Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

«Inor ere ez da etxerik gabe geratuko, Salonikak bizirik diraueino»

Orotara 24 ordu eskas daramatzagu Salonikan eta «etxean bezala» gaudenik esatea ez da egia...

Zilarrezko Dorrea eta terrazak Salonikan.
Zilarrezko Dorrea eta terrazak Salonikan. (A.G.)

Ez gaude etxean, hain zuzen ere etxean ez egotea izan baita hona etortzeko arrazoietako bat. Bidaian zabiltzala norbere etxea izatea baino, «etxe» deitzen diogun norabait joan ahal izatea gauza handia dela ohartzen gara, egunerokotasunean zinez duen garrantzia ur tantak itsasoan bezala galtzen delako.

Baina egia da Salonikak nahita bertara etorrita bezala, ezinbestean ihesean joan diren makina bati etxea eta babesa eskaini diela. «Inor ere ez da etxerik gabe geratuko, Salonikak bizirik diraueino» ez da bakarrik titular itxuroso bat, bertako Zilarrezko Dorrean –hiriaren monumentu esanguratsuenetako bat– irakurri litekeen idatzia baino.

Eta ez da norbere burua saltzeko turismo agentzia batek asmaturiko leloa, baizik eta historian zehar frogatu den baieztapena baino. Kristau katoliko eta ortodoxoak, juduak eta musulmanak –eta abar– nolabaiteko «harmonian» bizi izan dira, nahiz eta Mediterraneo itsasoaren isuri hau «harmonia» hitzarekin lotzea askotxo izan daitekeen.

San Paulo apostolua bera ere basoko kobazulo batean ezkutatu behar izan zen juduek garbituko ez bazuten. Ez zuten harrapatu «Saulo, jentilen apostolua» eta «mirari» horren omenez, San Paulo izena daraman eliza eraiki zuten hiriaren kanpoaldeko basoan. Aurrez 100 eliza handitik gora –eta zenbatu ezin besteko elizatxoak– dituen hiri batek, ez zuen besterik behar, noski!

Santuak gerorako lagata, etxerik gabe gelditzea ez da ezinezkoa Salonikan bertan ere. Aspaldi pasa zen 1917ko abuztuaren 5a. Sukaldean ari ziren etxe baten su txiki bat piztea nahikoa izan zen orotara 9.500 etxek su hartu eta 70.000 lagunetik gora etxerik gabe lagatzeko. Beroa, hego haizea gogor, eta hirian urik ez! Nola baina?

Lehenengo Mundu Gerratean 26.000 soldadu hil ziren Salonikan, herrialde guztietako lagunak. Ehunka mila soldaduko fronteak ura ere behar zuen …gogoratu Lehenengo Mundu Gerratean oraindik uniformerik gabeko hiritarrak ez zirela armaden jomuga, 1936ko gerraren ostean ez bezala– eta hiriko ur zerbitzuen hirutik bi frontea elikatzera bideratu ziren. «30 ordutik gorako infernua» ezagutu zuen herriak, garaiko kronikek diotenez, sua nolabait itzali zen arte.

Hiriaren alde zaharra –«Upper town» deritzona– ere sua zabaltzeko leku aproposa dela ikus liteke. Kale estuak, sua erraz hartzen duten materialarekin egindakoa... horri garaiko zerbitzuak hala-moduzkoak izatea gehitu eta Lehenengo Mundu Gerratearen testuingurua jar diezaiogun errematerako...

Hiriaren alde zaharra –«Upper town» deritzona– ere sua zabaltzeko leku aproposa dela ikus liteke

Baina Salonikak etxe izaten jarraitzen du, bertan sortu direnentzat eta kanpotik datozenentzat. Hiriaren gida egiten digun morroiak tarteka auzokoren baten bisita jasotzen du eta lau berba egiteko mozten du kontaketa, Pazko Jai zoriontsua opatu eta kontaketarekin jarraitzeko.

«Guk ez ditugu ikusten, baina etxeko leiho eta balkoietatik denok gauzkate kontrolpean», diosku. «Kuxkuxean aritzea hemengo ‘kirol nazionala’ da». «Hemen ere bai?», galdetzen dut nire artean. Agian zahartzen ari naizelako izango da, baina bizilagunak atarian berriketan eta kuxkuxean ikusteak askoz gehiago pozten nau etorbide luze eta zabal baten auskalo nora lasterka bizian inorekin geratu gabe ikusteak baino.  

Larruzko «txupa» eta kandela

«Eta zu, katolikoa, ortodoxoa... zer zara?» diosta hosteleko harrerako emakume gazteak. Nahi bai nirekin ligatu guran balebil, baina ez, ostiral gaueko «Epitafioaren Prozesioari» buruz ari zait.

Zer uste zenuten, Euskal Herrian eta Espainian bakarrik daudela Aste Santuko prozesioak? Hiritarren debozioa neurtzeko gailua etxean laga dudanez, ez dakit zenbateraino den herriak hala sentitzen duelako, zenbateraino ohiturazkoa eta zenbateraino modako zeozer, eliza ortodoxoaren popeak, Salonikako Koru Filarmonikoa (sic) eta telebistako zuzeneko emanaldiak (sic) Ostiral Santu gauean presente direlako.

Arratsaldeko 19.00ak aldera hasten da kontua, elizetan. Ohiko elizkizunetatik apartekoak dira Ostiral Santukoak, Jesus gurutzean iltzatuta azken hatsa eman berri da eta piztuera iritsi bitartean agur egiten ari zaio herria... Abadeak letania moduko batzuek errezatzen ditu eta herriak hilotzari kandela piztuak eskaintzen dizkio muxu emateaz gain.

Jendea tabernetako terrazetan kafea edo bestelako tragoren bat hartzen ari dela, abadearen letania ederki asko entzun lezake bozgorailuetatik hurbil paratuz gero

Horrek ez luke beste munduko berezitasunik izango, bozgorailuek kalerantz emango ez balute, eliza batzuetan, bederen. Jendea tabernetako terrazetan kafea –ederra gero!– edo bestelako tragoren bat –alkoholdun edariren bat ere berdin berdin– hartzen ari dela, abadearen letania ederki asko entzun lezake bozgorailuetatik hurbil paratuz gero. Neurri baten meskitara errezora joateko minaretetik deika ari den muezzin edo almuedanoa gogorarazten du, giroa horren formala ez bada ere, hasiera baten.

Hasiera baten, prozesioa hasten deneraino. Ez dugu hemen bere burua zigortzen eta negar plantak egiten ari den martiririk ikusiko. Hemen ez dago Ama Birjinari polita eta ederra esaten inor ikusiko. Xabier Azkoitia teologoak gogorarazten du eliza ortodoxoetako ikonoek norbera ikusten dutela, ez norberak ikonoak. Ondorioz, balizko debozioa erakutsi beharrik ez dago, ikonoek badakusate-eta ordurako.

Prozesioan jendea ondo jantzita doa, bai, baina ez nabarmen. Motoa aparkatu eta kandela eskuan duela larruzko «txupa» aldean daraman «Infernuko Aingeru» tankerako morroia ere hantxe dago, lorez apainduriko «Epitafio» bat pasatzen den unean Aitaren eginaz.

Epitafio prozesioa Salonikan. (A.G.)

Mundua bildu da bera ikusteko. Esan bezala, bozgorailuetatik Salonikako Koro Filarmonikoa kantuan ari da –zapatu gauera arte, ez da abesti alairik izango, Eliza doluminez delako– epitafioak bildu eta popeen errezoa hasten den arte.

Telebista kamerek zuzenean erakusten dute prozesioa eta terrazetan afaltzen ari den jendeak mokadua, tragoa eta errezoa tartekatzen ditu, gorputza eta izpiritua gosez hilko ez badira.

«Bijilia, haragi-uztea» dela dio Arantzazuko Amaren Egutegiak Ostiral Santuagatik, baina «giroak» –turkiarren «doner kebab» horien ispilua, baina daudela bakean behingoagatik turkiarrak eta greziarrak– nagusi dira.

Errezoa kanpotik entzuten da, baina barrurako da. Prozesioa bera ekitaldi soziala da, baina barrura begiratzen du ere, afariak bezala. Zentzu horretan, harrerako neskaren galdera hobeto ulertzen da. Aste Santua ez da norbere burua besteren aurrean definitzeko ospatzen. Esan bezala, ikonoek badakite nor eta zer garen, leihoetatik behatu gaituzten bizilagunek bezala. Ikonoek ere kuxkuxean egingo al dute gero?