Palas Athenearen hontz begien islada
Denda berezi bati egindako bisitak inspirazio berri bat sortzen du bidaiariarengan, eta begiratu baten ikusten dena baino askoz gehiago mugitzen dela Salonikan ere bistaratzen du.

–Zein da zure izena?
–Athina (edo halako zerbait)
–Eta errusiarra zara, edo behintzat Errusiako jatorria duzu familian?
–Ez, ez, greziarra naiz. Hemengoa.
Eta orduan? Denda hau guztia, zer dela-eta?
Sorbaldak uzkurtu ditu andreak eta lanari berrekin dio. Goizean goiz jakin-minez etorri den «giri» batekin besterik gabe berriketan aritzeko gogorik ez dauka; ez dirudi, egia esan, emakume honek berriketan denbora larregi galtzeko izaera duenik. Egin behar dena ahal duen neurrian bete, arazorik bada konponbidea bilatu eta listo. Berriketarik ez.
Baina "Athina" izena atera diot. Ez da «Athenea» zentzu hertsian, baina latinez «Athena» izenaz ere ezagutzen dan Greziako mitologiak «gudaren jainkosa» izenaren pean bataiaturiko pertsonaia honi. Homerok, bere «Odisea» liburuan «hontz begiak dituen jainkosa» izenaz definitzen du Palas Athenea eta inor baldin bada Olinpoko jainkoen aurrean Odiseo Laertiada edo Ulisesen defentsa egiten duenik, gerraren jainkosa da. Zeusi men egiten dio honek «bizirik itzultzekotan ere, Odiseo itsasontzirik gabe, eskifaia guztia guztia hilda, txakur txiki bat ez patrikan eta eskalekoaren moduan iritsiko dela Itakara. Palas Atheneak ez du atzerantz egiten. Troiako gerran egindako merituengatik etxera, Penelope emaztea eta Telemako semearekin itzultzeko saria merezi duela.
Nolanahi, emakume honen izena Athina da, eta ez da «zilegizko guden» jainkosa, dendaria baino. Bezperan ikonoak herritarrei begira laga bagenituen, zer esango ote dute denda honetako ikonoek? Kamiseta beltz bat, aurpegi irribarretsu batekin, kasko eta guzti. «Joño! Yuri Gagarin!», diot, dendatxora sartzeko aitzakia aurkitu dudalako pozik. Gero ikusiko dudana ez da eskasagoa. Matrioshka baten kanpoko irudia, baina «Matriona» –familia buru den emakume errespetagarria– eta «Babushka» –amonatxo maitagarria– berbak nahasita ateratzen den irudia ez da emakume batena... «Joño! Lenin berbera da barren!», diot, ezustekoari ezin buelta emanda.
Leninen ondoan, txikitxoago, Stalin, hain justu, eta Sobiet Batasunari loturiko pertsonaia gehiago ondoan, gero eta txikiago. Bandera gorri bat, zabaldu gabe, dago, gelaren ondoan, grafia zirilikoa eta greziarra nahasten diren hainbat liburu, liburuxka, hiztegi eta abarren artean. Alde batetik igitaia eta mailua eta CCCP mitikoa –SSSR, grafia latinoari so eginez gero–, eta buelta emanez gero, bi buruko arranoa, Europarantz eta Asiarantz begira jarraitzen duen Errusia handi hura.
Argazki pare bat ateratzeko baimena eskatzen diot Athinari eta baietz dio, baina badaezpada Gagarinen kamisetari so geratzen naiz. Ez da nire neurrikoa, ezta antzik ere. «Ez daukat neurri handiagokorik». Handitxoagoak baditu beste serigrafia batzuekin, baina elurra baino zuriagoak dira eta nahi baino errazago zikinduko ote ditudan...
«Hauxe!», diosta Athinak. Probatzen badut, eramateko dela badakit. Ez da nire neurrikoa erabat, baina moldatuko gara. Asteazkena hurbiltzen ari da eta Bilbao Basketek bere zaleei beltzez joateko eskatu die azken norgehiagoketan. Ni kazetaria naiz, ez «beltzezko gizonen» forofoa, baina etxetik urrun daudela, zorte apur batekin FIBA Europe Cupeko finala irabazi dezaketenez, gure animoak jaso ditzatela. Eta horretarako ez dago kamiseta beltz bat janztea baino. Ez da Yuri Gagarin, ez da bi burudun arranoa, ez Lenin, ezta Stalin ere. Palas Athenearen hontz begiek inspiratu gaituzte, nonbait.
Cucurrucucu, Paloma!
Athinaren denda leku txikia da eta Aste Santuan gaudela, Greziak leku lasaia dirudi, baina Kyriákos Mitsotákis Lehen Ministroaren gobernu atzerakoiak greba egun eta manifestazio ezberdinak bizi izan ditu duela zortzi egun. Lehen Ministroak duela gutxi %35 igo du gutxieneko soldata, baina hilero 880 eurorekin bizi beharraz ari gara berbetan, Grezia oraindik ere Europako Banku Zentralari 7.000 milioi euroko mailegua itzultzen ari zaiolarik. Sindikatu ezberdinek adierazi dutenaren arabera, 2011ko bizi baldintzetara oraindik ez da iritsi Grezia eta Europar Batasuneko herrien artean, erosteko ahalmen eskasena duen herrialdea da, Bulgariaren aurretik bakarrik.
Salonika ere ez dago geldirik egoteko. NATOk bere gerra ontziekin maniobrak egiteko Salonikako portua darabil eta joan den otsailean horren aurkako manifestazio jendetsua izan zen hiriko kaleetan. «Salonikako portua herriarena da eta ez inperialistena», leloarekin. Grezia NATOtik ateratzeko ere exijitu zuten manifestazioan parte hartu zuten herritarrek. «Amaitu da inperialismoari men egiteko sasoia!»
Txikiak dira, gutxi dira eta hiritarren artean duten lekua poliziak egurtzen dituenean bakarrik iristen da oihartzunik izatera. Gurean ere badakigu halako kontuekin aurrera egiten. Baina era berean, gogoratu Palas Athenea zilegizko gerren jainkosa dela, greziar mitologian –"Minerva", erromatarrenean–, eta iritsiko direla olatu berriak eta haziko direla gaurko helduen haurrak eta hauek ere batuko direla indarrez bultza egitera.
Palas Athenea katemea
«Ez dago Salonikan besteko kale-katurik» diosku, bestalde, hiriaren gida egiten duen morroiak. «Ezetz bisitak irauten duen denboran ikusten dituzuen kale-katu guztiak zenbatu!», haren desafioa. Arrazoia baino ezin eman, lau pausotik birritan jaberik gabeko katuren batekin topo egitea normaldu baitugu azkenerako.
Baina katakume batekin topo egitea ez da hain normala, eta hori ere ikusi genuen. Ia entzuten ere ez zen marraka ahula, eta pausoak oraindik berme handirik gabe emanez. «Bai polita!», diogu guztiok eta umetxo bat, umeek ohi duten naturaltasunez, eskuaz laztandu nahiko luke.
Baita zera ere! Ama azaldu da eta akabo bromak. Gorputza harrotu, marraka gogortu, hortzak erakutsi eta erpeak ere gertu behar baino gehiago hurbiltzen denari zertan dabilen galdetzeko. Umea, bi hankakoa, atzerantz, amak euskara ez den beste hizkuntza baten «kontuz!» esan eta gero. Baina katemea ez dago lasai. Katakumearen urratsak jarraitzen ditu gertutik, eta ay, beste katurik hurbilduz gero, ama ez dago-eta ipuinetarako.
Eta zer esango dut nik, ba, jokabide horrek lasaitu egiten nau, kale-katu izateak ez baitu uneoro esan nahi bertan behera lagatakoa esan nahi. Gizarteak ere bere anaia-arrenak eta seme-alabak erabakitasun eta kontu horrekin zainduko balitu, agian ez genuke ezta Palas Athenearen hontz begien islarik beharko gure benetan zilegizko ditugun gerrak zeintzuk diren jakiteko.
P.D: -Kristo Anesti! «Kristo piztu da!»
-Alizos Anesti! «Aleluya, piztu da!»
Aberri Egun zoriontsua denontzat!

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

El comité de Aroztegia denuncia que la empresa ha frustrado los intentos de acuerdo

Indar Gorri denuncia una multa de 60.000 euros por un tuit que la justicia no consideró delito

Alertan de un intento de desalojo en Amurrio por parte de Ama Desokupa
