Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Biderik laburrenetik aurrerantz goaz

Hau amaitzen ari da. Salonika eguneroko martxa berreskuratzen ari da eta martitzen arratsaldeko 18.10 bueltan –ordubete atzerago Euskal Herrian baino– Surne Bilbao Basketen espedizioa, jokalariak, entrenatzaileak, zaleak, zenbait kazetari... Mazedonia Nazioarteko Aireportuan izango dira...

Arabella taberna-itsasontzia.
Arabella taberna-itsasontzia. (@Arabellaship)

...Eta gauzak ondo, hantxe egongo gara harrera egin, argazkiren bat atera, azken orduko adierazpenak entzun eta asteazkeneko demara begira zorte ona opatzeko.

Aireportuan hasitako bidea, hantxe amaituko da dietario txiki honentzat ere, Kirolek hartuko dutelako berriro lehentasuna. Nolanahi, esperientzia labur honek oroitzapen politak lagako ditu nigan, eta irakurleei ere atsegin suertatzen bazaie, are hobeto.

Bidean aireportuko garbitzaileak, katuak eta katakumeak, popeak, fededunak, harrerako langileak, hiriko historiaren gidak –bouzouki jole aparta eta «rebetiko» kantari dotorea dela ahaztu gabe, hiriko droga eta marginalitate istorioak jasotzen zituen musika estilo klandestinoa izatetik, gazteen eta egungo Grezian ikusten dutenarekin konforme ez dauden horien aldarrikapen instrumentu bihurtu arte–, turista despistatuak, parrandazaleak, turista ez garela pentsatzen dugun turistak, kuxkuxeroak eta arkumea kozinatzen duten pertsonaiak izan ditugu, bestak beste.

Suziriak, Egeo itsasoaren presentzia, Palas Athenearen begiak, Athinaren denda txikia eta oso bizirik dagoen herri baten pultsua, turistoz harago, azaldu dira hemen. Denontzat izan da lekua eta etxera bidean ere nirekin etorriko dira, poltsikoren baten ez bada, bestean leku eginda.

Bide luze baten lehen urratsa

Nolanahi, bide oso luze baten aurreneko urratsa baino ez da izan hau. Ez naiz karrera profesionalari buruz ari, baizik eta norbere buruaren ezagutzari buruz. ‘El camino más corto’ liburuan ageri den moduan, Manu Leguineche handiak urtebete baino gehiago pasa behar izan zuen auto zahar batekin eta beste kazetari batzuen laguntzaz munduari bira ematen bere burua ezagutzen hasteko. Eta huraxe izan zuen biderik motzena! Espia zelakoan atxilotu zuten, Katxemirako borroka armatua lehertu zenean, Gizako Esfingearen magalean egin zuen lo, tigrearen ehizan joan zen Indian eta Afganistanen kantari izateko eskaintza ere jaso zuen Arratzuko kazetariak! Dalai Lamaren erretratu nahiko desmitifikatzailea ere egin zuen eta Tailandian, berriz, auskalo zenbat gaitzen pilulak saldu zituen, herriz herri, jango bazuen, kazetari lanarekin irabazten zuen diru apurra oso nekez iristen baitzen postetxera. Baina bere burua ezagutu ahal izan zuen, bederen.

Juan Bautista «Batxi» Bilbaok itsas merkataritzan lan egin zuen, Ramon De la Sotaren flotan, XX. mendeko aurreneko hamarkadetan, harik eta 1916ko urtarrilaren 16an, I. Mundu Gerratearen erdian, alemaniarrek jarritako itsas mina batek Atlantikoan ehortzi betiko ehortzi zuen arte. Kazetaritzaren historiako aurreneko euskal kronistatzat jotzen da hain zuzen Arratzun –Leguineche bezala– 1887ko irailren 7an jaiotako gizion hau. Koldo Izagirrek bildumaturiko «Hau mundu arrano hau!» liburua ezagutzen ez duenak, faborez, bilatu dezala. Bi urte inguruko kontaketetan hainbat abentura kontatzen ditu: alemaniar espia zelakoan atxilotu zutenekoa, Errumaniako langile sozialisten aurkako poliziaren errepresio bortitza –ez zen, Bilbo, ezkertiarren oso laguna, nolanahi–, Euskal Herriarekiko zuen harrotasuna, «mundutar» izaera albo batera laga gabe –Evaristo Bustinza ‘Kirikiño’-ren lagun handia zen–, I. Mundu Gerratearen itzal gero eta ilunagoa... Zenbat istorio ez ote zeuzkan kontatzeko hil zenean!

Kapuscinskik, bestalde, zinikoak ezin duela kazetari ona izan dio, pertsona zintzoa behar duela hasteko, eta Mundua begiak zabal-zabalik ikusi behar duela. Objektiboa, bai; neutroa, ez. Zintzoa, batik bat, istorioa osatuko duten xehetasun eta pertsona horiekin.

Nor naiz ni izen handi horien ondoan? Dena eta gehiago daukagu ikasteko, dena eta gehiago ikustea falta zaigulako, darabiltzagun erreferentziak gora behera. Alexander Handiak Tiro eta Gaza konkistatu zituen 33 urte zituela, eta ostean, zer konkistatu gehiago ez zegoelako, negar egin omen zuen –egin jaramon Hans Gruber izeneko billau ezin-hobe horri «La Jungla de Cristal» enegarrenez ikusten duzuenean–. Guk gure burua gobernatzen badugu nahikoa lan, eta hauxe da biderik laburrena erabateko ezjakintasun ilunenetik argi printza batzuek aurkitu ahal izateko borrokan.



«Arabella Cruise Bar» delakotik esaten dizuet agur. Jack Sparrow pirataz mozorroturiko morroi batek esan digu pasatzeko, eta Salonikako itsasertzetik 30 minutuko bidaiatxo bat egiten ari gara, eguneko azken eguzki argiekin batera. Hobe horrela agurtzea «gaizki esanak barkatu eta ongi esanak kontuan hartu» betiko esakunea erabilita baino.

Azken baten, itsaso zabalean osteratxo bat egiten duen taberna bat baino ez da Arabella, baina itsasoaren iluntasuna hiriko argiekin nahasten delarik, Xabier Leteren «Habanera» datorkigu burura agur esateko. «Jaio ginen, bizi gera / ez dugu ezer eskatzen / itsasontzia astiro / kaiatik ari da urruntzen. / Antillak zintzilik daude / argazkien paretetan / karta bat idatziko dut / norbaitek erantzun dezan».