua Gasteizko Legebiltzarrerako bozetan.

Iragan urtarrilaren 13an berretsi zuten koalizioaren oinarriek Pello Otxandiano Kanpo EH Bilduren lehendakarigaia izatea hurrengo hauteskundeetan. Orain, berriz, Arabako Mahai Politikoak Hegoaldeko Mahai Politikoaren proposamena berretsi du eta, era horretan, herrialdeko zerrendaburua izango da Otxandiano. Lehen aldiz EH Bilduren lehendakarigaia Arabako zerrendaburua izango da.

Otxandiano Arabako zerrendaburu jarrita, EH Bilduk «bultzada ematen dio herrialde honetan ere gertatzen ari den ziklo politikoaren aldaketari, aurreko udal eta foru hauteskundeetan egiaztatu zen bezala».

Koalizioak gogoratu duenez, «EH Bildu lehen indarra izan zen Gasteizen eta Araba osoan udal hauteskundeetan eta foru hauteskundeak irabaztetik 1.200 bozka eskasetara geratu zen».

Azkenik, azaldu dute martxan dela Arabako zerrendarako hautagaiak aurkezteko epea. Otsailaren 6ra bitarte, zerrendak osatzeko izenak proposatu daitezke. Zerrenda berresteko bozketa otsailaren 15, 16 eta 17an izango da.

Kortajarena, Gipuzkoan

Gipuzkoako Mahai Politikoak berretsi egin du Hegoaldeko Mahai Politikoak egindako proposamena, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua izan dadin Gasteizko Parlamenturako datozen hauteskundeetan.

Nerea Kortajarena Ibañez (Donostia, 1974) gizarte-langilea da eta legebiltzarkidea da 2016. urtetik. Donostiako Loiola auzoan bizi da, eta ibilbide profesional luzea egin du gizarte-zerbitzuen arloan, eta, bereziki, azken urteetan, eta EH Bildun duen erantzukizun politikotik, zainketen lanaren eta beharrezko eraldaketaren inguruan aritu da. Gasteizko ganbarako Euskal Herria Bildu talde parlamentarioko koordinatzaile politikoa eta EH Bilduko Mahai Politikoko kidea da. Gainera, Legebiltzar Taldearen bozeramaile kargua du, Maddalen Iriartek Gipuzkoako Aldundirako hauteskundeak irabazteko erreleboa eman zionetik. Euskalduna, bi seme-alabaren ama, justizia sozialarekin konpromiso handia du, eta herri justuago bat berdintasunez bermatzen diren kalitatezko zerbitzu publikoekin bakarrik posible izango dela sinetsita dago.