
Donostiako Udalak dei egiten dio Lakuako Gobernuari «turismo-tasa ezartzea ahalbidetako duen arau-esparrua berehalakoan ezartzea». Horrela agertzen da bozeramaileen batzordean EH Bilduk aurkeztu zuen eta onartu den adierazpenean.
EH Bildurekin batera, EAJk eta Elkarrekin Donostiak adierazpenaren alde bozkatu dute, PPk aurka eta PSE abstenitu egin da.
Onarturiko adierazpenean, arau-esparru horrek turismo-tasa udalek kudeatuko dutela gaineratzen da eta udal bakoitzari «hura ezartzeko eta lortutako diru-sarreren xedea zehazteko, beharren eta lehentasunen arabera» aukera ematea eskatzen da.
Adierazpenean gogoratzen denez, turismoa Donostiako barne produktu gordinaren %13,9 da eta 15.000 lanpostu sortzen ditu. «Hala ere, lau donostiarretik hiruk ez dute sentitzen bere bizi-kalitatea hobetu denik turismoa dela eta», gaineratzen du.
«Itzulera soziala bermatzea»
«Turismoa lehen mailako jarduera sozioekonomikoa da, eta, beraz, herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen lagun dezake. Baina, horretarako, ezinbestekoa da turismo-jardueraren itzulera soziala bermatzea, eta, alde horretatik, turismo-tasa da tresnarik ezagunena. Horretan ari dira aspalditik Europako hainbat herrialde eta hiri. Adibide eta erreferentzia ugari daude, baita hemen ere, Donostian, 1931rako ‘impuesto muncipal de turismo’ deiturikoa aplikatzen baitzen», gogoratzen du adierazpenak.
«Turismo-tasa, bidaiariak helmuga turistiko jakin batzuetan ostatu hartzean ordaindu behar duen zerga da. Donostiara datorren turistak, bere egonaldian, donostiarrok gure egunerokoan erabiltzen ditugun baliabide eta zerbitzuez baliatzen da, hala nola garraio publikoaz, garbiketaz edo hiri-mantentzeaz. Horrek, udalerriari gastu erantsia dakarkio jakina. Beraz, bildutako dirua higadura edo inpaktu hori arintzeko erabiliko balitz, turismo-tasak turismoaren itzulera soziala laguntzen duela esan genezake», azpimarratzen du ere.
«Donostiako Udalak behin baino gehiagotan adierazi du tasa turistiko bat ezartzeko beharra. Hala ere, ezinbestekoa da haren diseinuak eta ezarpenak ekitate- eta eraginkortasun-irizpideei erantzutea, sortutako baliabideak tasa hori biltzen den udalerrietan zuzenean itzuliko direla bermatuz. Hau da, turismo-tasak izaera progresiboa izan behar du, ezin baita berdina izan kanpin batean edo bost izarreko hotel batean ostatu hartzen duenarentzat. Gainera, karga finalista izan beharko luke, turismo-jarduerak udaleko diru-kutxan sortzen duen inpaktua arintzera bideratutakoa. Azkenik, turismo-tasak tokiko kudeaketa izan behar du, horrek aukera ematen baitu gure hiriaren behar eta erronka espezifikoei zuzenean erantzuteko», aldarrikatzen du adierazpenak.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Pasai Antxo ve la luz al final del túnel con el derribo del viaducto que divide el pueblo

Alertan de un intento de desalojo en Amurrio por parte de Ama Desokupa

Decenas de grupos, varios de ellos vascos, rompen con el Viña Rock tras su compra por sionistas
