NAIZ

Europako Batasunean inoiz kaltetu gehien eragin duen itzalaldia izan zen astelehenekoa

60 milioi kaltetu eragin zituen asteleheneko itzalaldiak. Europako Batasunean gisa honetako gertakaririk larriena da, kaltetu gehien eragin dituena. EBtik gertu, Turkian 2015ean 76 miloi kaltetu izan ziren beste itzalaldi batean.

Santiagoko Obradoiro plaza, ilunpean.
Santiagoko Obradoiro plaza, ilunpean. (AGOSTIME | EUROPA PRESS)

Euskal Herrian, Estatu espainolean, Portugalen, Andorran eta Estatu frantseseko hainbat tokitan izan zen itzalaldia Europako Batasunean (EB) kaltetu gehien eragin duena da. Orotara, 60 milioi lagunek jasan zuten elektrizitatearen etenaldia.

Arlo energetikoan azken bi hamarkadetan izan den gertakaririk larriena izan dela nabarmendu du Dan Jorgensen Energiako komisario europarrak.

Italian, 56 miloi 2003an

Orain arte, Europako Batasunean izandako itzalaldi larriena 2003ko irailaren 28an jazo zen Italian eta 56 milioi lagun kaltetu zituen. Itzalaldi honen jatorria Suitzan izandako tensio altuko linearen arazo bat izan zen eta 12 orduz argindarrik gabe geratu ziren Italiako hainbat eskualdetan. Besta batzuetan, berriz, 24 orduz luzatu zen itzalaldia. Trenbide bidez garroia eten egin zen, trafikoan kolapsoa eragin zuen eta ospitaleetan ere arazoak izan ziren.

Hiru urte beranduago, 2006ko irailaren 4tik 5era, Europa erdialdean izandako itzalaldiak 15 milioi laguni eragin zien. Alemania, Estatu frantsesa, Italia, Estatu espainola, Portugal, Belgika, Austria eta Kroaziak jasan zituzten ondorioak.

Toki batzuetan 30 minutu iraun zuen argindarraren etenaldiak, baina beste batzuetan hainbat ordu izan ziren hornidurarik gabe. Alemaniako E.On operadoreak izan zuen akats bat izan zen itzalaldiaren jatorria.

Azken gertakari honen ondoren, Europako Batasunak eta Europako Elektrizitatea Garraiatzeko Sareen Kudeatzeaileen Sareak (Entso-E) mugaz gaindiko sare elektrikoen arteko koordinazioa hobetzeko arauak indartu zituzten.

Europako Batasunean izandako beste itzalaldi larria 2013koa izan zen. Haizeteek argindarrik gabe utzi zituzten 1,2 milioi lagun Britainia Handian, Estatu frantsesean, Danimarkan, Suedian eta Estonian. 2003an, berriz, sarean izandako arazo batek bost milioi lagun utzi zituen argindarrik gabe Danimarkan eta Suedian.

1999an orduko ia 250 kilometrora heldu ziren haizeteek 3,4 miloi pertsona hornidurarik gabe utzi zituzten Estatu frantsesean.

Turkian eta Britainia Handian

Europako Batasunetik kanpo baina gertu, 2015ean Turkian izandako itzalaldiak 76 milioi lagun kaltetu zituen. Garraio-linea gainkargaturik zen eta bederatzi orduz hornidura eten zen.

Britainia Handian, 2019an ekaitz elektriko batek argindarrik gabe utzi zituen miloi bat lagun 45 minutuz.

1987an, berriz, beste ekaitz batek milaka lagunen hornidura eten zuen 24 orduz.