Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Hona Jainkoaren bildotsa, burruntzian erreta

Larunbat gaua luzatu ostean, Berpizkunde Igandea nagi esnatu da Salonikan. Hiria ohi baino lasaiago dabil, baina Aste Santua arkumea janez errematatzeko prestatzen ari da. Zoriontsuak mahai horretara deituak!

Aste Santu igandeko bildotsa, kale erdian, burruntzian erretzen.
Aste Santu igandeko bildotsa, kale erdian, burruntzian erretzen. (A. G.)

Salonikatik besarkada bidaltzen diodan lankide ohi batek esandakoa da «Kristau Ikasbidetik gogoan dudan bakarra mandamendu hau da: "Jai egunak jai egingo dituzu"». Beste hizkuntza batzuekin neurtuz gero, euskara kasu honetan garaile ateratzen da. Ba al dago jai egunak jai egitea baino gauza hoberik?

Salonikan ez dut euskararik aditu oraingoz –tira, alde zaharra erakusten jardun zuen gidak «Milesker» esanda agurtu ninduen, Itziar izeneko lagun euskaldun bat zuela argitu ostean–, baina jai eguna jai egitea zer den ikusi dut. Larunbat gaua parrandarekin amaitzen da, «behar duen moduan», esan genezake, behin gauerdi inguruan berpizkundea jazo dela egiaztatu eta abade katoliko zein pope ortodoxoen bedeinkazioa jaso eta gero. Azken hauetako baten egotea hautatu nuen, eta eliza kokoteraino beteta egoteaz gain, eliza atarian ere jendetza bildu zen, bozgorailuetatik popeen kantu eta errezoak entzuten. Kandela piztuak eskuetan, balkoietan ere, orain bai jaiko arropaz jantzia, Berri Ona entzun eta jasotzeko gertu da.

-Kristo Anesti! «Kristo piztu da!»

-Alizos Anesti! «Aleluya, piztu da!»

Formula hau garagardo bat hartzera sartuta ere errepikatzen da, eta «giriak» –ez da alferrik kristauak identifikatzeko «giristino» hitzaren laburdura– bertokoekin errazago sozializatzeko zalantzarik gabe hasi gara erabiltzen. Jai egunean jai egiten ari gara, hamar mandamentuetako bat baita.

Muxuak, besarkadak, barre algarak

Muxuak, besarkadak, barre algarak, istant batean betiko lagun bihurtzen diren ezezagunak agurtzea gauza handia da gero! Parranda horren ostean hasten da, zeinetan laguntasuna muturreraino eraman ohi den. Badakizue zer diodan... Zentzu horretan, besarkada bat Markus, hosteleko turista suediarrari, "Irish Pub"-eko komunetik bueltan –Olinpo mendia baino malkartsuagoa, iluna eta eskailera oso estuekin– orkatila bidean laga baitu. Bihurritua baino gehiago omen du, antza denez.

Gauza txar bakarra, suziriak eta petardoak nonahi hasten direla. Hosteleko harrerakoak dioenez, Panorama –«Panórama», dio berak, esdrujula eginez– auzoan botatzen dituzten suziri eta petardoak ezagunak dira. Hemen ere une batez sua belaun pareraino igo da, tarte labur baten izan bada ere.

Larunbat gaua luzatu da eta nagi jaio da igandea. Garraio publikoa hainbestean dabil, baina hemengo trafikoaz batere fidatzen ez garenok atseden apur bat har dezakegu Aste Santuko igande goiz honetan. Goizean ez daukat beste planik PAOK Salonikaren pabiloia non dagoen ikusi baino. Aireportura bidean da: taxian ordu laurden batera, garraio publikoan, ia 50 minutu ingurura erdialdetik.

Musika eta kea

Bueltarakoan musikak eta keak asaldatu nau. Kea bada sua ere bada, baina beldurtuta edo urduri ez dago inor, eta musikaren erritmoan emakumeak eta haurrak, seme-alabak, itxura baten, dantzan ari dira. Kea eta sua, berriz, gizon helduek kontrolatzen dute, besaulki banatan erdi etzanda eta garagardo bana eskuetan.

Etxeko terrazak itxitura bat balu... baina ezta batere! Kalean, «asfaltozko ohianaren» ondoan, arkumea burruntzian ari dira erretzen. Esan ziguten, bai, Aste Santuko Berpizkunde Igandean arkumea jatea ohitura dela hemen. «Hona Jainkoaren bildotsa. Zorionekoak mahai hontara deituak», dio jaunartzeari ekin aurreko errezoak. Ba burruntzian erretzen ari den arkume horrek, burua bertan duela –gure ama zenak tigrea bailitzan jauzi egingo zukeen buru hori jateko, ezin sinetsi zenbat gustatzen zitzaion–, munduko bekatuak kentzeko itxura dauka. Ezin argazkirik atera gabe utzi.

«Garizumako berrogeialdian ez dugu haragirik batere jaten. Baina gaur festa eguna da, eta ohituraz arkumea erretzen dugu», diosta «kozinatzen» ari den gizonetako batek. Garagardo bat hartzera gonbidatu nau, baina ezetz esan diot –bezperan kupoa nahikotxo bete dudalakoan nago–; tamalez, ez nau arkumea probatzera gonbidatu. Kasu horretan, gizalegea eta moral kristauak bat egingo lukete: «Esazu hitz bat eta sendatuko naiz». Ikuspuntu laikoago batetik, Goscinny eta Uderzoren istorioen zaleek ongi dakite abenturarik politenak oturuntza on batekin amaitzen direla.

Bakarrik bere kautan dabilen turistarentzat ez da kanpoan bazkaltzeko egunik onena. Jatetxe askok gauera arte ateak itxi dituzte eta zabalik dauden apurrek, zuzeneko musika lagun dutela, mahaiak aurrez hartzeko eskatzen dute, edo gutxienez hiruzpalau pertsonak bete dezatela mahaia, azken ordukoren bat baletor. Konponduko gara. Hori bai, penatan konpondu behar, inprobisaturiko arkume oturuntzaz gain garesti itxurako jatetxe baten ere arkumea burruntzian ari direlako erretzen. Zoriontsuak mahai horretara deituak!

Igandea astiro doa aurrera eta Bilbao Basketeko espedizioa martitzen arratsaldean iritsiko da Salonikako aireportura. Dietario txiki honi beste egun bat geratzen zaio, kirolek lekua berreskuratu aurretik. Museoak, auzo bereziak, Aristoteles plaza eta delakoek gida turistikoak betetzen dituzte. Inurritxo baten moduan, ni ere hortik ibiliko naiz.