«Pozik gaude baina ez genuen behar ANk berrestea, argi geneukan Iratxe torturatua izan zela»
Iratxe Sorzabal absolbitu eta ordu batzuetara NAIZ Irratian izan dira Aiert Larrarte Sorzabalen abokatua eta Imanol Arzuaga Iratxeren Lagunak taldeko kidea. Biek ala biek positiboki baloratu dute Auzitegi Nazionalak, inoiz ez bezala, torturak onartu dituelako.

«Pozik gaude baina ez genuen behar ANk berrestea, argi geneukan Iratxe torturatua izan zela»

Espainiar Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabalek Guardia Zibilaren eskuetan zegoela elektrodoekin torturatua izan zela onartzea pozgarria da Aiert Larrarte Sorzabalen abokatuarentzat eta Imanol Arzuaga Iratxeren Lagunak taldeko kidearentzat.
Hala adierazi dute absoluzio epaiaren biharamunean NAIZ Irratiko uhinetan. Egin dizkieten elkarrizketetan, Larrartek gaineratu du pozik daudela «ez bakarrik absoluzioagatik, epaia adierazi den terminoengatik ere bai». Beretzat «hori izan da sorpresarik handiena».
Imanol Arzuagaren hitzetan, «ez dut uste abokatuak edo Iratxek horrelako epai bat espero zutenik», bere aurreikuspenen arabera arrazoi «tekniko» edo «akats» batengatik absolbituko zutela uste zuen. Dena den, «guk ez genuen behar Auzitegi Nazionalak hori berrestea», zehaztu du taldearen izenean, «oso argi genuen torturatua izan zela, baina oso ondo dago aitortza hori eman izana».
Abokatuak azaldu duenez, bide bat baino gehiago zituen Auzitegiak absoluzioa emateko, beraz, torturatua izan zenaren argudioari heltzea ere «harrigarria» iruditzen zaio. Hala ere, zehaztu du Fernando Andreu izan dela epailea, instrukzioko fasean ere tortura jasan duten auzipetuekin harremana izan duen jujea. Beraz, «horren ondorio ere bada» horrelako epai bat ematea.
Sentzentzia emanda badago ere, Fiskaltza oraindik helegitea aurkezteko garaiz dagoela ohartarazi du abokatuak, baina «gainontzeko kasuetan ez dauzkagun froga fisiko, psikologiko eta periferikoen» garrantzia azpimarratu du.
Auzitegi Nazionalean eraginik ez
Larrartek ez du uste sententzia honekin torturen aitorpenarekiko egungo egoera aldatzen hasiko denik, «ez daukat elementurik hori pentsatzeko». Gainera, argi dauka Auzitegi Nazionaleko beste kausa batzuetan epai hau kaleratu izanak ez duela inolako eraginik izango.
Bat etorri da horrekin Imanol Arzuaga; Iratxe Sorzabalen amarekin hitz egiteko aukera izan du eta, elkarrizketan jakinarazi duenez, ama «pozik» agertu da erabaki honekin eta alabaren deiaren zain geratu zen epaiaren berri izan zuenean.
Iratxe Sorzabalen berri ere izan du lagun baten bitartez. Esan duenez, «oso pozik» dago aitortza hori jaso duelako, baina urduri ere bai, hemendik aurrera hurrengo pausoak zeintzuk izango diren jakiteko zain.

Txosnen eredua arriskuan dagoela ohartarazi dute: «Ez gara enpresa bat»

Zea Maysek Kortaturen ‘Hay algo aquí que va mal’ abestiaren bertsioa osatu du

El Partido Carlista considera probado que «Juan Carlos tiene las manos manchadas de sangre»
Elkartasunak epaiketaren hotza goxatu du Baztanen
