Salonika txiki eta harroa, hor goaz!
Idaztea atsegin duenak, bidaiatzea ere maite badu, ametsetan hasteko ez du askorik behar. Aireportuetan jendea ganaduaren pare tratatzen dela iritzita ere, bidaiatzea beti da energia berezi baten pizgarri. Dela jakin-mina, dela zalantzak hurrengo egunetan jazoko denaren inguruan...

Ez gara Manu Leguineche, ez Ryszards Kapuscinski, ez ‘Batxi’ Bilbao, ez Herodoto, ez beste, baina idazteko eta bidaiatzeko gutizia ofizioaren barruan sartzea lortu dugun pribilegiatuok ahalegina gutxienez zor dugu begien bistan dakusaguna idazteko.
Tristea da 46 urte eta oraindik ere Salonikara bidaia egin beharraren aurrean, azken orduan inprobisatuta eta egutegiaren kapritxoei so, urduri jarri beharra. Baina betidanik edozein egun garrantzitsuren bezperan artega eta loak hartu ezinik –asmatiko izateak ere halakoetan laguntzen du, inork deitu gabe azaltzen den gonbidatu xelebrea baita– ibiltzea, jakitun goizeko 7.00etan hasiko dela eguna, Loiuko aireportura bidean, eta gaupasa egitea tokatuko dela, Salonikako aireportuan pasa behar ere...
Lagako ez digute ba! Behinola Barajasen gaua pasa bagenuen, hemen ere ez dira gutxiago izango. Egia da goizeko 12.00etatik 5.00etara 01N autobusak hirira zaramatzala bi euroren truke, baina ea zer egin behar dugun goizeko seiretan ezagutzen ez dugun hiri baten, lotarako eta akaso idazteko baliatuko dugun egoitzak 14.00ak arte bertaratzeko baimenik ematen ez duelarik!
Salonika ezer bada bere buruaz harro dagoen hiria da, edo hala dirudi
Salonikako aireportua txikia da oso, Loiu gogoraraziko luke aireportuak baldin eta gauean dagoen mugimendurik ez balego.
Izan ere, Salonika ezer bada bere buruaz harro dagoen hiria da, edo hala dirudi. Ipar Mazedoniatik hain gertu, Jugoslavia ohiko herriak izena doitu arte ez dute bakerik izan greziarren artetik, alperrik ez baita Mazedonia Greziako iparraldeko hiri hau dagoen eremua.
Greziako bigarren hiri nagusienak 325.000 biztanle ditu, baina bere inguruko hiri eta herrien «gerrikoak» milioi bateko langa gainditzera darama Egeo itsasoaren ertzean Kristo Aurretik 316 eta 315 urteen bitartean greziarrek eraikitako hiri honek. Macedoniako Casandrok eraiki zuen, Alexander Handiaren jeneraletako gat zen Antipatro zuen aita; Alexander Kristo Aurreko 323an hil ostean haren erregetzaren lehian aritu zen «Diadoko» –oinordeko– horietako bat. «Diadokoek izorratu zuten dena», idatzi zuen Julio Cortazar handiak berak ere.
Alexander Handiaren arrebaordea zen Tesalonika, Casandroren emaztea, eta haren izena eman zion hiriari ere, Alexander Handiaren garaiko oroitzapenetan oinarrituta, harrotasuna eta maiestatea gal ez zitzan.
Txikia da oso Salonikako aireportua, baina ez eskasa. Goizeko ordu-bietan kafeak saltzen ari den emakumeak ez dauka lan txanda amaitzearen traza handirik, ezta presa larregirik ere. Aireportua garbitzen ari direnek eserlekuetan etzan da lo egin nahian edo atseden hartze itxaropenean dauden horiei ez diete bakerik ematen, baina megafoniak tarteka goizaldeko hegaldiak iragartzeko ez dela bozgorailuetatik txintik esango. «Parakalo» –mesedez–, panelei so egoteko.
Eta hemen nago ni, hegazkinean lagun egindako Valentziako bikote baten ondoan. Gizona grezieran B2 mailan mintzatzeko abildadea dauka, nahiz eta emaztea baino maiteago duela dirudien Peloponesoko guda garaitik lanean darabilen troley zaharra. Hilabete barru 16 urteko alaba Floridan DBHko laugarren mailaren baliokidea egitetik etorriko omen da «eta gero, gerokoak». Aurrez bost bider egon dira Grezian, baina ez Salonikan oraindik. Aurten egun batzuek pasako dituzte Grezia iparraldeko hiri honetan, baina ordurako ahaztuta izango ditugu, bakoitzak bere bidea segi behar du-eta.
Aireportua bizirik dago, txikia izanagatik, Salonika bera ere bai. «Kaló Pascha». Bazko jai zoriontsuak!
Ez dago txarto norbere abenturak kontatzeko borondatea duen jendea aurkitzea, nahiz eta ordainetan hegazkinean inoizko bronkarik handiena jaso dugun, altuegi berba egiten dugulako molestatzen omen dugu bi metro inguruko greziar bat, itxura baino ere gizalege eskasagoko morroia. Gizon valentziarrak grezieraz haizea hartzera bidali du azkenean. «Kristau ortodoxoen Aste Santua bizitzera goaz, eta aldrebes bat gora behera, ez du arreta gehiagorik merezi», dio, eta ez du arrazoirik falta.
Saskibaloiaren aitzakian bidaiatzen etortzea ondo dago, are gehiago kirol lehiak direla eta estasian bizi den Bilbo batetik sartu-irtena egin ostean. Baina hurrengo egunetan Salonikako berri eman nahiko nuke. Ez gara Homero –ezta Homer(o) Simpson ere, zorionez–, ez Virgilio ez antzekorik. Ez gara Manu Leguineche edo Kapuscinski, baina Aste Santua eta Pazko Astea bizitzera doan Salonika bera da, bai.
Bera ez bestea; bere buruaren jabe den hiri harroa, onerako eta txarrerako. Eta goizaldeko 4.00ak jotzera doazen arren, aireportuko itxarongela hau garbitu izena egiten datorren morroiak tronpoak egiten jarraitzen du gure belarri ondoan. Aireportua bizirik dago, txikia izanagatik, Salonika bera ere bai. «Kaló Pascha». Bazko jai zoriontsuak!
Eguna argitzen denean hiria ikusiko al dugu.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»





